Sokatirea Bizkaian

Erabiltzailearen aurpegia Egoitz Campo 2026-03-05 08:58   Antxinakoak Geurera

Kirol nahiko ezaguna da gurean. 

Laukizeko Gaztediko neskak. | Ikusi handiago | Argazki originala

Duda barik, ezin dogu alderatu futbola edo saskibaloia lako kirolakaz baina gure herri kirolak beste askoren parean dagoz. Gure herrialdean Euskal Herriko sokatira talderik garrantzitsuenen artean dagoz Goierri edota Gaztedi eta gaur egun harrobi nahiko ona dago gure artean.

Horrezaz gan, ezin dogu ahaztu euskal selekzinoa TWIF Munduko Sokatira Federakundeko kide dala 2014tik eta, beraz, euskal sokatiralariek Euskal Herria ordezkatu leikie txapelketa ofizialetan, bai Europako Txapelketetan, baita Munduko Txapelketetan be. Jakina, txapelketa horreetan selekzino nazionalek parte hartzen dabe, baita klubak eta taldeak be. Ondorioz, txapelketa horreetan Bizkaiko sokatira taldeak be ibili dira azken urteotan.

Lurganean bi dira nabarmendu beharreko talde bizkaitarrak Erandioko Goiherri eta Laukizeko Gaztedi. Horreek biak Euskal Herri mailan askotan izan dira txapeldun; Gaztedi taldeak 100 txapel baino gehiago irabazi ditu Euskal Herri mailan.

Goiherri be baten baino gehiagotan txapeldun izan da Euskal Herriko Lurganeko Sokatira Txapelketan.

Biak indatsuak dira 500-600 kilo bitarteko taldeetan.

Gaztedi, esaterako, Nazinoartean be 560 kilotan munduko txapeldun izan da urte batzuetan eta Goiherrik be ohorezko postuak lortu ditu txapelketa horreetan. Talde bi horreetako kideek Euskal selekzioan parte hartzen dabe eta nazino mailan Euskal selekzinoak Munduko eta Europako Txapelketetan baten baino baino gehiagotan urrezko dominea irabazi dau, batez be, 560 kiloko modalidadean.

Lurganekoa eta gomagaineko modalidadea be badagoz; azken honetan Abadiñoko taldeak oso emoitza onak lortzen ditu Euskal Herria, Lesakako Beti Gazte taldeagaz batera modalidade honetako talderik
indartsuenetakoa dalarik.

Goiherri, Gaztedi eta Abadiño sokatira taldeak Bizkaia mailan dagozan sokatira talderik indartsuenak diren arren ez dira bakarrak. Arrigorriaga Sokarri taldea nahiko talde indartsua da goman eta inoiz Euskal Herriko Txapelketa irabazi dabe. Urdulizen Iparralde taldea dago, Getxo eta Murueta taldeak be ez doguz ahaztuko.

Denporan atzera egin eta nabarmendu behar da Bizkaian sokatirea aspaldiko kontua dala eta adituek dinoenez, orain dala mende batzuk baebizan, antza, sokatiran. Historikariek uste dabe marinelen artean sokatiran ibilten zirala itsasontziak porturatzen ziranean. Baleak be arrantzan egin edo harrapatzean marinelek sokearen bitartez mobidu behar zituen ebagitako zatiak. Gauzak holan dirala, handik gixira lehiatzen hasi eta XX. mendearen hasieran dokumentautako lehenengo txapelketakatontzen hasi ziran, batez be, herriko jaietan.

70. hamarkadan Sokatirako Munduko Federakundea sortu zan eta 1978an aurrenekoz euskal talde batek parte hartu eban klub moduan Munduko Txapelketan, Mutriku taldea, hain zuzen be. Handik urte batzuetara Goiherri eta Gaztedi taldeak parte hartzen hasi ziran. Azkenik 2014an Sokatirako euskal selekzinoa TWIF-eko kide bezela onartua izan zan eta handik aurrera Abadiño, Goiherri edo Gaztedi sokatira taldeek munduko federazinoak atontzen dituan txapelketa ofizialetan parte hartu leikie Euskal
Herria ordezkatuz. Eta garrantzitsuena da kirol zaharrak bizirik dirauela gaur egun.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu