'Bai Euskarari' jarrerea izan zana 'Pizkundea' da gaur egun

Erabiltzailearen aurpegia Egoitz Campo 2025-12-18 08:00   Antxinakoak Geurera

Abenduaren 27an euskerea indarbarritu behar da.

Datorren abenduaren 27an Kontseiluak euskerea indarbarritzeko ekitaldia atondu dau. Pizkundea izenpean, Bilbao Arena euskaltzaleez beteko da euskereak bizi dauen gainbeheratik ataratan hasteko. Euskerearen osasuna ez dago momentu onenean eta danon inplikazinoaren bidez erraza ez bada be helburua lortu behar dogu; arriskuan dagoan hizkuntzea bizibarritzea eta sustatzea. Ezin dogu ahaztu azken urteotan euskerearen jakintza mailak gora egin dauen bitartean eguneroko erabilereak ez dauela gora egin. Halanda ze, behera egin dau eta adituak diran askorentzat egoera hori sano kezkagarria da.

Orain 47 urte, 1978ko bagilaren 17an hain zuzen be, Euskaltzaindiak Bai Euskarari izeneko ekitaldia atondu eban San Mamesen. Orduko testuinguru historikoak ahalbidetu eban holako ekitaldi baten atonketea, izan be, hiru urte pasau ziran Franko jenerala eta diktadorea hil zanetik eta Espainiako Estadua demokraziaranzko pausuak emoten hasi zan. Frankismoaren ondorengo lehenengo hauteskundeak Estadu mailan 1977an izan ziran eta Konstituzino barria berresteko erreferenduma 1878ko urte hatan bertan egin zan, abenduaren 6an hain zuzen be. Apurka-apurka Euskal Herriko alderdi abertzaleak legeztatuak izan ziran, baita ikurrinearen erabilerea be. Zentzu berean euskereak frankismoaren aldetik sufridutako jazarpena leuntzen joan zan eta ikastolak eta euskaltegiak edegiten eta areagotzen hasi ziran. Era berean, euskerearen irakaskuntzea zabaltzen joan zan. Holan, Bai Euskarari lako euskerearen aldeko ekitaldiek euskaltzale asko batu zituen.

1978ko bagilean San Mames bete egin zan euskereari hauspoa emoteko. Garai hatako abeslari euskaldun ezagunenek kantau eben ganezka egoan San Mames futbol zelaian. Pantxoa eta Peio, Mikel Laboa, Gontzal Mendibil, Gorka Knörr edo Xabier Lete. Ekitaldiaren kantua abestu eben beste abesti askogaz batera, baita zuzenekoa grabau be. Ikurrinaren koloreak be ez ziran faltau. Sarrerak 150 pesetan egon ziran eta diru hori euskereagaz lotutako ekimenetarako erabili eben. Gainera, ekitaldia baino lehenago, herrietan diru batzeak egin zituen.

Hurrengo urtean, 1979 Euskadiko futbol selekzinoak Irlandaren kontra jokatu eban Bai Euskarari ekimenaren barruan, orduan be San Mamesen. Jai handia izan zan. Euskadik 4 eta 1 irabazi eutson Irlandari eta Arkonadak eta Iribarrek, atezain itzela zan txuri-gorriak eta handik gitxira atezain aparta be izango zan txuri-urdinak, partidu horren irabazleen trofeoa alkarregaz altzau eben. Irudi ahaztuezina izan zan benetan.

Handik 19 urtera ekitaldi bera errepetidu zan, baina orduan Kontseilua izan zan atontzaile nagusia. Bai Euskarari izenpean, Euskal Herriko sindikatu gehienek babestu eben ekitaldia, baita euskal futbol talde garrantzitsuenek be. 1998ko abenduaren 26an, ekitaldiaren azken egunean; San Mames, Anoeta, Mendizorrotza, Sadar eta Agilera futbol zelaiak bete ziran. Kalkuletan da 120.000 persona sartu zirala aitatutako futbol zelaietara euskereari euren babesa adierazoteko. 

2025eko abenduaren 27an zeozer antzekoa egin gura leukie Kontseilukoek Bilbon, euskerea indarbarritu behar dalako.

Epaitegiek hartutako neurriek ez dabe euskerea sustatzen lagunduko, beraz, batu gaitezan orain dala 47 urte egin genduan lez, gure hizkuntzearen alde egiteko eta ozen esateko euskerea gure altxorra danez jagon eta erabili behar dogula.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu