Euskaltegi pribatuen finantziazinoa %16 igoko dabe 2021-2022 ikasturtean

Bizkaie! 2021-09-13 13:43   Euskerea berbagai

Euskera mundu oso bat doban lemapean egingo da.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak 2021-2022 ikasturterako euskaltegien matrikulazino kanpainea aurkeztu dau gaur Bilbon, Ulibarri euskaltegian. Euskera mundu oso bat doban lemapean egingo da aurtengo kanpainea eta interesa daben ikasleek gaurtik aurrera emon ahal izango dabe izena. Euskal Autonomia Erkidegoan danetara 103 euskaltegi dagoz eta igazko datuak kontuan hartuta 32.000 lagunek ikasturte honetan izena emotea aurreikusten da. Gainera, 2021-2022 ikasturtean B2 mailara bitarteko dobakotasuna sustatzeko asmoari eusten deutso Eusko Jaurlaritzeak. Horretarako 3.133.000 euro bideratuko ditu Kultura eta Hizkuntza Politika sailak.

Bilbon egindako prentsaurrekoan Zupiria sailburuagaz batera Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaran, HABEko zuzendari Jokin Azkue, Ulibarri euskaltegiko zuzendari Patxi Agirregomezkorta, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako aldundietako ordezkariak, Bilbo, Donostia eta Gasteizko udaletako ordezkariak, EUDEL-ekoak, UEMAkoak eta euskaltegietako ordezkari eta ikasleak egon dira.

Diru-laguntzinoak

EAEn, danetara, 40 udal euskaltegi dagoz eta Eusko Jaurlaritzeak horreek finantzietako bideratzen dan diru-kopuruari eutsiko deutso; danetara, 12,7 miloe euro bideratuko dira udal euskaltegiak finantzietako.

Euskaltegi pribatuen kasuan, barriz, legealdi honetako konpromisoetako bat da irakasleen lan-baldintzak hobetzea eta helduen euskaldutzean dabizenen gizabaliabideen egonkortasuna sustatzea. Konpromisoa lau ikasturtetarako da eta aurten 26.085.000 euro bideratuko dira euskaltegi pribatuak finantzietako, aurreko urtean baino %16,4 gehiago. Danetara, 57 euskaltegi pribatu homologaturi, 6 autoikaskuntza zentro homologaturi, 24.300 ikasleri eta 1.500 langile ingururi eragingo deurtse hobekuntza honek. Zupiriak azaldu dauenez, datozen lau ikasturteetan euskaltegi pribatuen finantziazinoa indartzen joango da udal euskaltegietako irakasleen lan-baldintzetara hurreratzeko bai irakasle ordutan zein soldatatan. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak gogorarazo dauenez, 2020-2024 legealdirako Gobernu Programeak be batzen dau konpromiso hori: helduen euskalduntze-sistemearen finantziazinoa indartzea eta handitzea, irakasleen lan-baldintzak hobetzeko euskaltegien finantziazinorako ohiko deialdien bidez.

COVID garaia euskaltegietan

Osasun egoerearen ondorioak antzemon diran arren % 8,6 baino ez dau egin behera matrikulazinoak eta 32.000 ikasle inguruk emon eben izena euskaltegietan. Zupiria sailburuak eskerrak emon deutsee euskaltegietako ikasleei, irakasleei eta arduradunei amaitzera doan ikasturtean egindako ahalegin bereziagaitik.

Halan da be, Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak gogoratu dauenez, azken bi urteetan salto handia emon da euskaltegietan bizi dogun osasun egoereari ahalik eta modurik egoki eta eraginkorrean erantzuteko. Egoera honek hainbat esparrutan aldaketa-prozesuak bizkortu ditu, besteak beste, eraldaketa pedagogiko eta teknologikoa azkartu egin da. Horretarako ikas-irakaskuntza erdi-presentzial eta ez presentzialean teknologia barriak erabili dira. 2020-2021 ikasturtean autoikaskuntza tutorizatuak indar handia hartu eban baina ikasle gehienek aurrez-aurreko ikaskuntzea aukeratu eben. Igazko ikasturteak ikasteko eta egokitzapenak egiteko balio izan ebala narbarmendu dau Zupiriak eta orain be euskaltegiak euskalduntzeko zerbitzuak kalitate onarekin emateko prest dagozala gaineratu du. Hori dala eta, Zupiria sailburuak herritarrak euskera ikasi deien animau ditu zerbitzu egokia eta euren beharretara egokitua jasoko dabelako.

Ikasleen profila

2020-2021 ikasturtean, EAEko 103 euskaltegietan izena emon eben 32.000 ikasletatik % 65 emakumeak izan dira. Edadeari jagokonez, ikasleen bataz bestekoa 36 urtekoa izan zan. Ikasle gehienak C1 mailea gainditzeko emon eban izena % 30, eta % 22k B2 mailea gainditzeko erronkeagaz ekin eutson ikasturteari.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu