'Euskerearen diskursoak enpresetan' jardunaldia, irailaren 17an

Bizkaie! 2021-09-13 09:22   Euskerea berbagai

Proiektu biren emoitzak ezagutarazo eta gaia lantzeko jardunaldi telematikoa egingo da.

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak jardunaldi bat atondu dau lan-munduan euskerearen gainean dagozan diskurso nagusiak aztertzeko: Euskerearen diskursoak enpresetan izenburupean, eremu sozioekonomikoan euskerea zelan edo zenbateraino aldatu dan aztertzea da asmoa, kontuan izanda personak, enpresen egoerea eta ingurua be aldatu egin dirala. Horregaz batera, teknologia aurreratuen sektoreak euskerearen gainean dauen diskursoa be aztergai izango da, enpresa teknologikoak traktoreak diralako sarritan lan-munduan.

Jardunaldia datorren barikuan, irailaren 17an, egingo da, goizeko 10:00etatik 12:00etara. Telematikoa izango da, zoom plataformearen bidez eta hizlariak alkarregaz egongo dira, Euskaltzaindiaren Donostiako egoitzan.

Hizkuntza Politikako Sailburuordetzearen eskutik, zenbait ikerketa-lan egin dira gai horreen inguruan eta horreetako biren emoitzak aurkeztuko dira jardunaldi honetan:

· Emunek EuskaraGoiTek hizkuntza-kudeaketearen gaineko diskursoa teknologia aurreratuko sektorean lana aurkeztuko dau. Teknologia aurreratuaren sektorea estrategikoa da lan-munduan, trakzino-funtzioa beteten dauelako. Horren ondorioz, euskereak lan-munduan posizino hobea lortzeko, estrategikoa izan daiteke teknologia aurreratuaren sektorean be aurrerapausoak emotea. Lan honetan sektore horretako diskursoak aztertu eta sailkatu ditue eta euskerearentzako aukera eta mehatxu izan daitekezan narratibak identifikau ditue.

· Elhuyarrek Lan-munduko euskera-planen transmisinoa. Motibazinoa, diskursoa, balioak lana aurkeztuko dau. Orain hiru hamarkada lehen euskera-planak martxan jarri ziranetik aldaketa ugari izan dira eta lan honen bidez aztertu dabe zertan diran gaur egun orduko amesak, asmoak, nahiak, balioak... edo zelan arrazoitzen daben gaur egun euskerea bultzatu eta indartu beharra.

Jardunaldiaren hasieran, Ana Urkiza idazle eta Eusko Ikaskuntzako lehendakariak inspirazino-berbaldia egingo dau eta horren ondoren, lanen emoitzak aurkeztuko dira; amaitzeko, barriz, Karmelo Aiestak berbaldia emongo dau etorkizuneko gakoak azpimarratzeko. Amaieran, parte-hartzaileek aukerea izango dabe eretxia emon eta ekarpenak egiteko.

Programea:

. 10:00-10:10. Sarrerea: Josune Zabala Alberdi (Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinazinorako Zuzendaria).

· 10:10-10:30. Inspirazino-berbaldia: Ana Urkiza Ibaibarriaga.

· 10:30-11:15. Ikerlanen aurkezpena.

· 11:15-11:35. Etorkizuneko gakoak: Karmelo Aiesta Sagarduy.

· 11:35:11:55. Ekarpenak, galderak eta hausnarketak.

· 11:55-12:00. Itxiera: Maddi Etxebarria Bilbao (Elhuyar) eta Josune Zabala Alberdi (Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinazinorako Zuzendaria).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu