Urriaren 2an hasiko da 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketea, Izaban

Bizkaie! 2021-09-13 07:50   Bertsolaritzea

Iruñeko Anaitasunan jokatuko da finala, zemendiaren 28an.

29 bertsolarik emon dabe izena eta behin aurre-kanporaketak igarota, 24 izango dira Nafar Pirinioan hasiko dan ibilbidean. Danetara, lau final-lauren, hiru finalaurreko eta finala izango dira txapelketan. Iruñeko Anaitasunan jokatuko da finala, zemendiaren 28an.

Uste baino beranduago dator 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketea, 45.ena. Urte hasieran izan behar zana pandemiak atzeratu eta udagoienera ekarri dau. Bitartean, hankaz gora jarri jaku bizitzea, eta bizitzeagaz, bertsolaritzea. Izurriak erabat moteldu dau bertso plazea eta argi geratu da kulturgintzearen hauskortasuna. Kontuak kontu, txapelketeak bultzada be izan nahi dau, plazak barriro indartzen joan daitezan eta aldarri, bertsogintzearen eta kultur sorkuntzearen defentsan. Kulturea, erantzukizunez, segurua da.

Urriaren 2an hasiko da 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketea, Izaban eta zemendiaren 28an amaituko da, Iruñeko finalean. Danetara, zortzi saio izango dira, beste horrenbeste herrietan: Izaba, Tafalla, Zangoza, Doneztebe, Altsasu, Berriozar, Leitza eta Iruñea; lau final-lauren, hiru finalaurreko eta finala.
29 bertsolarik emon dabe aurten izena eta pasa dan bagilean jokatutako aurre-kanporaketen ondoren, 24 izango dira Izaban hasiko dan bidean. Horreetatik zortzi helduko dira Anaitasunako finalera eta bakar batek jantziko dau txapela. Haregaz batera hurrengo Bertsolari Txapelketa Nagusirako beste lau ordezkari nafarrak hautatzeko be balioko dau txapelketeak.

Nafarroaren berdeak, horiak eta gorriak lehian 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketan. Bide bat bertsoarena, euskerea Nafarroan barrena barreiatzeko, mila kolore eta mila Nafarroa diran Nafarroa honetan, hain zuzen be, egitasmoa Nafarroa osora zabaltzeko ahaleginean pausu bat emongo dau oraingoan Nafarroako Bertsozale Alkarteak: herri bik -Izabak eta Zangozak- lehen aldiz jasoko dabe txapelketako saio bat.

Hamaika lagunen ahaleginaren emoitzea da txapelketea, sarean antolatzen dana eta bertsolaritzearen ekosistemea batzen dauena. Bertsolariakaz batera, epaileek, gai-jartzailek, antolatzaileek eta hamarnaka laguntzaileek egingo dabe posible egitasmoa.

Urteak joan urteak etorri, Nafarroako euskal kulturearen ekitaldi garrantzitsua bihurtu da Nafarroako Bertsolari Txapelketea baina ez da bat-bateko lorea, urtean zehar egiten dan lan isilaren ondorio baino eta bertsolaritzea transmitiduteko egindako lan handiaren ondorio zuzena. Gozau eta gozarazoteko momentua da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu