Galder Gobantes: 'Basque Country-ren izenean lehiatzea sekulakoa da'

Koldo Isusi Zuazo 2021-09-13 07:55   Barriketan

Goma gainean zein lurrean munduko txapelketatan dominak irabazitakoa.

Galder Gobantes:

Tiralari zeberioztarrak, 11 txapelketatan ibilitakoak, Euskal Herriko selekzinoko ordezkaria, Mutriku, Gohierri... Goma gainean zein lurrean munduko txapelketatan dominak irabazitakoak gustora emon deuskuz azalpenak sokatirearen munduan zelan sartu zan eta irailaren 16tik 20ra Getxon, Fadura jokatuko dan Lurgaineko Munduko Txapelketearen gaineko kontuak.

1.- Futbolaria zinan baina azken urteotan sokatiran zabiz. Furbolean izandako lesinoa izan zan sokatiran hasteko atxakia edo arrazoia?

Txikitatik Ugaoko futbol taldean jokatzen neban eta azken urteetan, nagusien bigarren taldean nenbilela belauneko lotailu gurutzatua apurtu neban 2008.urtean. Lesino larria da eta arazo asko ugari sortarazo eustazan, Ugaoko kiroldegian ordu asko pasau nituan eta bertan lagun baten bitartez sokatiralari bat ezagutu eta Sokarri, Arrigorriagako herri kirol taldera joateko esan eustan eta ordutik sokatiran nabil.

2.- Erandioko Goiherri Kirol Alkartea, Euskal Herriaren ordezkaria be bazara Sokatirako Nazinoarteko Federazinoan. Zelan buztartzen dozuz zeregin horreek zure eguneroko lanagaz?

Sokatirea nire zaletasuna da, pasinoa. Azken finean, gustora zabizen leku eta jardueretarako astia bilatzen dozu baina Kirol honek ez dau emoten biziteko beste eta lanari lehentasuna emon behar deutsazu. Kirolean gabizen gehienok bizi ditugu holako egoerak.

Beste alde batetik, nire kirol kideen eta federazinoko ordezkari izateak burukominak eragin deustaz; urte honeetan guztietan asko lagundu deustie talde zein instituzinoek eta horrek erraztu egiten ditu zereginak.

3.- Urteetan zabiz sokatiran eta munduan zehar be ibili zara. Momentu gogoangarriak, sariak, anekdotak ugari biziko zenduzan baina ba nabarmentzekotan, zein?

2018. urtean goma gaineko munduko txapelketea Txinan izan zan eta eusteko arazoei aurre egiteko esperantzeagaz denpora tarte zabala hartu genduanez, hara eta hona ibiltea begitandu jakun eta taxia hartu genduaneko momentua ez daukat ahaztuteko. Barruan gengozala, gidariaren jarrera eta gidatzeko moduakaz ikaratu egin ginan eta trafiko istripua be ez genduan baztertzen. Taxistearen profesionaltasuna ez genduan kolokan jarri gura baina gu barruan kaka eginda ginoiazan. Honen inguruan barre asko egin genduan ondoren, baina kotxe barruan danok isilik.

4.- 1978an Euskal Federazinoak Euskal Herriak selekzino propioa izateko eskaerea egin eutson TWIFari eta 1983ean Nuarbek urrezko dominea irabazi eban club mailan. 2014an, Basque Countryk Nazinoarteko Sokatira Federazinoan (TWIF) eskubide osoko kide bihurtzea lortu eta lehenengoz lehiatu zan Munduko Txapelketan, Madisonen (AEB). Zelan gogoratzen dozuz momentu hareek?

Urte eta persona askoren lanaren ondorioa izan zan Euskal Herriaren ofizialtasuna Nazinoarteko Federazinoan. Urte asko pasau ziran Espainiaren izenpean, nazioarteko ikurpean edo eta zigortuak izan ginanekoak. Sentimendu edo nortasun bat defendiduteko pasino horrek kirolari askori sokatirako goi mailan ez ibiltea eragin eban. Edozelan be, sokatiralarien eta bulegoetan egindako lanari esker, gaur egun Euskal Herria mundu osoan onartutako herrialdea da.

Madisonekoaren harian, lanagaitik ezin izan neban joan eta ez neban bizi esperientzia hori bizi. Bozgorailuetatik zure izena entzun, Basque Country-ren izenean lehiatzea danok gustoko dogun gauzea da.

5.- 2016an, Basque Countryk urrea irabazi eban gizonezkoen 580ko kategorian, lurgainean Malmon (Suedia)...

Euskal Herriaren nazinoarteko lehen urrezko dominea izan zan. Euskal ereserkia sari banaketan entzutea hunkigarria izan zan. Final hori pare bat argigaz egin behar izatea ez da onargarria, tiraldiak asko izan ziran eta finala gauez egin behar izatea penagarria izan zan. Esperantzea daukat aurtengo txapelketan ereserkia egunez entzutea...

6.- Atzeratu eta atzeratu ondoren, 2021ean, Basque Countryk bere lehen Munduko Txapelketa ofiziala atondu dau, irailaren 16tik aurera Getxon jokatuko dana, hain zuzen be, TWIF World Outdoor Tug of War Championships 2021, baita TWIF Open Clubs Competition be. Bazan ordua holako hitzordu bat geuk atontzeko...

Arrazoia daukazu, urte gehiegi sokatiran Euskal Herriaren indarrari erreparauta. Atondutako azken munduko txapelketa goma gainekoa izan zan Gasteizen 1995. urtean eta lur gainekoa Getxon bertan izan zan 1992an. Ofizialtasuna lortuta, txapelketa bat atontzea zan hurrengo helburua eta ofizialtasuna lortzeko babesa emon eben nazinoei eta sokatirako munduari esker ona adierazo gura jakon txapelketa ikusgarri bat eskainiz, esperientzia ahaztezina bideratuz.

7.- Ze talde ikusiko doguz lehian Getxon? Zelako jarduerak ikusiko ditu hurreratzen danak? Zein izango da txapelketearen egiturea?

Ez da bolada onena bidaiak egiteko eta hori igarten da. Halan da be, nazio kopuru polita izango dogu Getxon, hain zuzen be 16. Eskertzekoa da egiten daben ahalegina gure artera etorteko. Azken urteetan maila oso altuan dabizen klubak dira, esate baterako Engelberg eta Ebersecken suitzarrak. Lau eguneko txapelketea izango dogu.

Danetara, 580 kirolari lehiatuko dira Getxon, 50 epaileren begiradapean. Selekzinoez gan, 39 klubetako 73 taldek be hartuko dabe parte.

Eguenean eta barikuan klub mailako txapelketak izango dira eta astegoienean nazinoartekoak. Goizeko eta arratsaldeko jardunaldietan, bakotxean kategoria bi lehiatuko dira. Talde kopuruaren arabera, multzo bakar bat edo bi izan daitekez. Azkenean semifinala eta finala bat etorriko dira txapeldun nor dan erabagiteko.

Publikoak pandemiaren ondoriozko murrizketak igarriko ditu. Harmailetan gehienez 500 lagun sartu ahal izango dira aldi berean eta sarrerak aurretiaz eskuratu behar dira, 5 euroan. Hilaren 12ra arte dagoz salgai, hemen.

8.- Zuk zeuk parte hartuko dozu Getxon?

Bai, azken orduko lesinoren bat ez badago. 2016tik dakigu txapelketea etxean izango dala eta urteotan zain egon ondoren, amestutako momentua helduko da. Ordezkari eta tiralari izatea ez da erraza baina azken urteotan horretan nabil eta ohituta nago. Pandemia honek gauza asko aldatu ditu baina ilusinoz jarraitzen dogu.

9.- Lurgainean eta gomagainean gaur egun zeintzuk dira herrialde indartsuenak?

Ez da erantzun erraza, azken urteetako emoitzak ikusita, goma gainean, Eskoziako selekzinoak emoitza oso onak lortu ditu. Lur gainean, barriz, Suitza izan daiteke indartsuena. Ondoren Herbehereak, Txina Taipei eta geu izan gaitekez. Hamairu kategoria dagoz onartuta nazinoartean eta ez dago dominatzaile argirik.

10.- Sokatiran indarra behar dala emoten dau baina estrategia be sano inportantea da, gorputza eta hankak zelan kokatu, sokearen aurrealdean ala atzean kokatu...

Indarra izatea sano garrantzitsua da baina irabazteko baldintza gehiago bete behar dira. Zeuk esan bezala, gorputzaren eta hanken kokapen egokia behar beharrezkoa da, botakaz lurraren kontra egindako indarra eskuetan daukagun sokara eroan behar dalako. Estrategiari jagokonez, talde baten gaitasuna, aurrean dagoan taldearen erantzunak eta lurraren ezaugarriak gogoan, tiraldia aurrera joan ahala, erabagi bat ala beste hartzea ezinbestekoa da. Talde baten dagozan 8 tiralarien posizinoari jagokonez, kokaleku bakotxak berezitasun batzuk ditu eta, horrezaz gan, taldekideak ezagutu eta danok batera entrenetea be ona da aitatu posizinoak hobeto finkatu eta bloke bat sortzeko. Kokalekua eta ondoan dituzun taldekideak kontuan izanda, tirakadak egiteko era asko dagoz, beti be taldearen onurea bilatzeko asmoagaz.

11.- Herri kirola izan arren, kirol olinpikoa be izan zan sokatirea. Surfa lehenengoz izan da olinpikoa aurten...

1900 eta 1920 urteen bitartean Olinpikoa izan zan eta gaur egun Joko Mundial edo World Games-etako parte da. Sokatiran gizon eta emakumeek alkarregaz egin leikiez tiraldiak eta hori da nazinoarteko federazinoaren esperantzetako bat, hau da, barriro be Olinpikoa izateko. Lau gizon eta lau emakumek alkarregaz tiraukeran adierazoten daben bardintasuna beste esparru batzuetara be eron daiteke. Gaur egun sokatirea lako kirol minoritario batek gatx dauka Olinpikoa izatea baina ez dogu esperantzea galduko. Olinpikoak izateak bultzada handia emongo leuskio gure kirolari.

Azken buruan, Getxon, 16tik 20ra izango dogun txapelketan ahalik eta jarraitzaile gehien egotea gura dogu baina hurreratzerik ez dauenarentzako streaming bidez be ikusi ahal izango dira tiraldiak hemen.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu