EHUko 35.000 ikaslek asteon hasi dabe ikasturtea

Bizkaie! 2021-09-10 12:29   Pil-pilean

103 gradu eskainiko ditu unibersidade publikoak 2021-22an.

Komunikazinoaren arloko ikasleak eta irakaslea, ikasgelan (argazkia: Egoi Markaida/EHU) | Ikusi handiago | Argazki originala

Ikasturte barria hasi da asteon EHUn, graduak ikasten dabizan 35.000 lagunentzat behinik behin. 103 gradu dagoz aukeran unibersidade publikoaren campusetan, horreetatik hamaika, dualak, enpresetan prestakuntzea dakarrenak. Nazinoarteko gradu bikotxaren izendapena dabe 30ek, hau da, aldi berean gradu bi ikasteko modua emoten dabe, bat EHUn bertan eta bestea atzerriko beste zentro baten.

Eva Ferreira errektorearen esanetan, ikasturte barria betiko ilusinoz hasten dogu, baina pandemia gainditu izanaren balio erantsiagaz. 2021-2022 ikasturtearen oinarrizko zutabe biak izango dira bikaintasun akademikoari eustea eta osasun baldintza onenak bermatzea, Ferreiraren arabera. Presentzialtasun egokituaren bidez, aurrez aurreko saioak % 75 izango dira, aurrerago erabateko presentzialtasunera bueltetako asmoz.

Asteon ikasturtea hasi daben ikasle guztien artean, 8.420 barriak dira, aurten egin dabe matrikulea lehenengoz EHUren gradu baten. Emakumeak gehiago dira (% 56), eta, gitxigaitik bada be, euskerea da gehien aukeratzen dan hizkuntzea (% 54,6).

Campusen artean be badagoz aldeak. Bizkaikoa da jentetsuena, eta ikasle barrien erdiak baino gehiago be hara joango dira. Gipuzkoakoan ikasle barrien % 26 dagoz eta, Arabakoan, % 21. 

Ikasle barrien artean % 42k Gizarte eta Lege Zientzien adarrean izena emon badau be, graduak banan-bana begiratuta, zientzia zehatzakaz lotutakoetan sartzea gatxa izan da, adibidez, notarik altuena Fisika+Injinerutza Elektronikoa gradu bikotxean egon da; ondoren datoz Biokimikea eta Biologia Molekularra.

Mobikortasun programei esker, EHUko 2.407 ikaslek beste unibersidade baten egingo dabe gitxienez lauhileko bat. Kanpoko beste unibersidade batzuetako 817 ikaslek, barriz, EHUn ikasiko dabe aldi batez. Datuak pixkanaka hurreratzen doaz orain dala urte batzuetakoetara, eta, hortaz, pandemiaren ondoren mobikortasuna suspertzen doala pentsau leiteke. Gaur egun EHUk 2.059 hitzarmen ditu bost kontinenteetako 55 herrialdetako zentroakaz.

Dana dala, pandemiari aurre egiteko neurri batzuk oraindino indarrean egongo dira ikasturte honetan. Apirilean onartutako protokoloaren arabera, jente piloketak ahal dan neurrian saihestu behar dira, leku itxietan maskarea ondo jantzita eroan, ikasgelak aireztatu eta instalazinoak desinfektau. Enpresetan praktikak antolatuko ditue, baina leku bakotxeko protokoloak zorrotz beteta. 

Graduondoko ikasketak

Graduetako ikasleak geletara bueltetan hasi dira, honenbestez. Graduondokoen kasuan, ostera, itzulerea  egun edo aste batzuk geroago egingo dabe, izena emoteko epea oraindino zabalik dagoalako. EHUk aurtengo ikasturtean 108 master eskaintzen ditu; horreetako zortzi, Erasmus Mundus master bateratuak dira; hau da, Europako Batzordeak emondako bikaintasun zigilua dabe. Hiru master prestakuntza dualean eskaintzen dira (Fabrikazino Digitala/Digital Manufacturing; Multimedia Kazetaritzea; eta Sistema Txertatuen Injinerutzea).

Bestetik, EHUk ikasturte honetan berezko 65 master eta graduondoko ditu, tartean 12 titulu barri. Unibersidade masterretan eta berezko master eta graduondokoetan matrikulea egiteko epea zabalik dago irailaren amaierara arte.

Azkenik, 2021-2022 ikasturterako doktoregoen eskaintzea 66 programakoa da, eta jakintza adar guztiak batzen ditu. Izena emoteko epea astelehenean, irailak 6, edegi eban EHUk, eta indarrean egongo da irailaren 30era arte.

EHUren oinarria ikasleak badira be, ez da ahaztu behar behargin ugari dabizala lanean gradu eta graduondoko guztiak goi mailako kalidadez emon daitezan eta unibersidadeak jagokon moduan funtzionau deian. Momentu honetan 5.700 behargin ditu irakasle-ikertzaileen kolektiboak, eta 1.888 persona dabiz administrazino eta zerbitzuetako atalean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu