Xabier Castillo 'Xeberri' kantaria hil da
2021-09-10 11:16 Musikea1970eko hamarkadan plazarik plaza ibili zan, bakarka zein Gontzal Mendibilegaz.
Aspaldi musikagintzea itxita eukan arren, zale askok ederto gogoratzen dabe Xeberri, 1970eko hamarkadako euskal kantagintzan izen ezagunetako bat izan zalako. Durangon jaioa, Xabier Castillo Xeberri 73 urtegaz hil da.
Plazarik plaza kantuan ibilten zan Xeberri, bere belaunaldiko beste asko lez. 1970eko hamarkadako sasoiak gorabeheratsuak ziran, ziurtasunik bakoak, baina euskal kantugileek aurrerapausua egin eben, euskerea eta Euskal Herriaren amesak oholtzara eroateko. Xeberri bakarka ibili zan hasikeran, baina Gontzal Mendibilegaz bikote musikal gogoangarria sortu eban gero.
Gizona izeneko disko bat eta Iparragirreren kantuetan oinarritutako beste bilduma bat argitaratu zituan lehenengo. 1976an, Gontzal Mendibilek eta Xeberri-k Zaurietatik dario grabau eta kaleratu eben. Publikoak gogoz hartu eban disko haretan, gaur egun be ezagun-ezagunak diran abestiak etozan, berbarako, Bagare eta Kapitalismoak.
Baina laster itxi zituan Xeberri-k plazak eta musikagintzea. 1980ko hamarkadan norabide profesionala aldatu, eta erretiratu arte bere ogibidea izan zanari ekin eutsan, hau da, bikoiztaile lanari. Batez be, telebistako film eta telesailak bikoizten ibili zan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!