Kolegiata seguruan egingo da XXXIII. Ziortzako Kontzertuak antxinako musika zikloa

Bizkaie! 2021-09-09 13:43   Musikea

Kontzertuak hurrengo astegoien bietan egingo dira, (irailaren 11, 12, 18 eta 19an).

Ziortzako Kontzertuak Kultur Alkarteak atonduta, irailaren 11n hasiko da zikloa eta kontzertuak 18:00etan hasiko dira Ziortzako kolegiatan. Lehenengo hitzorduan, Ministriles Hispalensisen eta XVI. mendeko musika profanoaren eskutik, omenaldia egingo jako lehen zirkunnabigazinoa egin eben itsasgizon ausarten balentriari. Hurrengo egunean, hilaren 12an, Jone Martinez sopranoaren eta Passamezzo Anticoren bitartez, XVIII. mendeko Veneziako Errepublikan sartuko gara Vivaldigaz batera.

Bigarren astegoienean, Euskal Herriko organorik zaharrenak eta Juan de la Rubiak hartuko dabe protagonismoa, organorako tokata, diferentzia, glosa eta inprobisazinoz osotutako programeagaz, A de Cabezón, Correa de Arauxo, Palestrina, eta beste egile batzuenak.

Jordi Savallek eta Xabier Diazek emongo deutse amaierea zikloaren XXXIII. edizinoari. XVI. eta XVII. mendeetan viola da gamba izan zan arku-instrumenturik erabiliena.

Kontzertuak iragarteko kartela enkargu bidez egiten da urtero eta aurtengo lanaren egilea Txomin Badiola eskultorea da.

BBK-k Bilbotik autobusean joateko zerbitzua jarriko dau kontzertu-egun guztietan; arrastiko 16:00etan urtengo dau Elkano 5etik, San Jose plazearen eta Moyua Plazearen artean.


Azken buruan, Ziortzako Kontzertuak, Antxinako Musika Zikloak, BBK Fundazinoaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Gondra-Barandiaran Fundazinoaren, Ziortza- Bolibarreko Udalaren eta Labayru Fundazinoaren babesa dauka. Era berean, kontzertuak egiteko ezinbestekoa da Ziortzako Monasterioko Zistertar Komunidadearen laguntasuna.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu