Bilboko Txistulari Bandeak Bidebarrietan hasiko dau denporaldia

Bizkaie! 2021-09-09 11:10   Musikea

Abendura arte, hilero kontzertu bat joko dabe; lehena, irailaren 11n.

Bilboko Udal Txistulari Bandeak 2021-22 denporaldiari ekingo deutso zapatuan, hilak 11, uriko leku historiko baten. Hain zuzen be, Bidebarrieta liburutegian. 19:00etan hasiko da kontzertua. Banda klasikoaren formatuan boskoteak joko dituan lau kontzertuetatik lehenengoa izango da. Abendura arte, hilero emonaldi bat antolatzea da asmoa.

Errepertorio klasikoa interpretauko dabe Bilboko txistulariek Bidebarrietako oholtzan, zortzikoak, minuetoak, lehiaketetarako idatzitako lanak, doinuak eta bariazinoak tartean dirala. Jose Inazio Ansorena, Jesús María Bilbao Estefanía, Luis Urteaga, José Olaizola, Bruno Imaz eta Rodrigo A. de Santiago konpositoreen piezak izango dira.

2004an, Bilboko Udal Txistulari Bandea barriztau eta gaur egungo musikarien moltsoa lanean hasi zanean, lehenengo kontzertua Bidebarrieta liburutegian emon eben. 17 urte geroago, orduko hitzordua gogoratuko dabe zapatuan, eta errepertorioa bera be, 2004ko haren bardin-bardina izango da.

Kontzertura sartzea doban izango da, baina osasun arauak eta edukierearen mugak kontuan hartuta, aurretiaz izena emon behar dala dino Bilboko Udalak (hemen). Bestela, streaming bidez be zuzenean emongo dabe saioa. 

Udal Txistulari Bandako kideak Garikoitz Mendizabal (zuzendaria), Idoia Kareaga, Gorka Zabaleta, Sabin Bikandi eta Asier García dira. Bidebarrietan ez eze, Euskalduna jauregian sarritan joten dabe. Kontzertuetako errepertorioa aukeratzeko orduan, ahalegintzen dira kalidade handiko piezak aukeratzen eta saio bakotxa besteakandik diferentea izaten.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu