Maezturen 'Lirika eta erlijinoa' lana Gernikako Batzar Etxera bueltau da

Bizkaie! 2021-09-09 10:55   Kulturea

Gasteiztarraren 9 metroko triptiko monumentala hainbat hilebetez egon da ikusgai Guggenheim Museoan.

Gustavo de Maezturen (Gasteiz, 1887-Lizarra, Nafarroa, 1947) triptiko monumentala zazpi hilebetez egon da Bilboko Guggenheim Museoan, Bilbo eta pintura erakusketan eta dagoeneko bueltau da jatorrizko lekura: Gernikako Batzar Etxeko Beiratearen Aretora.

Bilbora eroan baino lehen, hiru panelak zaharbarritu zituen eta, beraz, Maeztuk obreari emon eutson jatorrizko kolorea foru uribilduan ikusteko interes handiagoa sortu da orain bere ohiko lekuan. Lirika eta Erlijioa izenburuko lanak dramatismo bereziko jazoera historiko bat gogorarazoten dau: Aintzaren Zapatuko Galernea izenez ezagutzen dan ekatxa, 1878ko apirilaren 20an Bermeoko berrehun arrantzale baino gehiago hil zituana.

1922an, sorkuntzarako ardureak bultzatuta, Gustavo de Maeztuk sinbolismoz betetako proiektu artistiko handia asmau eta haren helburua irailean Gernikan Eusko Ikaskuntzearen Hirugarren Kongresua zala eta ikusgai jartea zan. Teknika artistikoaren menderatzaile bikaina, hiru hilebeteko epean amaitu eban hasiera batean Tierra vasca izena euki eban triptiko-erretaulea. Lan horregaz Gustavo de Maeztuk euskal bizitzearen eta jardueren alegoria egin gura eban. Arrantzale batzuk lehorrera heldu ziranean, herritarrek heriotzearen aurrean sentidu eben bihotz-ikarea jaso eban.

Gernikako erakusketea amaituta, zemendian Bilboko Filarmonikako areto nagusian izan zan ikusgai triptikoa. Abenduaren 26an, lagun talde handi batek harpidetza batean parte hartzeko eskatu eutsen Bilboko Udalari eta Bizkaiko Foru Aldundiari, obrea erosi eta Museoan edo Uribilduko Etxea izenekoan jarteko. Azkenik, 1923ko bagilaren 25ean, triptikoa Bizkaiko Foru Aldundiaren Jauregian geratu zan.

Gaur egungo kokalekuan, Gernikako Batzar Etxeko Beiratearen Aretoan, Maezturen margolanagaz batera hainbat objektu historiko dagoz, J.M. Iparragirrerena izan zan gitarrea, Gernikako Arbola ospetsua abesteko erabilten ebana, besteak beste. Gaurtik aurrera, Gustavo de Maezturen jatorrizko lana ikusteko aukerea izango dabe bisitariek. Urte honetan haren ordez erreplika bat egon da.

Lirika eta Erlijioa, 1922

Orioa mihise gainean.

300 x 130 cm (ezkerreko panela).

300 x 250 cm (panel zentrala).

300 x 130 cm (eskumako panela).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu