'Iparrorratzak' lemapean dator VIII. Atlantikaldia
2021-09-09 09:35 KultureaIrailaren 23tik 26ra, kulturaz beteko dira Errenteriako hainbat txoko.
Errenteriako kultur egutegian ondo zuztartutako hitzordua da Atlantikaldia, Udalak azaldu dauenez; horregaitik, pandemiak nahi baino oztopo gehiago ipini baditu be, 2021eko hitzorduari eusti deutse: irailaren 23tik 26ra izango da VIII. Atlantikaldia, Iparrorratzak lemapean.
Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak, Maite Gartzia Kultura zinegotziak, Iker Tolosa Atlantikaldiako zuzendariak, Mari Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendariak eta Joseba Tapia musikariak hartu dabe parte 2021eko edizinoa aurkezteko agerraldian. Atlantikaldiak nortasun bat, egiteko modu bat dau. Pandemia egoeran nortasun horren alderik indartsuena erakutsi behar izan dogu eta egoera baliatu dogu jaialdiaren arimea herriko beste txoko batzuetara eroateko, esan dau alkateak.
Kulturen arteko alkarbizitzea da jaialdiaren oinarria, sorreratik. Bizi garen garaiotan ez dago norabide eta jokera bakar bat; bidegurutzez betetako mundu aldakor batean gagoz -ganeratu dau Aizpea Otaegik-. Elkarbizitza hori jazo daiten bide eta aukera ezbardinak eskaini nahi doguz. Horregaitik aukeratu dabe Iparrorratzak leloa.
2021eko edizinoan Errenteriako leku ugaritara helduko dira egitarauko jarduerak, Maite Gartzia zinegotziak azpimarratu dauenez. Hiru gune nagusi atonduko ditue, bakotxa nortasun jakin bategaz eta publiko zehatz bati zuzendua: Lekuona Fabrikea, Fanderia tenis pistea eta Migel Irastorza futbito zelaia.
Oholtza nagusia, edo jaialdiko itsasargia, Lekuona Fabrikakoa izango da. Kontzertuak, bertoko eta kanpoko artisten arteko kolaborazinoak (itsas alkarrizketak izenekoak)... Konbidadu ospetsuak pasauko dira bertatik.
Fanderia, ostera, Herrixka izango da, familientzako gunea. Jantzea, musikea, kirola, eskulanak eta abar egongo dira han. Azkenik, Migel Irastorza futbito zelaia Kalekaia izango da, arte urbanoaren gunea. Hiru gune naguseitatik kanpo, jarduera batzuk antolatuko ditue Oiartzun ibaian.
Musikari handiak eta danetariko estiloak sartu ditue egitarau musikalean, Iker Tolosa zuzendariak azaldu dauenez. Bertoko eta kanpoko artisten arteko kolaborazinoetan, aitatzekoak dira Oum marokoarraren eta Alos Quarteten artekoa; Sharon Shannon irlandarrena Joseba Tapiagaz; Ladama amerikarrak eta Olatz Salvador; eta Che Sudaka eta Zuriñe Hildago, besteak beste.
Egitarauan dagoz, ganera, Dupla, Ibil Bedi, J Martina, Chill Mafia, Antía Muiño, Blanquita Carraquela, DJ Flaca, Gitano de Palo, Ene Kantak, Albosax eta Mugan. Egitarau osoa hemen (PDF).
Jarduera guztietan edukierea mugatuta egongo da, osasun arrazoiakaitik. Hori dala eta, gonbidapenak eskatu beharko dira aurretiaz, irailaren 17tik 22ra: modu presentzialean, Lekuona Fabrikan (astelehenetik barikura 09:00-20:00 eta zapatuetan 9:00-14:30); bestela, jaialdiaren webgunearen bidez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!