60. Durangoko Azokako egitaraua osotzeko proposamenak aurkeztu daitekez
2025-09-15 10:11 KultureaGaur hasi eta urriaren 6ra.

Durangoko Azokako egitaraua, kultura arloan euskeraz dabizen sortzaileen ekarpenagaz osotzen da eta aurten be ekitaldi bilduma mamintsua eskaintzeko asmoa dabe atontzaileek. Horra bidean, egitaraurako proposamenak egiteko epea zabaldu da gaur. Gunez gune, diziplina anitzetako artistek aurtengo nobedadeen barri emoteko aukerea izango dabe. Urriaren 6ra bitartean erregistrau ahal izango ditue proposamenak, durangokoazoka.eus webgunean, izen-emoteei jagoken atalean.
2025ean euskeraz kaleratutako lanak aurkeztu ahal izango dira Durangoko Azokako guneetan:
- Ahotsenean liburu eta diskoak.
- Irudienean ikus-entzunezkoak: film laburrak, dokumentalak, fikzinoak, egitasmoen aurkezpenak...
- Kabian teknologia barriakaz lotutako hitzaldiak, jokoak, tailerrak...
- Saguganbaran umeei zuzendutako literaturea eta musikea, izan ikuskizun, kontaketa edo aurkezpen formatuan.
- Szenatokian jantzak, antzerkia eta bakarrizketak, pieza laburretan.
- Talaian literaturaz aparteko lanak, euskera hutsekoak zein Euskal Herriari zuzenean eragiten deutseezan gaiei buruzkoak.
Horrezaz gan, aurten ilustrazinoen erakusketa bat be atontzea da asmoa, azokako urteko nobedadeetan argitaraturiko irudiak (liburuetan, aldizkarietan, disko azaletan, ikus-entzunezkoen karteletan...) ikusgai jarteko. Horretan parte hartzeko interesa daben sortzaileek be proposamena bialdu ahal izango dabe izen-emoteen atalean.
Ikasle Goizerako inskripzinoa
Aurten, abenduaren 5etik 8ra dator 60. Durangoko Azokea eta lehenengo egunean Ikasle Goiza izango da. Bertaratu gura daben ikastetxeek be webgunean izena emoteko aukerea dabe gaurtik urriaren 6ra arte. Azokea bisiteteaz aparte, tailerretan parte hartu ahal izango dabe ikasleek zein irakasleek. Goiz horretako egitaraua ikasle eta irakasleei zuzenduta egongo da, baina Landako Guneko ateak edozeinentzat zabalik egongo dira, betiko antzean.
Azokearn aurretik, PortaDA erronkea aktibauko da ikastetxeetan, LH, DBH eta Batxilergoko ikasleentzat. Kasu honetan, azokara etorriko ez diran ikastetxeek be parte hartu ahal izango dabe. Euskerazko liburu eta diskoen azalak birsortzea izango da planteauko jaken erronkea.
Azokea hasi aurretik, sortzaileentzako beste plaza batzuk
Durangoko Azokea abenduaren 5ean hasiko dan arren, aurretik sortzaileentzako beste plaza batzuk be eskainiko dira eta kasu horreetarako izen-ematea be zabalik dago. Alde batetik, DA! PRO topaketan parte hartzeko aukerea dago musikariek eta familia ikuskizunak taularatzen dituenentzako, programatzaileen aurrean euren lanak aurkeztuz. Momentuz, sortzaileek emon leikie izena, eta programatzaileentzat aurrerago egongo da aukerea.
Beste alde batetik, aurten Zu Non, Han DA! egitasmoa azokearen aurretik izango da Euskal Herriko liburu-dendetan eta liburu aurkezpenak be aurreko aste bietan egingo dira. Orain arte, azokea amaitu ostean atondu izan da ekimen hori. Bada, dagoeneko parte hartzeko inskripzinoa egin leikie bai dendariek bai sortzaileek be.
Azkenik, ezin ahaztu erakusmahaiak eskatzeko aldia be hasita dagoala irailaren 1etik eta kasu honetan irailaren 30era arte egin daitekez eskariak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!