Gaztelugatxeko Monumentu Naturalaren Lankidetza Kontseilua sortu dau BFAk

Bizkaie! 2025-09-15 12:10   Kulturea

Gune babestu honen kudeaketan inplikautako administrazinoak koordinetako aukerea emongo dau.

Bizkaiko Foru Aldundiak Gaztelugatxeko Monumentu Naturalaren Lankidetza Kontseilua sortzeko Foru Dekretua onartu dau. Organo honen helburua enklabe edo eremu honen eta bere inguruaren kudeaketan inplikautako administrazinoen arteko koordinazinoa indartzea da, esparruaren konserbazinoa eta espazioaren erabilera ordenatua bermatzeko.

Gaztelugatxe Biotopo Babestu izentau eben 1998an eta 2013tik Natura 2000 Sarearen parte da, Konserbazino Bereziko Eremu eta Hegaztien Babes Bereziko Eremu. 2021ean, era berean, Babes Bereziko Kultura Ondasun autortu eta Kultur Paisaje kategoriagaz eta 2022an Natura Monumentu legez birkalifikau eben (lehen biotopo babestua zana) eta horrek bere babes-mailea handitzea eragin eban. Bisitari asko erakarten dituala eta eskumenak dituen administrazinoak askotarikoak dirala kontuan hartuta lankidetzarako tresna egonkorra behar da.

Kontseilua aholku-emoilea izango da eta Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Sailari atxikita egongo da. Organoaren zeregina ordezkatutako administrazinoen interesak eta jarduerak koordinetea, hareen arteko lankidetzea sustatzea eta Gaztelugatxegaz lotutako ekimen amankomunak adostea izango da. Era berean, inguruaren kudeaketea eta konserbazinoa hobetzen lagunduko daben proposamenak planteetako espazioa izango da eta bertan egiten diran ospakizun tradizionalei buruzko informazinoa izango dau.

Kontseiluko buru Bizkaiko Foru Aldundia izango da, Arantza Atutxa Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko diputaduaren bitartez. Lehendakariordetzea Bermeoko eta Bakioko udalen ardurea izango da, txandaka. Osoko bilkurak, era berean, Eusko Jaurlaritzako eta Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariak izango ditu natura, kultura eta itsasertzaren kudeaketea lako arloetan

Organo barri honegaz Bizkaiko Foru Aldundiak lankidetza-esparru egonkorra emon nahi deutso Gaztelugatxeren kudeaketeari, espazioaren konterbazinoa bermatzeko eta lekuari lotutako erabilerak behar bezala arautzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu