Irailaren 18an hasiko da Xilaba

Bizkaie! 2021-09-07 13:25   Bertsolaritzea

Makean izango da lehenengo saioa, eta finala Donibane Lohizunen jokatuko da.

Baionan aurkeztu dabe Xilaba (argazkia: Bertsularien Lagunak) | Ikusi handiago | Argazki originala

2020ko urtea kendu eta 2021a ipini dabe Bertsularien Lagunak alkarteko kideek Xilabaren edizino honetako kartelean. Atzerapen eta itxaronaldiak atzean itxita, pandemiagaitik bertan behera geratutako txapelketeari berrekingo deutse, urtebeteren ostean, irailaren 18an, Makean. Lau kanporaketa, hiru finalaurreko eta finala izango dira.

Baionan agerraldia egin dabe Bertsularien Lagunek Xilaba aurkezteko, hau da, Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereko txapelketea. Alkarteko lehendakari Xumai Murua egon da ekitaldian, baita sustapenaz arduratzen dan Ortzi Idoate be. Bakarkako seigarren edizinoa dau hau Xilabak.

Hasikera baten 28 bertsolarik emon eben izena txapelketan, 2020ko irailean hasteko. 2021era atzeratutako ekinaldian, baina, 24 izango dira danetara. 18an jokatuko da lehenengo kanporaketea, Makeako Herriko Gelan. Hurrengoak Muskildin (25ean), Hiriburun (urriaren 2an) eta Gabadin (9an) dira, saio guztiak 17:00etan.

Ondoren, finalaurreetako hiru saioak jokatuko dira, urriaren 16an Maulen hasita. Hil horren 23an Bordazen izango da saioa eta, fasea amaitzeko, 30ean Izpuran.

Finalaurrekoetako onenak entzun ahal izango doguz kantuan zemendiaren 13ko finalean, Donibane Lohizuneko Jai Alai pelotalekuan. Edizino honetako txapelduna ez eze, 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartuko daben Ipar Euskal Herriko bertsolarien izenak erabagiko dira. Sustrai Colinak eta Amets Arzallusek ziur dabe txartela (aurrekoan finalista izateagaitik), beraz, beste hiruren artean banatuko ditue Txapelketa Nagusiko lekuak. 

Saioetan ez da edukiera aldetik mugarik egongo, baina ikusle guzti-guztiek osasun ziurtagiria erakutsi beharko dabe. 

Bizkaiko eta Nafarroako bertsolari txapelketak be, pandemiagaitik atzeratu eta udagoienean jokatuko dira. Hortaz, hiru lurraldeetako arduradunek ahalegina egin dabe Bizkaiko eta Nafarroako txapelketak eta Xilaba egutegian ahalik eta ondoen banatzeko, alkarri traba egin barik. Hiru finalak hiru egun diferentetan izango dira. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu