Euskaltegietan matrikulea egiteko deia Bilbon

Bizkaie! 2021-09-07 10:49   Euskerea berbagai

Udalak eta euskaltegietako ordezkariek aurkeztu dabe Euskeraz gehiago gara kanpainea.

Koldo Narbaiza zinegotzia eta euskaltegietako ordezkariak, kanpainea aurkezteko ekitaldian (argazkiak: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko 17 euskaltegietan 2021-22 ikasturtea hasiko dabe asteotan, eta, horregaitik, Bilboko Udalagaz lankidetzan Euskeraz gehiago gara kanpainea ipini dabe martxan. Batetik, uritarrak animau gura ditue euskaltegian izena emon deien, esukerea ikasi edo mailea hobetzeko; bestetik, euskaltegietara danetariko jentea doala nabarmendu eta horreen guztien jarrerea txalotu dabe.

Arrazoi ugari dagoz euskaltegian izena emoteko, Udalak azpimarratu dauenez: seme-alabei eskolako lanetan lagundu nahi deutsen guraso eta tutoreak; lan-baldintzak hobetu nahi dituen helduak; euskerea ezagutu nahi daben migratzaileak; eta euskeraz be bizi nahi daben edadetuak, besteak beste. Bilboko euskaltegiek danen interesei erantzuteko gaitasuna dabe.

Bilboko Euskera zinegotzi Koldo Narbaizak agerraldia egin dau, euskaltegietako ordezkariakaz batera, kanpainea aurkezteko. Udalak apustu irmoa egiten dau euskerearen normalizazinoaren alde, eta euskaltegiak funtsezko tresnea dira gure hizkuntzearen eta gure kulturearen ezagutzea eta erabilerea zabaltzeko, eta Bilbo uri euskaldunagoa bihurtzeko gure eginkizunean aurrera egiteko, adierazo dau Narbaizak.

Pandemiak eragindako behar barrietara egokitu dabe euskaltegiek euren eskaintzea. Esate baterako, online modalidadea indartuta dator aurten eta, aurrez aurreko klaseen kasuan, espazioak seguruak dirala ziurtatu dau Udalak. Lau modalidade dagoz: aurrez aurrekoa; autoikasketea; bien arteko mistoa; eta bideokonferentzia bidezko ikastaroak. 

Ikasleen ezaugarriak

Bilboko euskaltegietan 6.800 ikasle ibili ziran igazko ikasturtean. Gehienak emakumeak dira eta goi mailako ikasketak ditue. 26 eta 50 urte bitartekoak dira ikasle gehienak. Bilboko Udalak euskerea ikasteko laguntzinoen deialdia egiten dau, gurasoentzat, denpora libreko begiraleetzat eta errenta txikia dabenentzat Bilbon erroldatuta egon ezkero. Igaz 300 diru-laguntzino emon zituan.

Bilboko euskaltegien zerrendea eta helbideak hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu