Barriro aktibau ditue Bilboko Bonuak

Bizkaie! 2021-09-07 09:19   Kulturea

Irailaren 8tik aurrera, establezimenduek kanpaineagaz bat egin ahal izango dabe.

Aurreko kanpainek izandako erantzun bikainaren ondoren, irailaren 8tik aurrera, establezimenduek kanpaineagaz bat egin ahal izango dabe www.bonobilbao.eus webgunean. Aurrekontua 1,5 miloe euro ingurukoa da eta bonuak 155.000. Kanpainaren helburu nagusia honako hau da: sektorearen berraktibazino ekonomikoari laguntzea herritarren zuzeneko konsumoaren bidez eta dirulaguntza zabal bati esker, udagoienean eta neguan. Ekimena 2020an eta 2021ean aktibautako Bilbao Aurrera Planaren parte da, udal-ordezkaritzea daben talde politiko guztien adostasunagaz sustatutakoa, pandemiak urian eragindako ondorioei aurre egiteko.

Aurreko edizinoak izandako erantzun bikainaren ondoren, orain abiarazoko diran kanpainak Ostalaritza/Jatetxe eta Kultura sektoreetan izango dabe eragina eta, lehenengo etapa honetan, sektore horreetako bik kanpaineagaz bat egin beharko dabe. Fase hori irailaren 8an abiatuko da, www.bonobilbao.eus webgunea zabaltzeagaz batera, izan be, enpresek izena eman behar dabe gune horretan. Oso erraza da plataforma horretara sartzea eta berau erabiltea eta aurrerago helduko dan beste etapa batean (urritik aurrera), herritarrek bonuak eskuratzeko erabili beharko dabe. Bonuek prezio eta ezaugarri desbardinak izango ditue, sektorearen arabera.

Aurrekontua 1,5 miloe eurokoa da eta 155.000 bonutan banatuta dago; horietatik 124.000 baino gehiago Ostalaritzarako izango dira eta 30.529 Kulturarako. Nabarmendu behar da, bonu bakotxaren zenbatekoaren erdia Udalak berak ordaintzen dauela. Ostalaritzako bonuen kasuan, zenbatekoaren % 50 establezimenduei transferiduko jake bezeroek bonuak webgunean erosten dituenean eta gainerako % 50 bonuak trukatzen diranean. Kulturako bonuen kasuan, aldiz, bonuaren zenbatekoaren % 100 likidauko da bonua establezimenduan trukatzen dan momentuan.

Datozen egunotan, aurreko edizinoetan egin izan dan moduan, informazinoa emoteko berbaldiak egingo dira eta horreetan parte hartu nahi izan ezkero, www.bonobilbao.eus webgunera jo behar da.

Era berean, galderak eta konsultak egiteko aukerea dago bonobilbao@bilbaoekintza.bilbao.eus helbide elektronikoan eta 94 420 53 95 telefono-zenbakian (ordutegia: 09:00etatik 14:00etara).

Ostalaritzeari jagokonez, irailaren 22an amaituko da kanpaineagaz bat egiteko epea. Bestalde, kultura-sektoreak 2022ko zezeilera arte izango dau horretarako aukerea. Ostalaritzako eta kulturako Bilboko Bonuen aurreko kanpainetan parte hartu eben establezimenduek mezu elektroniko bat jasoko dabe, edizino honetan parte hartu nahi ete daben baieztatzeko eta ez dira barriro erregistrau beharko.

Momentu honetan, establezimenduek Bilbo Bizkaia Turismo Bonuakaz bat egiteko epea edegita dago, udalek eta foru-erakundeak sustatuta.

Kontuak kontu, hiru kanpaina horreen helburua da sektore horreen berraktibazino ekonomikoari laguntzea herritarren zuzeneko konsumoaren bidez eta dirulaguntza zabal bategaz, udagoienean eta neguan.

Nork egin leike bat?

Ostalaritzea:

Sektoreko edozein enpresa-jarduera bat dauen edozein persona fisiko edo juridikok emon leike izena, baldin eta jenteari edegitako establezimendu bat badau Bilbon eta ekonomia-jardueren gaineko zergearen epigraferen batean jagokon altea emonda badau: jatetxeak, kafetegiak, kafeak eta jatekoa zein jatekoa eskaintzen ez daben tabernak, izozki-dendak eta hortxata-dendak, jantza-aretoak eta diskotekak, saltoki handietako establezimenduak...

Era berean, Bilbon zenbait establezimendu dituen negozioek establezimendu guzti-guztiak atxiki ahal izango ditue, banan-banan.

Kulturea:

Ikuskizunak aretoetan, lokaletan, aire librean eta ikuskizunak atontzen dituen enpresak; liburuen, egunkarien eta bestelakoen txikizkako merkataritzea, zinema-aretoak eta bideo-filmen alokairua. Arte-galeriak, liburutegiak eta museoak. Margolari, eskultore, zeramiko, artisau, grabatzaile eta antzeko artistak. Honako salgai honeen txikizkako merkataritzea: musika instrumentuak eta horreen osogarriak, zigiluak, txanponak, dominak eta bildumazaleentzako billeteak, artelanak, antxinako objektuak, mineralak...

Honako produktu honeek Kultura Bonutik kanpo geratuko dira: papelgintza-produktuak; informatikako eta elektronikako ekipamendua, softwarea; olgetak eta bideo-olgetak, baita ikasteko testuliburuak eta testuliburu profesionalak be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu