Aisian eta ostalaritzan batu ditu Behatokiak keja gehien udan
2021-09-06 12:45 Euskerea berbagaiEuskal hiztunen eskubideak bermatzeko bide luzea dago egiteko, Agurne Gaubekaren esanetan.
Bigarren urtez, Hizkuntza eskubideak ez dagoz oporretan kanpainea egin dau udan Hizkuntza Eskubideen Behatokiak, opor sasoian be euskaldunen eskubideak errespetau behar dirala gogora ekarteko. Herritarrek euren bizipenen, kejen eta iradokizunen barri bialdu ahal izan dabe, eta, horri esker, Behatokiak ikusi dau aisian eta ostalaritzan dagozala hutsunerik handienak udan, euskerea normaltasunez erabilteari jagokonez.
Gitxi gorabehera, 2020an beste keja batu ditu aurtengo kanpainan Behatokiak. Askok salatu dabe bisita gidatuak, jarduerak eta informazinoa emoteko guneak ez dagozala euskeraz, Euskal Herriko zati handi baten euskerea ofiziala dan arren. Euskerea bertoko hizkuntzea dan arren, ez dago bisitea egiteko aukeratu leitekezen hizkuntzen artean, edo okerrago, ez sarean ez lekuan bertan ez da informazinoa euskeraz eskaintzen, adierazo dau Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak.
Gazteentzako aisialdiko jardueren kontura, arduratuta dagoz euskaldun asko. Kasu batzuetan, ez dago euskeraz egiteko modurik, baina, beste salaketa batzuek dinoenez, teorian euskeraz diran jarduerak praktikan gaztelaniaz egiten dira. Euskeraz izateagaitik, beste hizkuntza batzuetan baino gehiago pagau beharreko kasuak be topau ditu Behatokiak.
Ostalaritzeari jagokonez, eskaintzea kanpotik datozanei egokitua izatea eta euskaldunak ahaztea salatu dabe keja askotan. Kanpoko turismoari begira euskal markea sortzen da, baina batu doguzan urraketek argi erakusten dabe euskereari leku txikia eskaintzen jakola, dino Gaubekak.
Ostalaritzan eta komertzioetan euskerearen presentzia handitzeko kanpainak txalotu ditu Behatokiak, adibidez UEMAren Bertatik bertara. Kontzientziazinoa sortzeko garrantzitsuak dira era horretako ekimenak Gaubekaren ustez, eta normalizazinoan mesedea egiten dabe: hizkuntza paisajea uste baino garrantzitsuagoa da euskeraz komuniketako aukerea egiteko, eta herritarrak eroso sentidu daitezan euskerea erabilteko orduan.
Udako kanpaineak agirian itxi dau, Behatokiaren ustez, hizkuntza eskubideak errespetetako bidean pausu asko geratzen dirala egiteko. Eragileakaz hartu-emonak sendotzea, kontzientziazinoa zabaltzea, gaur egungo arauen mugk gainditzeko proposamenak egitea eta egoerea gazteakaz lantzea izango dira ikasturte barriko erronkak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!