Lara Izagirre: 'Bigarren filmean beti dozu bildurra, lehenaren maileari eutsiko ete deutsazun'
Dabi Piedra
2021-09-06 08:01
Barriketan
Nora pelikulearen zuzendaria.
Zinema aretoetara heldu da egunotan Nora, Lara Izagirre Garizurieta zuzendari zornotzarraren bigarren film luzea. Un otoño sin Berlín (2015) lehenengo lan luzearen aldean, kontakizun argitsuagoa dakar oraingoan Izagirrek, Nora izeneko neska baikorra ardatz, Euskal Herriko paisajeak eta txoko ederrak erakusten dituan road movie erako pelikulea. Euskeraz eginda dago, pasarte batzuetan gaztelania, ingelesa eta frantsesa be entzuten diran arren.
Ane Pikaza aktorea sartu da Noraren azalean. Aitita (Héctor Alterio) hil eta gero, Euskal Herriko kostaldean zeharreko bidaiari ekingo deutso 30 urteko neska gazteak, Dyane 6 auto zaharrean. Beharbada ez da bidaiari petoa, baina esperientziak libreago, zoriontsuago izateko eta zauriak ixteko balio izango deutso Norari. 2020ko Donostiako Zinemaldian aurkeztu zan arren, pandemiaren erruz atzeratu egin behar izan eben Nora-ren estreinaldia zinema areto komertzialetan. Lara Izagirre zuzendariagaz egin dogu berba euskal zinemagintzearen harribitxi honen ganean.
1.- Filma aretoetan estreinau barri dozue, orain arte ikusi dabenek zer esan deutsue?
Jentearentzat oso hurreko istorioa da. Aurreko batean, Bartzelonako aurrestreinaldian esan euskuen besarkada baten moduan sentidu ebela pelikulea. Oso konparazino ederra da, ze nire hasikerako idea, filmari emon nahi neutsan indarra, besarkada baten oso antzekoa zan. Ikusleek be holan hartu dabe Nora, gauza goxoa da, neguan jazten dozun manta baten modukoa. Pozik nago, hasikerako asmoa bete dodalako.
2.- Filma, alderdi bisualetik, oso argitsua, eguzkitsua eta baikorra da, udako paisajez betea.
Pelikula udatiarra da, tonu alaiduna. Personaia nagusiak be bizitzeari aurre egiteko jarrera baikorra dau. Energia horregaz lotu dogu dana, adibidez, enkantudun lokalizazinoak bilatu doguz, baina handikeria barik, hurreko txokoak dira danak. Berez ederrak diralako aukeratu doguz, Euskal Herrian dogun edertasuna erakusteko. Bizkaian eta Ipar Euskal Herrian grabau dogu filma.
3.- Road movie modukoa da Nora, baina era horretako filmetan agiri diran paisaje zabalen ordez, hurragoko perspektibea bilatu dozue.
Bai, ze ez dogu filma egin paisajeak erakusteko; ostera, Noraren bidaiaren barruan erakutsi nahi izan doguz paisajeak. Ez dot nahi izan fokua paisajean ipintea, protagonisteari kenduta. Nora leku eder baten dago eta bere begietatik ikusiko dogu.
4.- Grabazinoen zati bat Zornotzan egin dozu, zelakoa izan da zeure herrian lan egitea?
Polita izan da, oinarrizko kanpamendua Zornotzan ipini genduan, eta amaren etxera joaten nintzan lotara. Nire lehenengo pelikulea osorik grabau genduan Zornotzan eta oraingo honetan, ostera, pixka bat urrundu naz etxetik, ze parte bat baino ez da herrian izan. Hori bai, personaia nagusia nongoa izango zan erabagiterakoan, pentsau neban Nora zornotzarra izango zala, neure moduan. Filmean agertzen diran lekuak ezagunak dira niretzat: tabernaria, liburu-dendakoa, Noraren etxea egiteko lekua alokairuan itxi euskuna... Danak dira ezagunak, oso etxekoa izan da dana. Pelikuleari berari lagundu deutso horrek, familia moduko bat sortu dogulako talde teknikoan eta artistikoan. Zornotzak eta zornotzarrek beti funtzionau dabe ondo nire proiektuetan. Bestetik, herritarrek interesa agertu dabe pelikuleagaz. Galdetu egiten deuste ia zelan doan edo noiz ikusi ahal izango daben zineman.
5.- Bidaiak sarri izaten dira aldaketen edo bilakaera personalaren sinbolo. Norari zelan eragiten deutso Euskal Herrian zeharreko bidaiak?
Bere bizitzako bidaiarik garrantzitsuena da. Bidaia laburra da, berez ordu bian egin zeinke ibilbide osoa, baina berarentzat funtsezkoa da egun horreetan pasetan dana. Aitiaren heriotzeak bultzatzen dau bidaiari bakarrik ekitera, eraldaketa personalerako tartea emoten dau horrek. Beharbada, hasikeran ikusleak ez dira konturatuko non dagoan aldaketa hori, baina, amaieran, ikusitako eta esandako guztiak gogoratzean, esango dabe guau, egon da eraldaketea, bai!. Bidaia fisikoa ez eze, Noraren barruko bidaia da.
6.- Senideen arteko loturek be pisua dabe filmean: Noraren hartu-emonak aititagaz, gurasoakaz...
Aitiaren eta Noraren arteko loturea inportantea da istorioan. Neure bizipenak agertu nahi izan dodaz hor, aititagaz izan neban hartu-emona, eta amamagaz oraindino daukadana. Amama da, baina laguna be bada. Horregaitik, aitita-loba lotura hori landu eta erakusteko ahalegina egin dot, kasu honetan, zaintza lana dago, Norak jagon egiten dauelako aitita, baina bien arteko adiskidetasun eder bat be badago.
Gurasoen kasuan, ostera, asmoa izan da Nora zelakoa dan ulertzea aita eta ama ezagututa. Ama lurrari lotuta dago, oso praktikoa, batzuetan, egin behar dana egin behar da da bere esaldia. Aitak, ostera, ames egitera bultzatzen dau Nora, helburu handiak ipini eta horreek lortuko ditualakoan dago. Kontraste handia dago aitaren eta amaren artean, eta hortik ulertzen da ondo Noraren nortasuna zelan sortu dan, batez be alaba bakarra dalako. Ama modu batekoa izanda eta aita kontrakoa, ez dau erreferente errazik izan, hortik datoz Noraren kontraesanak. Familia gehienetan izaten dira halako gauzak.
7.- Ane Pikaza aktorea da Nora. Personaia gorpuzterako orduan, zer emon deutso Anek?
Dana emon deutso, bere gorputza eta ahotsa, baina baita bere energia be. Aneren eta Noraren energiak oso antzekoak dirala esango neuke, Ane oso argitsua da, hori zan bilatzen nebana personaia honetan. Gero, gaitasun handiko aktorea be badala esan behar dot: ondo daki eszena tragiko bat komiko bihurtzen segundu bakarrean, baina pasau barik, eta personaiari geruzak emoten.
Bestetik, arte plastikoen arloan be lagundu deusku Anek. Marrazkilaria be bada bera, eta, orduan, Norak bere bidaian egiten dituan marrazkiak Anek benetan egindako ilustrazinoak dira.
8.- Zure lehenengo film luzean, pisu handia eukan Irene Escolar aktoreak; oraingoan, Ane Pikazak hartzen dau erantzunkizunik handiena. Gustoko dozu zure filmetako istorioak aktore bakar bategan oinarritzea?
Oraingoz hori da nire idazteko moduan naturalen urten deustana. Ezin dot esan hori aldatuko dan ala ez, orain arte eroso egon naz egitura horregaz. Beharbada nire lehenengo film luze bietako kontua baino ez da, ez neuke jakingo ziur esaten.
9.- Sei urte pasau dira Un otoño sin Berlín estreinau zenduanetik. Zinemagile lez bilakerea izan dozu proiektu bien artean?
Oso positiboa izan zan Un otoño sin Berlin-eko esperientzia, film horri oso lotuta egon naz sei urteotan, nire film luze bakarra zalako eta alkarrizketa guztietan gai nagusia izaten zan. Asko ikasi dot, eta bigarren hau egiteko orduan bildur pixka bat be izan dot, konparazinoak egongo ete ziran. Ez neban egin nahi Un otoño sin Berlín 2. Beharbada horregaitik oinarrizko ezaugarri batzuk aldatu dodaz Nora-n, adibidez hizkuntzea. Lehenengoa gaztelaniaz izan zan eta bigarrena, euskeraz. Beste leku baten kokatu nau horrek hasikeratik, beste aktore batzukaz egin behar izan dodalako lan.
Udako filma izatea be pentsau neban. Horrek lehenengo pelikularik bereizi egiten eban Nora, nabarmen: euskeraz, udan eta Euskal Herrian, Un otoño sin Berlín-en halakorik ez egoan. Zorionez, hasikerako bildurrak ahaztu dodaz, lehenengo proiekzinoetan jentearen eretxiak entzunda, konturatu naz Nora-k ondo funtzionau dauela, Un otoño sin Berlín-eko kritika onak ez zirala kasualidadea izan. Bigarren filmean beti dozu bildurra, lehenengoaren maileari eutsiko ete deutsazun, gauzak ondo egiten segidu nahi dozulako, eta lehenengo eretxi positiboak jasoten hasi arte ikara hori izan dot, gehienbat inkontzientea, baina hor dago.
10.- Dana dala, eskarmentuak lasaitasuna be emoten dau.
Bai, bigarren filma danez, lehenengoan egindako akatsetatik ikasten dozu. Gogoan dot Un otoño sin Berlín-eko grabazinoa tensino handikoa izan zala, erraza ez zan izan. Nora diferentea da, ondo pasetako asmoa izan dot. Taldeko guztiok ez bagagoz lasai eta filma egiten ez badogu ondo pasetan, ez dogu lortuko emoitza onik. Hobekuntza hori igarri dot. Lehenengo filmak beti ditu gauza politak, baina txarrak be bai. Bigarrenetik aurrera, aldatu egiten dira aldeko eta kontrako gauzak. Kontua da bidean aurrera egitea, orain hirugarrena egitea izango da hurrengo erronkea, hori be ez da erraza izango!
11.- Nora publikoaren gustokoa bada, zinemagitzan segitzeko indarra emongo deutsu.
Bai, orain pilak kargetan nabil. Filma egiteko prozesua luzea izan da, pentsau, sei urte pasau dira lehenengoa estreinau nebanetik bigarrenera. Pandemiaren erruz estreinaldia urtebetez atzeratu behar izan genduan, gauza asko pilotu jakuz sei urteotan. Publikoaren energiari esker indarbarrituko naz, euren babesa dodala begitantzen jat.
Argazkiak: Norafilma.com
Ikusi argazki guztiak handiago