AEK-k 2021-22 ikasturtea aurkeztu dau

Bizkaie! 2021-09-03 07:55   Euskerea berbagai

Euskerea ikasteko aukera ugari emongo ditue: presentziala, autoikaskuntzea eta online.

AEK-ko ordezkariak eta 'Bizidekarra', Iruñean (argazkia: AEK) | Ikusi handiago | Argazki originala

Ikasturte barriko eskaintzearen barri emon dau AEK-k Iruñean, 2021-22ko matrikulazinoa egiteko kanpainea aurkezteaz batera. Aurten be gogoan izan dabe pandemiak eragindako egoera berezia, eta, horregaitik, internet bidezko ikaskuntzea indartuta dator.

Euskal Herri osoko euskaltegiak eskura ditue euskerea ikasi edo hobetu nahi dabenek. Igazko esperientziatik abiatuta eta pandemiaren bilakaeran aurreikusten dan hobekuntzea tarteko, 21-22 ikasturtean euskaltegietara hurreratzen diran herritarrek inguru seguruago bat topauko dabe, dinoe AEK-ko arduradunek. Prebentzinorako eta osasuna babesteko neurriak hartuko ditue ikasgeletan.

Urrian hasiko da ikasturtea, eta modalidade ugari ipini ditu AEK-k ikasleen eskura: batetik, beti-betikoa, euskaltegietan klase presentzialetara joatekoa. Bestetik, euskaltegian bertan autoikaskuntzea izango dabe herritarrek (aurrez aurrekoa eta autoikaskuntzea buztartu leitekez, nahi izan ezkero). Era berean, online erako ikastaroak ezin dira ahaztu eta, azkenik, Foruko barnetegiko eskaintzea.

Erakunde askok (udalek, aldundiek, mankomunidadeek, Jaurlaritzeak eta Nafarroako Gobernuak) diru-laguntzinoak emoten ditue euskerea ikasteko, baldintza batzuk bete ezkero. Esate baterako, Euskal Autonomia Erkidegoan, B2 mailara arteko prozesua dobakoa da, maila hori gainditu dala egiaztatuta.

Iruñean egindako agerraldian Alizia Iribarren AEK-ko koordinatzailea egon da, baita Artezkaritza taldeko kide diran Aize Otaño, Aitziber Balantzategi, Iñaki Urkijo, Xabi Gartzia eta Bixente Claverie be, Arantza Goienaga irakasleagaz eta Kepa Vetura ikasleagaz batera. 

Bizidekarra izeneko sidekar berezia eroan dabe Iruñeko ekitaldira. Jentea euskerea ikastera animetako, herririk herri ibiliko da Bizidekarra, matrikulazinorako epea zabalik dagoan bitartean. 

Etxeko eta lagun arteko hartu-emonak euskeraz izateko, lan-egoerea hobetzeko, euskera-mailea sendotzeko eta abar, herritarrek AEKn aukera ugari ditue. Informazinoa jasoteko eta izena emoteko unea da; hilebete osoan, deialdi hori lau haizetara zabalduko dogu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu