Fernando Fernán Gómezen 'El viaje a ninguna parte' dakar Arriaga Antzokiak

Bizkaie! 2021-09-02 09:38   Kulturea

Irailaren 2tik 12ra arte ikusi ahal izango da.

Aste honetan eta hurrengoan, Arriaga Antzokiak El viaje a ninguna parte produkzino propioa berreskuratuko dau: Aurtengo urtarrilean estreinau eben eta publikoaren erantzun bikaina izan eban. Orain, zortzi saio eskainiko dira, eguenetik domekara. Aukera parebakoa da, beraz, pandemiaren ondoriozko murrizketakaitik edo beste edozein arrazoirengaitik Fernando Fernán Gómezen eleberrian eta ondorengo filman oinarritutako lan honetaz gozau ezin izan eben guztientzat. El viaje a ninguna parte lanean koprodukzinoa egin dau Madrilgo Fernán Gómez Antzokiak eta han be ikusi ahal izango da irailaren amaieran, Bilboko saioen ondoren.

Muntaiaren zuzendaria Ramón Barea da baina zuzendariaz gan, antzezleetako bat be bada eta Don Arturorena egiten dau, El viaje a ninguna parten antzezten diran komikoen konpainiako lehen aktore eta zuzendari izandakoarena. Fikzinoan bere semea dana, Don Carlos Galván, Patxo Telleriak interpretauko dau eta bilobea (Carlitos Galván) Mikel Losadak. Jakina, ezin dira falta personaia karismatikoak, besteak beste, Don Arturoren lehengusinea (Julia Iniesta andrea, Itziar Lazkanok antzeztua), Rosa del Valle alaba (Aiora Sedano) edo Juanita Plaza (Irene Bau). Eta hainbat papeletan, moldakortasun handiko aktore bi ditugu: Diego Pérez eta Adrián García de los Ojos. Azken hori, gainera, ikuskizunaren musikaz arduratu da, giro eta estetika aldetik Jose Ibarrolak diseinautako agertokiarekin eta Betitxe Saituaren jantziakaz erabat lerrokatuta dagoana. David Alkortaren argiztapenak eta María Casanuevaren atrezzo lanak multzoari dotoretasuna emoten deutse.

Ramón Bareak Fernando Fernán Gómezen eleberri eta ondorengo film arrakastatsua hartu eta Ignacio del Moralek antzerkira egokituta, obra oso aberatsa eregi dau, jatorrizkoaren esentziari eta egilearen espirituari eusten deutsena. Duda barik, lan hau ikusten dabenek Fernando Fernán Gómezen begirada berezia eta umorea antzemango ditue. 2021 honetan 100 urte bete dira Fernán Gómez jaio zanetik eta gainera Bareak aurrez aurre ezagutzeko plazerra izan eban, haregaz lan egin ebalako Vivir loco, morir cuerdo obran, Barea Kixotearena egiten, Fernando Fernán Gómezen beraren zuzendaritzapean.

El viaje a ninguna parte obreak komikoen lanbidea konpainia ibiltari batean aurrera eroateko modu jakin bat dau ardatz. Azken finean, ogibidearen gorabeherak azaltzen dira, benetan bokazinozkoa danaz. Bizitzearen eta erresistentziaren mikromundu txikia dan horretaz. Mendeetako tradizinoa dauen eta etenbarik birsortzen dan lanbideari egindako omenaldia da. Hil eta birsortu egiten da. Zinemea, soinudun zinemea, irratia, telebista, Internet... etorri diran arren. El viaje a ninguna parte Antzerkiaren arte honen etenbako metafora bilakatu da, funtzino bakar eta errepetiduezin bakotxean birsortzen dan antzerkiarena.

Ramón Bareak gogoratu dauenez, antzezlanaren oinarrian dagoan eleberria komiko batek egin dau, komikoen seme eta komikoen artean hazitakoak eta badaki zertaz, zelan eta zergaitik berba egiten dauen. Gogoratu egiten dau. Holako kontuak biziten badira bakarrik uler daitekez. Horregaitik, geugaz etortea izango da onena, ikuslea bidaia honetara gonbidatzen dogu. Antzerkia besterik ez da, baina... benenoa dau, antzerkiak pozoia dau. Goazen, autobusa badoa eta!.

El viaje a ninguna parte

Egilea: Fernando Fernán Gómez.

Antzerkirako egokitzapena: Ignacio del Moral.

Zuzendaritza: Ramón Barea.

Antzezleak: Patxo Telleria, Mikel Losada, Ramón Barea, Itziar Lazkano, Irene Bau, Aiora Sedano, Diego Pérez, Adrián García de los Ojos.

Espazio eszenikoa: Jose Ibarrola.

Musika: Adrián García de los Ojos.

Jantziak: Betitxe Saitua.

Argiztapena: David Alkorta.

Atrezzoa: María Casanueva.

Zuzendariaren laguntzailea: Galder Sacanell.

Jantzietarako laguntzailea: Karmele Corona.

Produkzioaren laguntzailea: Nagore Navarro.

Koprodukzinoa:

Arriaga Antzokia (Bilbo) / Fernán Gómez. Centro Cultural de la Villa (Madril).

Banaketea eta produkzinoa biran: Portal 71.

Sarrerak

Erosi sarrerak hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu