'Ura bere bidean', euskal kantuen bizi barria
2021-09-02 08:37 MusikeaOrkestrarako bersinoan eta 360º teknologia erabilita grabau ditue abestiak gaur egungo musikari ezagunek.
Fair Saturday alkarteak martxan jarritako Ura bere bidean egitasmoak jentaurreko lehenengo pausua emon dau, sarean jarten hasi dalako euskal kantuen ikus-entzunezko bersino modernoak, 360º teknologian grabautakoak. Fernando Velazquez konpositoreak orkestrarako egokitu ditu euskerazko abesti ezagun-ezagunak (gehienak 1970eko hamarkadakoak), eta gaur egungo musikariek berrinterpretau ditue.
Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Laboral Kutxaren babesa dauen proiektu berezi hau pandemiaren momenturik ilunenetan hasi eben, kulturgintzeari bultzadea emoteko asmoz, eta orain aurkeztu dabe, musikarien eta musikazaleen arteko loturea lehengora bueltauko dalakoan. Hortik Ura bere bidean izenburua.
Fernando Velazquezen zuzendaritzapean, Bilboko Orkestra Sinfonikoak eta Koral Alkarteak hartu dabe parte grabazinoetan. 14 kantu dira, eta bakotxean gaur egungo musikari batek edo batzuek kantau dabe. Enrique Villarreal El Drogas, Francis (Doctor Deseo), Aitor Gorosabel (Su Ta Gar), Aiora Renteria (Zea Mays) eta beste asko entzun leitekez.
Bizi barria emoteko aukeratu dituen kantuen artean, ostera, 1970eko hamarkadako euskal kantagintzakoak dira nagusi: Xabier Lete, Lourdes Iriondo, Erramun Martikorena, Mikel Laboa, Imanol eta abar. Pixka bat barriagoak diran batzuk be sartu ditue, adibidez Gatiburen Zoramena.
Ura bere bidean egitasmoaren proposamenaz gozetako bide bi egongo dira, hau da, internet bidez eta zuzenean. Irailaren 1ean hasita, astero kantu baten ikus-entzunezko grabazinoa igongo dabe fsnext.org gunera, eta 7 euroko harpidetzea pagauta ikusi ahal izango dira guztiak. Jabi Elortegik zuzendu ditu bideoak, Javier Agirre argazki-zuzendariaren laguntzaz, eta 360º teknologiagaz grabau diran era honetako lehenengoak dira musikagintzan.
Errealidade birtuala eta 360º teknologia etxean ikusi leikien persona gitxi dagozanez, saio berezi batzuk be antolatu ditue Bilboko Yimby aretoan, 25 laguneko talde txikientzat. Betaurreko berezien bidez, kantuen magia guztiaz gozau ahal izango da bertan.
Zuzeneko emonaldiei jagokenez, abendura arte itxaron beharko dogu. Hil horren 10ean eta 11n, Bilboko Miribilla auzoko Bilbao Arenan, proiektuan parte hartu daben artisten kontzertuak egongo dira.
Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputadu Lorea Bilbaok, Ura bere bidean aurkezteko ekitaldian, zera adierazo dau: atzera begiratu bai eta erreferente doguzan horreen kantuak kantau, eta aldi berean gaurko artisten eta kantuen transmisinoa be bermatu, ikusgarriago eginez. Lehengoak jakina! Oraingoak zelan ez!.
Honeek dira proiektuko 14 piezak:
- Alex Sarduik Gatiburen Zoramena.
- La Oreja de Van Gogh-eko Leire Martínezek Baratze bat, Pier Paul Bertzaitzena.
- Zumezko lokarriak El Drogas-ek berak Alzheimer gaixotasuna dauen amari kantautako abestia da.
- Mäbuko Txarlie Solano eta María Blancok Lourdes Iriondoren Gaua.
- Su Ta Gar-eko Aitor Gorosabelek Itxaropena.
- Huntzako Josune Arakistain eta Uxue Amonarrizek Erramun Martikorenaren Xorieri mintzo zen.
- Zea Mays-eko Aiora Renteriak Mikel Laboaren Gorputzaren zilbor hesteak.
- Mikel Urdangarinek Kideari abestiaren bersinoa.
- Doctor Deseoko Francis Díezek Ni naiz, Xabier Leterena.
- Suako Ane Barrenetxeak Itoitzeko Hegal egiten.
- Idoiak Mendian gora haritza, Imanolena.
- Olatz Salvadorrek Xabier Leteren Seaska kanta.
- En Tol Sarmientoko Iñigo Etxezarretak Nere herriko neskatxa maite, Benito Lertxundirena.
- Hertzainak taldeko Garik eta Josuk Aitormena.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!