'Jazz ibiltaria' zikloko lehen kontzertua hartuko dau Bergarak

Bizkaie! 2021-09-01 12:52   Musikea

Kontzertuak doban izango dira.

Elsa Garcia Lizundia saxofoi jotzaile bilbotarrak zuzentzen dau jazza maite dabenentzat SGAE Fundazinoak babesten dauen ekimena. Datorren igandean, irailaren 5ean, Jazz Ibiltariaren lehen esperientzia hasiko da Bergaran. Euskadin dozenaka talde batzen dituan generoa da, herrialdeko jaialdi handien zirkuitutik harago.

Lau kontzertu izango dira, Organic Matters eta Girls in Band taldeen eskutik, Elsa Garcia Lizundia saxofoi jotzaile bilbotarraren koordinazinopean: Bergaran (hilak 5 / Organic Matters), Beasainen (hilak 12 / Organic Matters), Galdakaon (hilak 16 / Girls in Band) eta Elorrion (hilak 17 / Girls in Band). Udalerrietako kultura-sailen lankidetzeagaz dator.

Taldeak

Organic Matters taldeak hasierea emongo deutso zikloari. Egungo euskal jazzaren eszenan ezagunak diran musikariek osotutako laukotea da. Taldearen elementu erabagigarria Hammond organoaren vintage soinua da, jazz sasoi batean kokatzen dabe soinua; Brother Jack McDuff, Lou Bennett, Jimmy Smith, Shirley Scott eta Jimmy McSam dira erreferentziak, Yahley eta Golgs, bestalde, egungoen artean. Beren errepertorioan konposizino propioak eta jazz arlokoak tartekatzen ditue. Organic Mattres Gorka Iraundegi (Hammond), Miguel Salvador (gitarra), Aingeru Torre (saxo altua) eta Alex Alonso (bateria) dira.

Bestalde, Girls in Band taldean lau emakume dira, Elsa García Lizundia buru dala. Laukote formako formazino honek freskotasun eta sensibilidade handia nahasten ditu zuzeneko indartsua eskainiz. Ipar Amerikan 30 eta 40ko hamarkadetan talde handietako hainbat emakumezko kide izan ziran eta jokabide sexista zein arrazistakaitik errekonozimendurik jaso ez eben ehunka emakume instrumentista gogoratu eta omendu nahi ditue; esangura horretan, egoereak eboluzionau dauen arren, ez ohikoak dira emakumeek bakarrik osotutako taldeak, batez be, jazzaren estilo esklusibo eta liluragarrian. Danetara, oinarri erritmiko sendoa ardatz, energiak eta komunikazinoak zein inprobisazinoak buztartzen ditue.

I Jazz Ibiltaria

SGAEren Euskadiko Lurralde batzordeak lehen ziklo bat antolatzea proponidu eutson Elsa García Lizundiari programazinoaren erdigunean generotik bertatik sortzen dabizen euskal taldeak jarteko. Saxofoi jotzaile bizkaitarrak, konpositore, interprete eta ekitaldien antolatzaile lanetan ibilitakoak proposamena onartu eta buru-belarri sartu da antolakuntzan.

- ORGANIC MATTERS
Bergaran, irailaren 5ean, domekan, 19:00etan, San Martin plazan.

- ORGANIC MATTERS
Beasainen, irailaren 12a, domekan, 19:00etan, Igartza Monumento Multzoan.

- GIRLS IN BAND
Galdakaon, irailaren 16an, eguenean, 20:00etan, Ardanza plazan.

- GIRLS IN BAND
Elorrion, irailaren 17an, barikuan, 19:00etan, Arriola Antzokian.

* Sarrera librea

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu