Bilboko Guggenheim Museora 174.000 bisitari joan dira udan

Bizkaie! 2021-09-01 08:16   Musikea

Pandemiaren eragina igarten dan arren, igazko epe bereko kopurua bikoxtu da.

Publikoa, museora sartzeko ilaran (argazkiak: Bilboko Guggenheim Museoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Guggenheim Museoko arduradunak pozik dagoz 2021eko bisitarien datuakaz, pandemia sasoian egon arren jente askok ikusi ditualako bertako erakusketak. Garagarrilean eta abuztuan 174.000 bisitari pasau dira txarteldegitik, hau da, igazko epe beraren ia bikotxa. 

Berez, azken urteotako udarik eskasenetako bat izan da 2021ekoa bisitarien aldetik, baina kontuan izan behar da igazko eta aurtengo urteak ezin dirala ohiko moduan balorau, Covid-19ari aurre egiteko neurriak oztopoa diralako museoentzat. Batez be, atzerritik datozanen artean igarri dabe beheraldia Guggenheimen. 

Hilean hileko datuei begiratuta, abuztua izan da oparoena, 106.000 bisitari. Garagarrilean, 67.000. Bagileko zenbakia be emon dau Guggenheimek, 28.000. Egunez egun, abuztuaren 4a izan zan jentetsuena (4.400 bisitari).

Euskal Herriko eta inguruko jentea hurreratu da gehienbat, baita Espainiako erkidego guztietakoa be. Ganerako herrialdeen artean, Frantzia dago buruan (% 19), pandemia aurreko sasoiaren antzeko proportzinoan. Askoz atzerago datoz Herbehereak ((% 5), Alemania (% 4), Italia (% 3) eta AEBak (% 3). 

Publikoa gogo barrituta dator museora, bidaien eta edukieren murrizketak arindu ahala, adierazo dabe Guggenheimeko arduradunek. Ganera, bisitarien gogobetetasun-indizea oso altua izan da, uda honetako programazino askotariko eta erakargarriari esker.

Puppyren omenezko rapa

Museoak diru-bilketea egiteko kanpainea hasi dau, Puppy eskulturearen egiturea konpontzeko finantziazinoa lortzeko, Bizibarritu Puppy izenburupean. Ia 25 urtez museoaren jagole izan eta gero, goitik beherako erabarritzea behar dau, itxura danez, Jeff Koonsek egindako eskultureak. Gransan MC rapero bilbotarrak, kanpaineagaz bat egin, eta P.U.P.P.Y. izeneko kantua plazaratu dau. 

Puppy txakurrari ahotsa emotea izan da Gransanen asmoa, eta, bide batez, diru-bilketan parte hartzeko deia egiten deutse herritarrei. Rap munduari egindako keinuz beteta dago kantua, Gransanen ohiko estiloan. 

Ikusi eta entzun P.U.P.P.Y. kantuaren bideoklipa hemen.

Bagilean hasi eban Guggenheim Museoak Puppy konpontzeko diru-bilketea, 100.000 euro batzeko asmoz. Aldi baterako eskulturea izateko sortu eban Koonsek loraz egindako txakurra, baina bilbotarren eta bisitarien kuttuna bihurtuta, museoaren aurreko plazan geratu da betiko. 

12 metroko eskulturearen altzairuzko egiturea sendotu behar da, ureztatzea hobetu eta barruko geruzak bizibarritu. Prebentzinozko eskuhartze horri esker, museoko arduradunen asmoa da Puppy baldintza bikainetan egotea aurrerantzean be. Bide batez, eskulturako lorak ureztatzeko behar dan ura gitxitu nahi dabe. Orain arte 28.000 euro batu ditue.

Gransan rapero bilbotarrak hogei urte baino gehiago daroaz musikearen munduan, kantuak idazten, oholtza ganean abesten eta ikus-entzunezkoak produziduten. 2005ean Cadena 100 irratiaren lehiaketea irabazi eban eta, 2014an, BilbaoCentro alkartearena. Bilbao Basket taldearen Men In Black doinua be berea da. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu