Eguneko menua: Kilometro Bertikala Arrazolatik eta postrea, Andasto

Amaia Larruzea 2021-08-31 13:19   Ibilian-ibilian

Ederrak dira, benetan, Anboto eta Udalatx bertatik ikusita.

Badira Euskal Herrian ezagunak doguzan hainbat mendi, eta horreen artean, derrigorrez aitatu behar dogu Anboto, mendi berezia eta askotarikoa. Bide ugari dagoz bertara heltzeko: Urkiolatik doan ohikoa, Alluitzetik hasita ertz guztia eginda, Zabalandik eta abar. Baina horreen artean desnibelik gehien pilotzen dauena Arrazolatik gora doan bidea da; zein eta Anbotoko Kilometro Bertikal lez ezaguna doguna.

Oraingo honetan, Andasto mendia ezagutzeko nahia neukan, mila buelta emonda inguruotatik eta sekula bertan egon barik nengoalako. Mendi ederra da bere horretan, baina ez dau berezko lilurarik, esango neuke inguruak emoten deutsala ikusgarritasuna, beraz, zer hoberik ibilbidea pixka bat luzatzeko Anbotogaz bat egitea baino.

Ganera, aspaldi honetan ez naz bertikaletik igon eta gogoa neban hauspoa pixka bat martxan jarri eta aldatz gogorrari aurre egiteko, gustuko dodalako gorantz sufridutea. Horretarako ezin hobea da bide hau, 3,8 kilometroan 1.092 metroko desnibel positiboa dauelako.

Hasi gaitezan, bada, abentura barri honetan, eta, horretarako, Bizkaiko Atxondo herrira abiatuko gara, hain zuzen be, Arrazola auzora. Bertan, goikaldean, aparkaleku bat dago eta alboan frontoia eta herriko plazea. Amillena taberna ederrean dagoan giroari erreparatu, eskumako etxeko iturri ezagunean ur gozoa hartu eta bagoaz gorantz. Etxe artean aurrera egingo dogu eta bidegurutze batera heltzean eskumatara jo, ezkerreko bidea itzuleran egingo doguna izango baita. Behin azken baserrira helduta, asfaltoa amaitu eta mendi bideari ekingo deutsagu.

Hemendik aurrera, galbiderik ez dagoala esango neuke, markauta ez dagoan arren, lurreko lorratzak argi ikusten dira ibilbide estu batetik aurrera eginez. Basoa amaitu eta berehala, panoramika ederrak edegiko dira gure begien aurrean, bertikaleko lasterketearen anoa-puntua jarten daben lekua da, igoerako toki lau bakarra. Bertatik eder doguz Larrano, Udalatx eta Atxondoko auzoak. Hona hauspoa berotuta heldu baldin bagara, atsedena hartu geinke argazkiren bat ateratzeko, hemendik aurrera datorrena gogorragoa baita, baina ederra aldi berean, zig-zag eran egingo dogulako gorantz.

Goazen, bada! Kilometro eta gitxi falta jaku, baina ondo dakigu desnibela dala hemen garrantzitsuena eta ez hainbeste distantzia, ez dau antzik Urkiolako ohiko igoereagaz. Behin goian, esango neuke, nahiz eta gogorragoa izan, segurtasun gehiagoko bidea dala, Urkiolakoa guztiz leunduta dagoalako, hainbeste jenteren joan-etorriagaz, eta Arrazolakoa oraindino ez dago hain ibilita.

Bastoiek asko laguntzen dabe gora egitean, ez bazagoze ohituta ez dozuez hain lagun izango, baina bestela hobe da erabiltea, oso lagungarriak dira belaunei kargea kendu ahal izateko. Anbotoko Mariren gotorlekuan, geure mendi berezian gagoz, hori bai, goian behelainoa da nagusi oraingo honetan; ez dago inor tontorrean eta momentu batez horretaz gozetea ederra da, azken aldian jente andana ibilten dalako bertan. Argazkitxu bat eta beherantz goaz, ohiko bidetik oraingo honetan, Pol-poleko bidean. Jatsiera gogorraren amaieran, ostera, Zabalandirantz egingo dogu, iturrian ura hartu eta aurrera. Zabalandiko zelaietan zehar, Orixol eta Izpizte magalera. Handik ezkerrerantz jarraituko dogu, Besaidera joateko ohiko biderantz, eta Tellamendira jo beharrean, ezkerretara egingo dogu barriro, orain bai eguneko menuaren postrea dastatzeko, zein eta Andasto mendia.

Ederrak dira, benetan, Anboto eta Udalatx bertatik ikusita. Ganera, etxe inguruan mendi barri bat ezagutzea itzela da, esan dodan lez ez nebalako Andasto mendia ezagutzen, eta postre onek menuei gustu ederra emoten deutsen era berean, tontor hau benetan dastagarria izan da, merezi daben horreetarikoa. Andastotik pagadi artean sartu eta Arrazolarako jatsiereari ekingo deutsagu, berezia hau be, ikuspegi liluragarriez lagunduta bide guztian, plazara heldu eta geure ibilbideari amaierea emoteko, tripea beteta, gustu gozoagaz eta beste egun batean jatetxe eder honetan menua errepetiduteko gogoz. Danetara, 12,40 kilometro eta 1.116 metro desnibel positibo.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu