Bueltan da Zornotzako Eleizetan jaialdia

Bizkaie! 2021-08-31 09:30   Musikea

Sei kontzertu antolatu ditue udalerriko ermita eta eleizetan, irailaren 11tik 26ra. 

Faraj Suleiman palestinarrak zabalduko dau aurtengo edizinoa | Ikusi handiago | Argazki originala

Amorebieta-Etxanoko Udalak azaldu dauenez, Eleizetan jaialdiaren 2021eko edizinoaren egitaraua prest dago. Estilo ugaritako sei kontzertu antolatu ditue, irailaren 11n hasi eta 26ra arte. Betiko lez, Zornotzako auzoetako ermita eta eleizetan izango dira saioak.

Pandemiari aurre egiteko neurriak dirala eta, aurtengo kontzertuetako edukierea mugatua izango da eta zorrotz jagongo dabe. Hartara, sarrerak aurretiaz eskatu beharko ditue musikazaleek, Zornotza Aretoaren webgunean edo Zelaieta Zentroko txarteldegian. 

Faraj Suleiman piano jole palestinarrak emongo deutso hasikerea aurtengo edizinoari, irailaren 11n, 19:30etan. Boroako San Pedro ermitan da hitzordua. Arabiako doinuak eta erritmoak ekarriko ditu Suleimanek, jazzagaz buztartuta.

Hilaren 12an, Trio Vivo hirukotearen txandea izango da, Garaitondoko San Isidro ermitan, 19:00etan. Txirulea, biolea eta biolontxeloa lagun, Musikeneko ikasleen hirukote honek Barrokotik gaur egunera arteko bidaia egingo dau musikearen bitartez. Irailaren 11 eta 12ko kontzertuetako sarrerak irailaren 3tik eskuratu ahal izango dira. 

Zikloaren bigarren asteburuan, beste kontzertu bi antolatu ditue: irailaren 18an, La Guitarra Acompañada (Bernagoitiko San Migel, 19:30); eta 19an, Vocalia abesbatzea (Etxanoko Santa Maria, 19:00). Hilaren 25ean Patricia Krausek bere azken laneko doinuak aurkeztuko ditu (Larreako San Joan Bataiatzailea, 19:30) eta 26an Kendra Folk etorriko da (Dudeako San Miguel, 19:00). 

Amorebieta Etxanoko Udalak autobus zerbitzua jarriko dau sarrerak dituen herritarrek ermitetara joan-etorria egin deien. Autobusek kontzertuak hasi baino 30 minutu lehenago urtengo dabe Gudari kaleko geltokitik. Bernagoitiko kontzertukoak 45 minutu lehenago urtengo dau; eta Larreako kontzerturako ez da autobus zerbitzurik izango.    

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu