Iñigo Llopisek zidarrezko dominea jantzi dau Tokion
2021-08-30 07:50 KirolaRakel Mateo mungiarra be pozik, triatloian zazpigarren eginda.
Tokioko Paralinpiar Jokoak aurrera doaz, eta euskal kirolariek emoitza bikainak batu ditue orain arteko egunetan. Alexandre Léauték eskuratutako urrearen ostean, Basque Teameko Iñigo Llopis donostiarrak beste domina bat emon deutso euskal ordezkaritzeari, kasu honetan zidarrezkoa.
Llopis ugerlaria S8 mailako 100 metroko lepo estiloko finalean sartu zan, eta bigarren postuan heldu zan helmugara. Robert Griswold txapeldun amerikarrari ezin izan eutsan aurrea hartu, honek munduko errekorra ezarri eban eta. Llopis ez zan poz-pozik geratu bere denporeagaz (1:06:82 egin eban), baina ganerako guztiak atzean ixteko nahikoa izan zan, eta, beraz, zidarrezko dominea jantzi eban Tokioko piszina olinpikoan.
Atzetik aurrerako bidea egin eban Llopisek finalean, bide erdietan hirugarren zan. Helmugan, ostera, bigarren lekura igon eban, brontzezko dominea irabazi eban Fenggi Liu txinatarraren aurretik.
Orain dala hile batzuk Europako txapeldun izan zan eta Paralinpiar Jokoetan zidarrezko dominea irabazi dau, beraz, urte biribila izaten dabil aurtengo hau Llopisentzat. Palmaresa potolotzen segidu leike, Tokion beste proba bat geratzen jakolako, 400 metro libreak.
Bestetik, Rakel Mateo triatloilari mungiarrak be emoitza ona eskuratu dau Tokion. Kasu honetan, dominaren bat irabaztera ez da heldu, baina zazpigarren lekuari esker diploma olinpikoa ekarriko dau etxera, paratriatloiko PTS2 kategorian. 2016ko Rioko Jokoetan be diplomea eskuratu eban.
Paralinpiar Jokoei geratzen jakezen egunetan euskal kirolarien domina gehiago ikusteko aukerea handia da, batez be gurpil-aulkiko saskibaloian. Espainiako taldea final laurenetan dago, emakumezkoetan zein gizonezkoetan. Agurtzane Egiluz, David Mouriz eta Asier Garcia dira gure ordezkariak taldeotan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!