Alexandre Léauték urrezko dominea irabazi dau Tokion
2021-08-26 10:27 KirolaPistako jazarpen proban (C2) onena izan da txirrindulari lapurtarra.
Tokioko Paralinpiar Jokoetako euskal ordezkariak hasi dira lehiatzen, eta lehenengo garaipenak be heldu dira. Alexandre Léauté txirrindulari gazteak bere kategoriako finala irabazi dau, bakarka, eta urrezko dominea jantzi. Hiru kilometroko pistako jazarpen proban (C2) hartu dau parte eta, bizkorrena izateaz gan, munduko errekorra be hobetu dau (3:31.478).
Euskal kirolarientzat ez eze, Frantziako Selekzinoarentzat be lehenengo urrezko dominea da Léautérena Tokioko Paralinpiar Jokoetan. Jaiotzez bretainiarra dan arren, Lapurdin bizi da gaur egun Léauté, eta Ahurtiko Urt Vélo 64 kirol zentroaren izar nagusietako bat da.
Jaiotzetik paralisia dauka gorputzaren eskumako aldean, eta, beraz, bizikleteari ezkerreko hankeagaz eta eskuagaz eragin behar deutso. Aita be txirrindularia izan zanez, Alexandre Léauték kirol horri heldu eutsan. Gaztea da (20 urte), baina garaipen ugari batu ditu dagoeneko. Hainbat bidar izan da bere kategoriako munduko txapeldun, pistan zein errepidean.
Barikuan, abuztuak 27, Léauté barriro lehiatuko da Paralinpiar Jokoetan, mila metroko erlojupekoan, pistan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!