Jokin Aspuru:'Mundu digitala be espazio publikotzat jo behar dogu'
2021-08-30 07:59 BarriketanGetxophoto jaialdiko zuzendaria.
Irailaren 2tik 26ra bitartean egingo da XV. Getxophoto, irudiaren nazinoarteko jaialdia. Erakusketa, tailer eta bestelako jarduerez betetako egitarau potoloaren bidez, arte bisualen arloko azken jokerak zabalduko ditu Getxophotok, gehienbat herriko kaleak eta plazak erabilita. Izan be, kulturea espazio publikora eroatea da jaialdiaren aldarrikapen nagusia.
Bigarren urtez, Jon Uriarte hondarribiarra izango da Getxophotoko komisarioa. Edizino honetan alkarbanatzea edo partekatzea da gai nagusia, eta kontzeptu zabal horrek emoten dituan aukerak eta artistek topetan deutsezen ertzak erakutsiko ditu Getxophotok, beti gizarteko ardura eta gogoeta barrienei adi. Begihandi alkarte antolatzaileko kide eta jaialdiko zuzendari Jokin Aspuruk emon deusku aurtengoak dakarrenaren barri.
1.- Alkarbanatzea da aurtengo edizinoaren gaia edo goiburua. Kontzeptu zabala da, nondik heldu deutse Getxophotora datozan artistek?
Beti aukeratzen doguz gai orokorrak, ikuspuntu ugari lantzeko modua emoten deuskulako. Alkarbanatzea esaten dogunean be, kontu bat baino gehiago izan dogu gogoan. Batetik, gaia aukeratu dogu, bizi izan dogun pandemia honetan, aurrera egiteko alkarbanatzea ezinbestekoa izango dalako gizartean, hori uste dogu. Artista batzuen lanak horri begiratu deutse.
Bestetik, alkarbanatzeak badau beste ikuspuntu garrantzitsu bat, mundu digitalari lotua. Sare sozialetan, gaur egun, dana da partekatzea, loturak alkarbanatzea... Alde digital hori be landu nahi izan dogu.
2.- Pandemia eta sare sozialak. Gaur-gaurko gaiak dira biak.
Getxophotoren helburu nagusietako bat hunkitzen gaituen edo eragiten deuskuen gaiak jorratzea da. Ganera, gure jaialdiak badauka malgutasun bat, beharbada museo handiek eta halakoek ez daukiena. Erakusketak bi edo hiru urteko aurrerapenez preparau behar ditue; guk, ostera, urtean bertan atontzen dogu dana, eta azken orduko nobedadeetara egokitzea errazagoa da. Postglobalizazinoa, zahartzaroa eta danetariko gaiak landu doguz hamabost urteotan.
3.- Pandemiak, gaiak aukeratzeko orduan ez eze, jaialdiaren antolakuntzan be eragin dau. Igaz eskaintzaren parte bat sarean izan zan, aurten be jokera horri eutsi deutsazue?
Jaialdiak bilakaera nabarmena izan dau hamabost urteko ibilbidean, hasi ginanean mundu digitalak ez eukan horrenbeste pisurik gure bizimoduetan. Horregaitik, digitalizazinora salto hori bardin-bardin egin nahi genduan, pandemia etorri zein ez. Getxophotoren ezaugarrietako bat da espazio publikoa erabiltea, baina espazio fisikoaz gan, gaur egun mundu digitala be espazio publikotzat hartu behar dogu. Hori dala eta, sareko programazinoak gero eta pisu handiagoa dauka Getxophoton, baina bestea ahaztu barik. Kultura bisuala sarean be badago, eta, Getxophotoren proposamen batzuk webgunean baino ez dira pasauko, gure webgunea ez da informazinorako edo promozinorako espazio hutsa, erakusketak hartzeko eremua be bada.
4. - Espazio publikoa, fisikoa zein digitala, berreskuratu behar dau sormenak eta kultureak?
Hasikeratik argi izan dogun gauza bat da hori. Getxophotoko proposamen gehienak espazio publikoetan izaten dira, areto txikiren bat be erabilten dogun arren. Konturatu behar dogu espazio publikoaren garrantziaz, guztiona dalako, danok dogu erabilteko eskubidea. Guk erabilpen barriak topetan deutsaguz eremu publikoari, eta aldarrikapen hori aprobetxetan dogu jentea alkartu daiten eta arteaz gozau deian. Espazio publikoaren aldarrikapena da gure zutabeetako bat, eta defensea, gero eta gehiago pribatizetan doalako, askotan marka pribaduek hartzen dabe, eta defendidu egin behar dogu danona dan espazio hori.
5.- Argazkigintzan hasitako bidea arte bisual guztietara zabaldu dau Getxophotok pixkanaka. Aurtengo programan ze proposamen barritzaile nabarmenduko zeunkez?
Ahalegintzen gara artea jenteari beste modu baten erakusten. Proposamen bitxien artean, bat aitatuko neuke, Gallery.Delivery. Performance moduko bat da, eta zera da funtzionamendua: pizza edo beste enkargu bat eskatzen dozun moduan, kasu honetan erakusketa artistiko bat eskatu zeinke. Orduan, rider edo banatzaile bat joaten jatzu etxera, eta erakusketa bat ipinten deutsu, ordubetez. Gero, gauzak batu eta hurrengo eskatzailearen etxera doa banatzailea. Proiektu dibertigarria da, baina badau mezu sakona be, prekariedadeaz, gauzak momentuan eta norbere etxean jasoteko beharraz... Artearen bidez egiten da gogoetea auzi horreen inguruan.
Ganera, performance hori bertoko artisten lankidetzeagaz egin dogu. Bizkaiko zortzi artistaren obrak ikusi leitekez erakusketa berezi horreetan. Apustu arraroa da, ez dakigu zelan urtengo dauen, hau da proposamenik apurtzaileena.
6.- Getxoko kale eta plazetan erakusketak, taldekako jarduerak, tailerrak eta abar dakarz jaialdiak. Dan-dana ezin dogu aitatu, baina mundu osoko artisten artean egin dozuen deialdi edegiak zelako erantzuna izan dau?
Sekula baino hobea, egia esan, 331 proiektu bialdu deuskuez, mundu guztiko 45 herrialdetakoak. Programazinoaren zati bat beti osotzen dogu deialdi edegi edo Open Call horregaz, ezagutzen ez doguzan artistei leihoa zabaltzeko eta, bide batez, Getxophoto nazinoartera zabaltzeko.
7.- Publikoak ze jarduera ditu gustokoen?
Bisita gidatuak beti izaten dira arrakastatsuak, bizkor beteten dira plazak. Aitatu behar da, gure jarduera batzuk publiko guztientzat dirala, baina badaukaguzala ekintza profesionalagoak be, artearen munduagaz loturea daben personentzat. Azken honeen artean, aurten martxan ipini dogun programa bat nabarmendu leiteke, MAPS dau izena, hau da, Mejores Amigos Para Siempre, hor parte hartzeko plazak be berehala bete dira. Argazkilari eta sortzaile gazteei zuzenduta dago, ikasleak lau egunez batuko dira Getxon, alkar ezagutzeko. Belaunaldi barriei espazioa emongo deutsegu. Nazinoarteko adituakaz egingo dogun Itxialdia topaketea be beteta dago dagoeneko.
Bestetik, umeentzako programazino berezia be atontzen dogu. Egia esan, umeentzat bakarrik ez, familientzat dala esan geinke. Helduak eta umeak alkarregaz Getxophotoko erakusketak ikusten etorri daitezan, bisitaldiak antolatzen doguz eta material didaktikoa be plazaratu dogu.
8.- Familiak erakarrita zein artearen munduan hasi nahi daben gazteei formakuntzea emonaz, kontua da Getxophotok belaunaldi barriei begiratzen deutsela.
Gure lorpenik handienetako bat da, hamabost urteko bidean, harrobi moduko bat sortu izana. Publiko barria erakarri dogu, lehen jente hori ez ebilen ikusizko arteen inguruan, eta orain Getxophoto noiz hasiko itxaroten egoten da. Hori da gure lanaren alderik pozgarriena.
9.- Jon Uriarte hiru urtez izango da Getxophotoko komisarioa, aurten bigarrena dau. Ze ikuspegi emon deutso jaialdiari?
Londresko The Photographer's Galleryko programa digitalen burua da, eta igarten da Getxophotora ekarri dituala hango ideak. Sare sozialetan eta interneten dagozan proposamen artistikoei leku handia emon deutse, betiko argazkigintzea ahaztu barik. Adibidez, aurten interneteko meme-ei buruzko erakusketa polit bat izango dogu. Internetetik hartutako irudiakaz lan egiten daben artista batzuk be izango doguz. Getxophotoren programazinoan interneteko sormen bisualari lekua egin izana da bere ekarpen nagusia.
Ganera, pozik gagoz Euskal Herriko komisario bati aukerea emoteaz. Oso ondo konpondu gara beragaz. Hurrengoa izango dau azken urtea eta penaz geratuko gara, baina Getxophotoren oinarrietako bat da hiru urterik behin komisarioa aldatzea, idea eta ikuspegi barriak sartzeko. Guretzat erosoagoa litzateke Jonegaz beste hiru urtez segitzea, baina geure burua barriztau behar dogula ondo dakigu.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!