'Batuz aldatu' agiriagaz bat egin dau UZEIk
2021-08-25 13:37 Euskerea berbagaiKontseiluak bultzatutako ekimena da, hizkuntza politiketan adostasun soziala bilatzeko asmoz.
Euskalgintzearen Kontseiluak uda aurretxuan aurkeztutako Batuz aldatu agiriak euskalgintzearen alorreko hainbat eragileren babesa jaso dau dagoeneko. Oraingo honetan, UZEIk iragarri dau proposamenagaz bat egin dauela, ohar labur baten bidez.
Euskereak gizartean, zerbitzuetan eta erakundeetan behar dauen lekua eskuratzeko pausua da Batuz aldatu agiria. Hizkuntza politiketan eragiteko adostasun soziala da azpititulua, Kontseiluaren asmoa dalako bide horretan gizarteko eragileak lagun izatea, euskalgintzakoak zein beste eremu batzuetakoak.
Pandemiaren eraginez, euskaldunen eskubide batzuk zalantzan ipini dirala ikusi dau Kontseiluak, osasun-larrialdiaren atxakian. Dana dala, Covid-19aren aurretik be aurrerapausuak egiteko beharraz ohartarazo eban. Kontseiluak esana eban euskalduntze prozesuak beste fase batera pasau behar ebala, hizkuntza politikak berrikusi behar genduzala, dino Batuz aldatu agiriaren aurkezpenak.
Igazko abenduan emon eban Kontseiluak bere asmoen barri, eta eragileen ekarpenak batzeko prest egoala esan eban, hizkuntzearen auzia erantzunkizun konpartidua dalako. Hasierako proposamena aberastu eben ehun ekarpen baino gehiagok. Bagilean gizarteratu eben Kontseiluak eta eragile ugarik aldarrikapena, aitatutako Batuz aldatu agiriaren bidez.
UZEIk egin dauen lez, euskerearen normalizazinoaren fase barri horretan parte hartu nahi daben ganerako eragileei be batzeko deia egin deutse Kontseiluak. Bidea ez dala amaitu nabarmentzen dau agiriak berak: batasun horretatik gure azken helburuari ekin nahi deutsagu, aldatzeari hain zuzen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!