Euskal musikea Finlandian entzungo da irailaren 1ean eta 2an

Bizkaie! 2021-08-24 13:21   Musikea

Gatibu, Zetak eta Olatz Salvador konbidau ditue Tampere uriko Bite Basque Beat jaialdira.

Lehenengoz egingo dabe Bite Basque Beat, euskal musikea finlandiarren artean ezagutzera emoteko jaialdia, irailaren 1ean eta 2an, Tampere urian. Bertan izango dira Gatibu talde bizkaitar beteranoa, Pello Reparazek arrakasta handiz bultzatu dauen Zetak proiektua eta azkenaldion zeresana emoten dabilen Olatz Salvador donostiarra. 

Euskerea eta euskal musikea ezagutzeko aukera bikotxa izango dabe Bite Basque Beat jaialdiari esker Finlandian. Irailaren 1ean, uriko leku banatan joko dabe hiru konbidaduek, ordubetez eta formatu akustikoan. 2an, ostera, hirurak leku berean izango dira, G Livelab areto ezagunean. Sarrerak saltzen hasi dira, eta erritmo onean doaz, antolatzaileen arabera.

Tamperrada ekimenaren barruan jaio da Bite Basque Beat. Donostiako Tanborradea gogoan, euskal kulturea eta gastronomia Finlandian zabaltzeko asmoz antolatzen dabe Tamperrada urtero, Tamperen. Pintxoak, Euskal Herriko jakiak, lehiaketak eta ekitaldi kulturalak egoten dira. 2013an sortu eben Tamperrada, eta, gaur egun, Basking Food & Culture egitasmoko Juanan Bilbaok eta euskal gastronomian aditua dan Mikka Reinikkak bultzatzen dabe. 

Etxepare Euskal Institutuak be laguntzinoa emon deutso Bite Basque Beat jaialdiari, euskal musika garaikidea Finlandian zabaltzeko bide aproposa dalakoan. Nazinoartean entzute handia dauen euskal gastronomiaren bidez bertoko taldeen barri emotea oso ekimen interesgarria dala uste dau Etxepareko Imanol Otaegik. 

Gatibuk, Zetakek eta Olatz Salvadorrek euren musikea ezagutzera emon ahal izango dabe Tamperen, baina Etxepareren asmoa harago doa: Finlandiako kultur eragileakaz hartu-emonak estutzeko aukera bikaina da, Otaegiren esanetan. Ez da ahaztu behar Helsinki uriburuko unibersidadean euskerea eta euskal kulturea erakusteko irakurletzea martxan daukala Etxeparek berak. 35 ikasle inguru dabiz gaur egun. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu