Ibarrolaren 'Guernica' Bilbon ikusi ahal izango da urritik
2021-08-24 08:33 KultureaPicassoren lan ospetsuaren berrinterpretazinoa da, eta Arte Eder Museoak erosi barri dau.
XX. mendeko azken zatiko euskal artearen eta gizartearen sinbolotzat hartu leiteke Agustin Ibarrolak 1977an egindako Guernica murala. Pablo Picassoren Guernica koadro ospetsuaren elementuak erabilita egindako obrea izateaz gan, Guernica Gernikara ekarteko aldarrikapenaren parte izan zan. Eskari hori egin eban artista eta pentsalari taldekoa zan Ibarrola.
Madrilgo ARCO azokan ikusgai egon zan Ibarrolaren murala, eta Bilboko Arte Eder Museoak aukerea aprobetxau eban berau erosi eta bilduman sartzeko. 300.000 euro pagau ditu. Artelana Bilbora ekarri eta museoan ipinteko prozesu guztia amaitzen dan momentutik, jentaurrean erakutsiko dabe. Urriaren 18an izango dala aurreikusi dau Arte Eder Museoko zuzendaritzeak.
Agustin Ibarrolaren (Gernika, 1930) ibilbide artistiko luzean mugarria izan zan Guernica murala, alderdi plastikoari zein sozialari jagokonez. Pablo Picassoren Guernica koadroko elementu ugari berrinterpretauta eta Ibarrolaren beste motibo batzukaz buztartuta ikusi geinkez 10 metroko muralean.
Diktadurearen jazarpenaren eta giro itxiaren salaketea da obrea. Era berean, Picassoren Guernica Gernikara eroateko eskariaren sinbolo izan zan.
1970eko hamarkadearen amaieran, Ibarrolaren lana Bilboko Arte Eder Museoan ikusi ahal izan zan lehenengoz. Aurkezpenetik urte bira, barriro egon zan ikusgai leku berean, baina, ondoren, hainbat lekutan egon zan, adibidez artisteak Oman dauen baserrian, harik eta Arte Eder Museoak erosi eta lehenengoz ikusi zan lekura ekarri dauen arte. Konserbazinoari jagokonez, obrea egoera bikainean dago.
Murala ez da bakarrik egongo museoan. Ibarrolaren beste obra bi ipiniko deutsez alboan, Arte Eder Museoari oraintsu dohaintzan emondakoak. Ganera, muralari jagokon dokumentazino ugari eta 1970eko hamarkadearen amaierako erakusketearen irudiak erakutsiko ditue, publikoak obra berezi honen kontestua hobeto ezagutu deian.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!