Ramon Barea: 'Praktikeak erakutsi dau Pabilioi 6 idea ona izan zala'
2021-08-23 08:00 BarriketanPabilioi 6 aretoko kidea.
Hamar urte bete ditu Pabilioi 6 aretoak, Bilboko antzerkigintzearen eta arte eszenikoen erreferenteetako batek. Sektoreko 13 lagunek sortu eta 200 zalek babestutako abentura zoroa egonkortu egin da hamarkada honetan, erakunde publikoen alkarlana be eskuratu dau, eta proiektu askoren habia izan da.
Arte eszenikoetan dabizan profesional eta zaleek sortua da Pabilioi 6, eurentzat eta proposamen barrien gosez egoan publikoarentzat. Zorrotzaurreko eraikin industrial baten dau egoitzea, eta laster barriztauko dabe goitik behera. Ramon Barea aktore eta antzerkigilea hasikeratik dabil proiektua bultzatzen, halako espazio bat ames urruna baino ez zan sasoitik. Berak kontau deusku Pabilioi 6ren hamar urteko bilakaerea.
1.- Arte eszenikoetako 13 profesionalek ipini zenduen proiektuaren hazia. Zerk bultzatuta batu zineen?
Lanerako eta gure lana erakusteko espazio bat izateko gogoak bultzatu gintuan. Gure ofizioa guztiz baldintzatzen dabe antzokiek, hau da, gu kontratau behar gaituen erakundeek. Horregaitik, norberaren aretoa izan ezkero, lotura hori erraztu egiten da, zuk zeuk antolatu zeinke zer egin, zer programau... Ohiko produktora bat ausartuko ez litzatekeen proposamen arriskutsuak egin zeinkez. Gure lanbidean % 90eko langabezia dagoanez, badogu astia bestelako jarduerak egiteko, adibidez formakuntzan sakondu edo proiektu barriak atondu.
Irene Bau eta biok izan ginan honen guztiaren lehenengo bultzatzaileak, Bilbo Zaharrean eta Iralabarrin lokal batzuk begiratu genduzan, baina hareek egitasmoak ezin izan genduzan gauzatu. Aukerea Zorrotzaurren agertu jakun, ze hango industria amaitzen ebilen eta bestelako jarduera batzuoi zabaldu jakun atea. Irenek eta biok emon genduzan lehenengo pausuak, baina Zorrotzaurreko pabilioia topau genduanean lantaldea indartzea pentsau genduan, eta holan sortu zan 13 bazkide sortzaileen taldea. Aktoreak eta antzerki-zuzendariak ez eze, jantzariak, eszenografoak eta bestelako profesionalak batu ginan.
2. - Gogoa handia zan zeuen espazioa izateko, baina baliabideak urriak ziran.
Diru-bilketa moduko bat egin genduan. Orain crowfunding esaten jako, baina nik nahiago dot esan ekimen solidario bat izan zala, jente askok bat egin eban proiektuagaz. Kulturearen eta artearen inguruko gure lagun askori eskatu geuntsan dirua: proiektua azaldu eta jesarlekuak saltzen geuntsezen, baina jesarleku imaginarioak, ze Pabilioi 6 egin barik egoan. 200 lagun inguruk egin eben bat, hareen bultzadea ezinbestekoa izan zan.
3.- Zelan gogoratzen dozu Pablioi 6 martxan jarteko momentua?
Gatxa izan zan, burugogorrak izan ginalako hasi zan martxan. Erakunde publikoetan eta kultura sektorean harridurea eragin genduan, ez eben pentsetan areto hau bideragarria izango zanik. Profesionalek eta produktoreek galdetzen eusten ia ze lan-baldintza eskaintzen genduzan, eta nire erantzuna beti zan: Momentuz, 35 metro luze, 12 zabal eta 10 altu; hortik aurrera, idearik be ez daukat, espazio hori daukagu eta asmau egin beharko dogu hor zer egin.
2011ko Aste Nagusian izan zan inaugurazinoa, eta Cantando bajo las balas obrearen emonaldi batzuk egin genduzan. Elektrizidadearen instalazinoa hondatu zan egun batzuk lehenago, eta generadore bat ekarri behar izan genduan. Bilboko Udaleko ordezkari bat etorri jakun, gure barri egunkarian izan ebalako, eta ze asmo genduan jakin guran. Pentsetan eban Aste Nagusirako behin behineko gauza bat zala, eta nik azaldu neutsan gure asmoa luzarora begirakoa zala. Zalantza asko egon ziran hasikeran, askok uste eben ez ebala funtzionauko. Hamar urte pasauta, erakutsi dogu hau bideragarria dala eta gehiago haziko dala.
4.- Erakunde publikoak sinesgogor egon ziran 2011n, baina, gaur egun, lagundu egiten deutsue.
Praktikeak erakutsi dau Pabilioi 6 idea ona zala. Erakunde publikoak, batez be Bilboko Udala, hasikeran harrituta egotetik gure babesle handietako bat izatera pasau dira. Gure lokalak jaube pribadu batenak ziran, alokairua ordaintzen genduan, eta Udalak erabagi eban jaubetzea berak hartzea eta, ganera, konponketa handiak egingo ditu laster. Erakundeak gure egitasmora batzen joan dira pixkanaka. Gaur egun, Pabilioi 6k ez dau eztabaida politikorik eragiten: talde politiko guztiak, Udalean zein EAEn, ados dagoz guk egiten dogunagaz. Hori harrotzekoa da, ez dalako ohikoa.
Hori bai, batez be txarteldegiak emoten dauenetik bizi da Pabilioi 6. Ekimen pribaduaren eta publikoaren arteko alkarlanaren eredua da. Talde pribadu batek kudeatzen dau, erantzunkizun eta konpromiso ugari hartuta, eta erakunde publikoek gure jardunaren alderdi defizitarioari aurre egiten laguntzen dabe, ze jarduera kulturalak defizitarioak izaten dira. Baina ez gara laguntzino publikoetatik bizi, gero eta ugariagoa dan publikoari esker baino.
5.- Hamar urte geroago, asko aldatu da hasikerako asmoa?
Aldatzen joan da Pabilioi 6ren inguruan dogun ikuspegia. Hasikera baten, proiektuaren idea eskuzabalegia geunkan, uste genduan ahalik eta jenterik gehienari oholtzan agertzeko aukerea emon behar geuntsala. Hau da, barikuan obra bat egoten zan, zapatuan beste bat, domekan barriro beste bat... Zoramena izan ziran lehenengo hileak, eta konturatu ginan egun guztia pasetan genduala muntaiak ipini eta kentzen. Ez zan bideragarria eta publikoarentzat be ez zan erakargarria.
Orduan, gauzak garbi ikusi genduzan: Pabilioi 6ren inguruan gabizanok hasi behar ginan sormen lanean, programazino finkatuagoa atondu. Pabilioi 6n batzen gara produktore, zuzendari, aktore, teknikari eta abarrak, eta espazio honi esker sortzen doguz obra batzuk, bestela sekula egingo ez ziranak. Hori izan da gure pausu handia, eta asmau dogu. Ez gara konpainia bat, jente piloa batzen gara hemen, eta horrek jarduera sendoa eragiten dau.
6.- Arte eszenikoetako eragile guztien ordezkariek lekua dabe, beraz, Pabilioi 6n.
Bai, jente ugari batzen gara hemen, baina, batez be, askotariko jentea dala nabarmenduko neuke. Belaunaldi guztietako kideak dagoz, ni orain hemengo gizon zaharra naz ia, eta alboan dodaz 20 urteko neska-mutilak, antzerki-eskolatik urten barriak.
7.- Produkzino propioak indar handia dau Pabilioi 6n. Zelan orekatzen dozuez zeuen obrak eta kanpokoak?
Gaur egun, lehentasuna produkzino propioei emoten deutsegu. Baina kontuan izan behar da, guk propiotzat doguzan proiektu asko Pabilioi 6ren egunerokoaren parte ez diran jenteagaz egiten dirala. Pitxitxi egin genduanean, adibidez, Lander Otaola ibili zan dana lantzen, baina, neurri baten, Pabilioi 6ren produkzinoa be izan zan. Jente asko erakarten dogu, eta geure espazioan sartu. Sormena barrutik bultzatzea eraginkorragoa dala ikusi dogu.
8.- Gazte Konpainia be badago Pabilioi 6n. Harrobia lantzea beharrezkoa da halako proiektu batek aurrera egin deian?
Bai, duda barik. Nahi izango neban nik, 20 urtegaz honen moduko espazio bat eskura izan baneu. Gazte Konpainiaren helburua da gazteentzat espazio bat sortzea, aukerak emotea, saltoa egin deien. Egonkortutako proiektua da Gazte Konpainia, eta, horri esker, laster bere lokala izango dau, Pabilioi 6ren alboan.
9.- Zelako publikoa joaten da Pabilioi 6ra?
Gure publikoaren oinarria antzerkiaren maitaleak dira, Pabilioi 6 egongo ez balitz be antzokira joango litzatekezenak. Horreekaz batera, guk badogu publiko gazte bat, jakinminez datorrena, beste gazte batzuek egiten dabena ezagutu nahi dabenak. Ganera, publiko barriak be sortu doguz, ahoz ahokoari esker. Gugana lehenengoz datorren jentea da gure publizistarik onena, gero beste lagun batzuei kontetan deutselako zer dagoan Pabilioi 6n, eta holan goaz publiko barrietara zabaltzen. Hori guztia kontuan hartuta, gure publikoak danetariko ezaugarriak ditu, ezin dogu perfil bat zehaztu, edade, gustu eta gizarteko eremu guztietako jentea etorten da.
10.- Pandemiaren sasoian Pabilioi 6ri martxan eustearen alde egin dozue, programa zabala eskainiz. Dana dala, azken urte eta erdia gogorra izan da zuentzat be bai?
Kolpe gogorra izan da sektorearentzat. Guk geure burua pribilejiadutzat dogu, zelanbait esatearren, gitxienez leku bat daukagulako batzeko eta geure proiektuak aurrera eroateko. Baina gogorra da bizirautea, ze lehen bagenkian publikoak aretoa bete ezkero Pabilioi 6k martxan segitzeko nahikoa izango genduala, justu-justu. Orain, aretoak erdizka baino ezin doguz bete, egin kontu. Baina ez gara geratu, uste dogu guardiako antzokia garela, baldintza txarragoetan izanda be, aurrera egin behar dalako. Kultureak, segurua izateaz gan, funtzino terapeutikoa dau pandemian.
11.- Kontuak kontu, hamar urte bete dozuez, eta 2021-22 denporaldia be hasi da. Palabrarismos estreinau dozue egunotan, zelako obrea da?
Olgeta komiko baten modukoa da Palabrarismos, hizkuntzearen bilakaerea jorratzen dau. Hiru aditu ospetsuren berbaldi bat da abiapuntua, dana bikain doa, baina, ia konturatu barik, berba-jokoen mundu baten sartzen ditue ikusleak. Aste Nagusia egingo litzatekeen egun honeetarako aproposa da era honetako ikuskizun bat, antzerkiaren bidez egindako olgeta freskoa da.
Ganera, Gazte Konpainia Gris egiten dabil egunotan. Grease komedia musikalean oinarrituta dago izenburua, baina Gris idatzita, sasoi bateko Bilbo grisaren eta harrezkero egon diran aldaketen ingurukoa dalako. Gazteek emon deutsen ikuspegia harrigarria da. Komedia-karaoke bat dala dinoe egileek, karaoke baten kokatuta dagoalako, musikea dago, umorea...
Argazkiak: Pabilioi 6 eta ramonbarea.com
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!