'Kultura herrikoia' aldarrikatuko dabe Konparsek Bilboko Irrian
2021-08-20 13:37 KultureaEkitaldi ugari antolatu ditue abuztuaren 25etik 29ra.
Igaz pasau zan moduan, aurten be ez da Bilboko Aste Nagusia egingo, Covid-19aren pandemiagaitik, eta, beraz, jaien inguruko ekitaldi guztiak bertan behera geratu dira. Bilboko Konparsek, Aste Nagusiko egitarauaren ordez, bestelako proposamen bat dakarre, Bilboko Irria, danetariko ekintza kulturalez betetako bost eguneko programazinoa.
Abuztuaren 25etik 29ra egingo dabe Bilboko Irria, segurtasun eta osasun neurri guztiak beteta, Konparsetako ordezkariek agerraldi baten azaldu dabenez. Egitarau herrikoia dala dinoe, baina Bilboko Udalak trabak ipini deutsezela be salatu dabe.
Konparsen arabera, Udaleko arduradunek beste interes batzuk ipini ditue erispide tekniko edo zientifikoen ganetik, Bilboko Irria ez daiten egin. Hasikera baten oneretxia euken ekitaldi gero eta gehiago debekatzen joan dira erakunde publikoak, Konparsen esanetan, nahi baino egitarau txikiagoa geratu arte. Ez dirala ardurabakoak ziurtutatu dabe, Udaletik hori zabaldu nahi izan dan arren.
Badirudi Konparsak ez garela ez helduak, ez fidagarriak eta, egiten doguna egiten dogula, ez dauela balio, ganeratu dabe. Eremu itxietan beste jarduera batzuk baimentzen diran bitartean (Bilborockeko kontzertuak, adibidez), Bilboko Irriaren egitarauko emonaldi akustikoek ez dabela baimenik salatu dabe, aire zabalean diran arren.
Kontuak kontu, Bilboko Irria eguaztenean hasiko da. Baina ez da ez jai-egitaraua, ezta ez-jaiak be, Konparsek ohartarazo dabenez. Egitarau kulturala da. Ez da jaietarako garaia, eta Konparsetan oso argi izan dogu azken urte eta erdian.
Erakundeen oztopoak eta orain dala egun batzuk Konparsen lokalean egon zan lapurretea kontuan izanda, Bilboko Irria ez da izango hasikera baten pentsautakoa. Edozein kasutan, kultura herrikoia aldarrikatzeko asmoari eutsiko deutso. Egitaraua hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!