Euskal kirolari paralinpiarrak Tokiora heltzen hasi dira

Bizkaie! 2021-08-20 10:43   Kirola

Abuztuaren 24tik irailaren 5era jokatuko dira Paralinpiar Jokoak Japoniako uriburuan.

Iñigo Llopis, aireportuan, Tokioko hegaldia hartzeko prest (argazkia: Twitter/Iñigo Llopis) | Ikusi handiago | Argazki originala

Orain dala aste batzuetako Joko Olinpiarretan euskal ordezkaritza zabal batek hartu eban parte. Martitzenean, hilak 24, hasiko diran Joko Paralinpikoetan be, bertoko kirolari asko egongo dira Tokion. 2020an jokatu behar ziran Jokoak dira, pandemiagaitik atzeratuak, eta Joko Olinpiarretan pasau zan legez, Paralinpiarretan be ez da ikuslerik egongo harmailetan. 

Abuztuaren 24tik irailaren 5era jokatuko dira, beraz, Joko Paralinpiarrak. Herrialde eta modalidade ugaritako kirolariak haltzen hasi dira Tokiora eta kirol probak hartuko dituen ganerako guneetara. Euskal kirolarien kasuan be, gehienak egunotan dira Japoniara joatekoak.

Sare sozialetan iragarri daben lez, atzo, eguena, hartu eben Tokiorako hegazkina Rakel Mateok eta Iñigo Llopisek. Kataluniako Sant Cugat herrian 14 eguneko burbuilan egon eta gero, Covid-19rik ez dauela ziurtauta joan da Mateo Japoniara. 2016an Rion legez, triatloian hartuko dau parte Mungiako kirolariak.

Iñigo Llopis donostiarrarentzat be bigarren Joko Paralinpiarrak izango dira Tokiokoak. Piszinan ikusiko dogu, azkenaldian izan dituan emoitza onei eusteko asmoz. Izan be, maiatzean Europako txapeldun izan zan. 

Asier Garcia bilbotarrak be denporaldi bikaina biribildu nahi dau Tokioko Jokoetan, kasu honetan gurpil-aulkiko saskibaloian. Bidaideak taldeagaz Espainiako txapeldun izan eta gero, Tokion Espainiako selekzinoaren erreferenteetako bat izatea egokituko jako. Eskarmentua alde dau, Rioko Jokoetan be parte hartu ebalako. 

Gizonezkoetan ez eze, emakumezkoetan be euskal jokalariak egongo dira gurpil-aulkiko saskibaloian, Agurtzane Egiluz be Espainiako selekzinoagaz joan dalako Tokiora. Joko Paralinpiarretan parte hartuko daben beste euskal kirolari batzuk dira Nahia Zudaire, Iker Sastre, Jorge Pineda eta Higinio Rivero. Azken hori dominak irabazteko faboritoetako bat da, piraguismoan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu