Garraitzeko lan arkeologikoak zapatuan hasiko dira

Bizkaie! 2021-08-19 09:02   Kulturea

Lau egunez, auzolanean, Lekeitioko islako historiaren arrastoak bilatuko ditue.

Urtero lez, Lekeitioko Garraitz ugarteko indusketa arkeologikoen kanpainea egingo dau Atabaka alkarteak abuztuan, kasu honetan hilaren 21etik 24ra. Zapatutik martitzenera, beraz, Aranzadi Zientzia Alkarteko adituak eta herriko boluntario ugari batuko dira islan, eremu arkeologikoan arakatzeko.

Aranzadiko arkeologo Alfredo Moraza izango da kanpainearen zuzendaria. 

Aurtengo kanpainea berezia da, 25. urtea izango dalako. Urteroko lanari esker, pixkanaka-pixkanaka, ugarteak gordeten dituan sekretuak azaleratzen doaz: eraikinen oinarriak, txanponak, objektuak... topau ditue orain arte. 

Indusketetan laguntzeko deia egin deutse herritarrei, auzolanean egindako proiektua dalako. Parte hartzeko, ez da beharrezkoa arkeologiaren alorreko ezagutza zabalik ez esperientziarik izatea, laguntzeko gogoa baino ez. Kanpainearen lau egunetan, boluntarioak eta antolatzaileak goizeko bederatzietan batuko dira Islako Moilearen hasikeran, handik Garraitzera joan eta lanari ekiteko. 

Orain arte egin diran indusketei esker, badakigu Garraitz ugartean gizakien jarduna egon zala Erdi Arotik XIX. mendera arte. San Nikolas ermitea egon zan, baita komentu frantziskotar bat be (1617-1650). Gotorlekuak be egon ziran.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu