Guillermo Ruiz de Erentxun: 'Herritarren babesa eta baloreak erabilten doguz beti'
2021-06-28 08:10 BarriketanAtabakako kidea.
2011n sortu zan Atabaka, 10. urteurrena aurten, Lekeitioko ondarea babestu, landu eta zabaltzeko helburuari eutsiz. Ardurea zan Santa Katalina itsasargiaren zarbarritze lanak egin eta kanoi-zulo batzuk berreskuratzea.
Bigarren ardureak kide gehiago erakarri zituan Atabakara; Ondarzabal Lekeitioko azken egurrezko itsasontzia museo bihurtuta egoan portuan baina oso egoera penagarrian. Orduan udalak konpontzeko eroan eban Ondarrura baina egoera negargarrian egoanez, hondoratzea erabagi eban. Horren kontra jarri zan Atabaka eta Pasaiako Albaolaren aholkularitzea ekarri eban udalari azken egurrezko itsasontzia salbetako eskatuz baina alperreko lanak izan ziran eta itsas hondoan dago.
Garraitz islan hasi ziran beharrean, lekeitiarrek oso gitxi ekien Lekeitiori nortasuna emoten deutson islearen gainean eta horregatik, Garraitz 25 izeneko proiektuari ekin eutsen 2014ko udagoienean. Asmoa hamar urtetan (horregatik 25, 2025. urteari erreferentzia egiten deutsolako) indusketa arkeologikoen bidez Garraitz islearen historia eta naturea ezagutzea eta babestea da.
2025. urtean Lekeitiok 700 urte beteko ditu eta Atabakak proiektuaren ondorio guztiak aurkeztuko ditu herritarren aurrean. Gaur arte, sei indusketa arkeologiko atondu ditue Garraitz islan eta Aranzadi Zientzia Alkartearen laguntza profesionala dabe. Alfredo Moraza arkeologoa da indusketen burua eta berak gidatzen ditu lanak Aranzadiren metodologia erabiliz. Dana dala, indusketak auzolanean egiten dira, hau da, boluntarioak dira Aranzadi taldeak zuzentzen dituan langileak, edozeinek parte hartu leike indusketetan eta udaro berrogeita hamar bat boluntario ibilten dira. Aurten, abuztuaren 21etik 24ra izango dira eta konbita egin dabe indusketetan parte hartu deien.
1.- Hamar urte joan dira Atabaka sortu zenduenetik. Auzolanean, Aranzadiren laguntzinoa oinarrizkoa izan da eta orain arte egindako lanotan zer nabarmenduko zeunke?
Orain hamar urte ekin geuntsan eta atzo izan zala emoten dau. Pozarren gagoz ze astiro-astiro lur azpian, hainbat lekutan, ilunetan egon diran objektuak, zatiak, txanponak, arma zatiak eta holakoak agertu jakuz begien aurrean eta holako sensazinorik ez dozu sekula ahaztuten eta hori guztia gure estiloan, hau da, auzolanean.
Islan egon eikeanaren susmo batzuk bageunkazan arren, ezustekoak be hartu doguz eta benetan harritu gintuana, txanponak topetea izan zan, herrialde ezbardinetakoak, XIV. eta XV. mendeetakoak.
2.- Zelakoak dira 6'5 hektarea inguruko islearen berezitasunak?
Azken urteotan aldaketa estetikoa igarriko dau Lekeitiora hurratzen danak, 30 bat kenduta, arbola gehienak gaixotu eta desagertu egin ziralako. Dakigunaren arabera, arbolok, hiru pinu mueta: pinaster, larisio eta makrokarpa, Adan de Yarzak landatu zituan orain ehun urte eta orduko isleari danok gogoan dogun irudia emon eutsen isleari. Kontua da ze, landaredia badatorrela eta hemetik urte batzuetara, gure ondorengoek goitik behera aldatuta ikusiko dabela islearen profila. Itsaslabarretan be aparteko landaretzea agiri da, ze lurraren bokazinoa ez da izan behar basoa, azpiko landaretzea be izan daiteke.
Beste alde batetik, Isuntzatik islara arteko malekoia bide zuzena da, islea edegita dago edozeinentzako eta pentsau arren, jenteak, turistek eta holakoek kaltetu egin leikiezala arrastoak topetako lekuak eta, ez dogu zarratzea pentsau, paraje naturala da eta guri ez deuskue kalterik egiten, gure filosofia da espazio naturalari eustea, kulturearen eta ondare historikoaren alde gabiz beharrean eta azken aldion jaubetu gara herritarrek balorau egiten dabela islan egiten gagozan beharra eta eta eurena dalakoan dagoz.
Gainera, kontuan hartu malekoia bide ona dala islara heltzeko baina mareari begira ez bazagoz, gora datorrenean, han preso geratzeko arriskua dago eta jenteak ez dau holako bromarik gura. Holakoetan, uger egin, besterik ez dago... [Barreka]
3.- Indusketetan erlijino-aldean frantziskotarren konbentua garbitu eta inguruan eginiko azerketetan zeramikea, titare bat, kaskabilo txiki bat, untzeakk, teilak eta txanponak be agertu dira, Portugal, Gaztela, Eskozia, Frantzia eta Brabanteko XIV. eta XV. mendeetako txanponak, hain zuzen. Zelan heldu ziran horra?
Nork jakin... XIV. eta XV. mendeetakoak dirala esan deuskue adituek baina sano deigarria da, 80-90 zentimetroko sakoneran, metro koadro bakarrean, geruza ezbardinetan, danak pilotuta topetea. Maila arkeologikoan, Aranzadiko Alfredo eta Tito arkeologoek esanda dakigu ez zituela han apropos jarri orain urte
batzuetan hemen ibili ziranek. Hazurren bila joan eta txanponak topetea sekulako ezustea izan zan.
4.- Alde militarrean, gotorlekuak azalarazo eta militarren etxea garbitu eta atondu dabe. Lehen Karlistadan sortutako gotorleku honetan hainbat arrasto militar agertu dira: metalezko balak, fusil-harriak zein aurrekarga-jaurtigaiak... Ze ondorio atara daiteke horreek danak aztertu ondoren?
Lekeitioko islan frantziskotarren komentua eta inguruetan topautako zeramikea, titare bat, kaskabilo txiki bat, untzeak, teilak eta txanponak agertu izan dira eta alde militarrean, barriz, gotorlekua, balak eta holakoak agertu dira, kainoiak be bai urperatuta eta horrek erakusten dauena da jente moltso handiak
izan zirala hemen. Lehen Karlistadan eregitako gotorlekuak be adierazoten dau paraje hau leku estrategikoa dala maila militarrean, babesleku eta plaza garrantzitsua, hain zuzen be.
Aurkikuntza arkeologiko horreek danak oso inportanteak dira baina gogoeta barik ez dago ezer, gure egitekoa da aurkikuntzok historiagaz lotzea, orain 600 urtetik hona, zer pasau zan hemen, zer izan dan Lekeitio momentu ezbardinetan, nortzuk egon ziran hemen eta zertan. Horrei galderoi erantzuteko kapaz bagara, gu pozik.
5.- Polborategia be ez daigun ahaztu, euskal Kostaldean dagoan bakarrenetakoa da...
Bai. Guretzako isla osoa da inportantea eta aztertzeko modukoa baina egia da arkeologoentzako polborategiaren ezaugarriakaitik euskal kostaldeko bakarrenetakoa dala. Sarrereak kobazulo baten antza dauka, kurutze-gangea lakoa be nabarmenduta.
Horrezaz gan, kanioi-zulo eremua be sano ikusgarria da.
6.- 2019an, Garraitz islea Parke Arkeologiko izentetea lortu eban Atabakak, Euskal Herriko lehenengoa...
Bai, prozesua oso aurreratuta dagoa, burukomina izan da baina pozik gagoz aurrerantzean gogoan hartuko gaituelako. Dokumentazinoa batzen ibili izan gara, islea babesteko arauak ezartzea be beharrezkoa izan da, baita Eusko Jaurlaritzako, BFA, Aranzadi eta beste erakunde batzuen babesa be. Parke Arkeologiko izentau ostean, baldintza nagusietakoa da indusketetan topetan diran gauzak bertan itxi behar dirala, ezin dirala inora eroan. Eskubideak bai, baita behar edo obligazinoak be.
Islearen balio naturala ukaezina da eta fauna eta landaredia be gogoan hartzekoak. Txosten botanikoa be egin behar izan genduan eta hor dagoz azalduta landare espezie guztiak. Jon Zubiarre eta hor ibili ziran txori eta arrainen gaineko txostenak egiten eta zenbat-gura informazino dago. Mikrofaunearena falta jaku baina sartuko gara horretan be.
7.- Lan arkeologiko eta botaniko profesionalaren aurrekontuari aurre egiteko San Juan Talako ermitearen ondoko espazioan udako txiringito bat zabaltzeko baimena eskuratu eban orain dala urte bi Atabakak eta aurten be zabalik izango da, topagune eta kultura ekitaldiak eskaintzeko lekua. Hurreratzen diranek badakie Atabakaren ekinbidea dala?
Bai edo. Interesa dauenak gehiago jakin gura izaten dau eta prest gagoz horretarako. Gero, jakina, Atabaka lako alkarte batek beti eragiten ditu gastuak eta laguntzino eta babesaz gan, egoereari bueltak emoten genbizala, alkartekide batek egin eban proposamena eta gustau egin jakun; gauzea bideratzeko eta
lehenengo pausuak emoteko burukominak kenduta, pozarren gabiz, topagune interesgarria da, geure gauzak zein bestelakoak jorratzeko. San Juan ermitearen ondoan dago, isleari eta itsasoari begira eta aurten hirugarren urtea egingo dogu, giro polita egoten da beti eta lagunartean momentu gogoangarriak bizi izan doguz.
8.- Indusketez gain, 2017ko garagarrilaren 7an, 400 urte bete ziran frantziskotarrak Garraitzera heldu ziranetik eta herri performance antzeztu bat atondu zenduen. Zelakoa izan zan herritarren erantzuna?
Bikaina. Egun horretarako danak egon ziran prest. Antxinako gauzak gogoratu eta egun ederra pasau genduan, ermitan aktak eta irakurri eta antzerki-jarduerea egin genduan islako komentuaren sorrererearen 400. urteurrenean. Edozelan be, arlo historikora jente gaztea erakartea ez da erraza izaten, badatoz apurka-apurka baina beste zaletasun batzuk ditue eta kostau egiten jake eta konturatu gara, lekeitiarrak eta inguruetako herrietakoak bai baina kanpoan be gogoan hartzen gaituela.
9.- Elkanoren mundu birearen hasierea gogoratzeko Lekeitio Elkanoren Mundubiran egitasmoa plazaratu zenduen. Orain dala 500 urteko espedizino historiko horren antolatzailea lekeitiarra izan zan, Nikolas Artieta...
Nikolas Artieta, orain dala 500 urteko espedizino historikoaren antolatzailea bertokoa, lekeitiarra zan, itsasgizona, armadorea, saleroslea eta gustora eskaini geuntsan erakusketea, Santa Katalina Sienakoa itsasontzia eta Pedro Barruti marinela protagonista zirala. Horrezaz gan, mintegi bat be egin genduan
Aitor Leniz eta Lourdes Odriozolaren eskutik. Nikolas Arteita bueltan kale ekitaldia, Mundubira. Elkano, primus antzezlana; Elkano Lehen Mundubiran animazinoko filma be eskaini genduan eta eta Old Fashioned Swing Company jaia lako jarduerak izan genduzan. Sei bat egun izan ziran eta hurreratu ziranak gustora geratu ziran.
Herrian sortutako alkartea da Atabaka eta herritarren babesa eta baloreak erabilten doguz beti, auzolanean gabiz gustora (teknikoak, erakundeak eta herria), hori da gure eredua.
10.- 2025. urtean Lekeitiok 700 urte beteko ditu eta Atabakak proiektuaren ondorio guztiak aurkeztuko ditu herritarren aurrean. Zeozer aurreratzekotan zer nabarmenduko zeunke?
Urte batzuk falta dira eta badagoz astia eta beharra; idea batzuk landu doguz baina zehaztasun danak korapilatu barik daukaguz oraindino. Hori bai, islea da guri interesetan jakuna, bai ondarearen aldetik, baita paraje natural ederra dalako be. Mendieta ontziolea, Garraitz islea, Lumentza, Karraxpio, Isuntza,
Lazunarria, Lea badiaren paisaje natural eta historiko parebako elementuak dira. Atabakaren asmoak ez dira oraindino agortu, hamar urte daroaguz Lekeitioko ondarea aztertzen, babesten eta ikusarazoten. Bidaia hasi baino ez da egin.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!