Espelunciechako lakua, umeakaz Pirinioez gozetako aukera aproposa
2021-08-16 12:49 Ibilian-ibilianFormigaleko eskiko pistetatik hur izkutautako paradisua dogu.
Aukerak aukera eta hitzorduak hitzordu, hautabide ugariren artean, uda honetan familiaz gozetako gogoa be badogu, eta etxeko txikienei begira moldatutako plangintzak ezinbestekoak dira horretarako. Ibilbide errazak bilatzea umeakaz egin ahal izateko eta, aldi berean, animalia eta landare ugariko leku polita izatea ez da askotan lan erraza izaten; lekurik ikusgarrienetara heltzeko bide luzea egin behar dalako sarri.
Gaurko honetan, aldiz, osagai horreek guztiak batzen dituan ibilbidea ekarriko deutsuet. Horretarako, Formigalera joango gara, Hueskara, eta handik Portaleteko aparkalekura igongo dogu, Frantziako mugara heldu aurretik dagoan aparkalekura. Bertan autoa itxi eta geure bideari helduko deutsagu. Hasieran, umeen gozamenerako, behiak izango doguz edonon, eta handik aurrera, bideari ekingo deutsagu. Errekatxu bat zeharkatu eta bide bi izango doguz: bata pistatik eta bestea mendi erako bidea. Bakotxak hautatu deiala zein, nahien arabera.
Bidean, yurta izeneko denda bat ikusiko dogu, Mongoliako nomadek erabilten zituenen modukoa, euren bidaia luzeetan. Pausu bakotxean gitxiago falta da gure helburura heltzeko. Gogor eutsi, etxeko txikienek eta familia osoak. Leku honen berezitasuna Formigaleko eskiko pistetatik hur izkutautako paradisua dogu, izan be, zuriz jantzita ikusi ohi doguna berdez jantzi jaku geure gozamenerako. Bertatik hur, ganera, Pirinioetan horren ezaguna eta ederra dan Anayeteko lakua dago, beraz, badago aukerea biak alkartu ahal izateko, umeen edadearen eta gogoaren arabera, jakina.
Frantziako mendiak begien aurrean, Hueskako mendirik esanguratsuenetako batzuk bestaldean, kolore ugari eta ikusgarriz beteriko Espelunciechako lakura helduko gara, non jesarteko eta lasaitasun betean egoteko zelaiak daukaguzan. Lakua bera, itzela iruditu jatan, argazkietan ikusi zeinkienez, hainbat kolorez jantzita dago eta berezia da oso, bai bera baita ingurua be. Ederra benetan, familia giroan egiteko hitzordu apropos eta ederra.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!