Auspoaren 60. urteurrena, 'Bertsolari' aldizkariaren udako aleko azalean
2021-08-16 07:57 BertsolaritzeaAtzoko eta gaurko bertsoak, eretxien atala eta Galiziako regueifaren inguruko erreportajea be badakarz.
Kalean da Bertsolari aldizkariaren udako zenbakia, 122.a, bertsozaleen intereseko irakurgai ugarigaz. Zenbaki honetako azala Auspoa argitaletxeari emon deutse, dagoeneko 60 urte bete ditualako bertsolarien eta bertsogintzearen inguruko liburuak plazaratzen.
Juan Luis Zabala kazetariak alkarrizketea egin deutse Joxe Mari Iriondori eta Pello Esnali, Auspoaren sei hamarkadako ibilbidea ezagutzeko. Ganera, Txomin Garmendiak bertso sortea bialdu dau.
Bestelako erreportajeak be irakurri ahal izango dira Bertsolari-ren ale barrian. Esate baterako, denporan atzera eginda, Leon Azoulay ikerlari frantsesaren barri izango dogu. Munduko hizkuntzen grabazinoak egiten ibili zan Azoulay, euskerazkoak be bai, eta tartean bada bertso baten grabazinoa, Inaxio Lopez de Aranak kontetan dauenez.
Gaur eguneko kontuetara bueltauta, Maialen Akizu bertsolari eta ikerleak txanpiñoiak aitatuko ditu eta, beste erreportaje baten, Joanes Illarregik Leitzako bazterrak erakutsiko deuskuz. Jone Uriak 2001eko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala jorratu dau Bertsolari-ren orrietan.
Galiziara eroango gaitu regueifaren inguruko erreportajeak. Galizierazko inprobisazino horren barri emongo deusku Xian Naia adituak.
Eretxiaren atalean lehenengoz hartu dau parte Arkaitz Estiballesek. Idazmakinaz atalean, ostera, Xabier Amurizaren esanak topauko doguz. Bertsolari aldizkariaren 30. urteurrenaren harira antolatutako lehiaketako bertso idatziak be sartu ditue ale honetan, baita Ane Zuazubiskarren eta Haritz Mujikaren bertso jarriak be.
Elkar dendetan eta administrazioa@bertsolari.eus helbidera idatzita erosi leiteke udako alea. Bestela, urteko harpidetzea egiteko, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!