Itziar Urretabizkaia: 'Umoreagaz errazago sartzen dira gai serioak'

Dabi Piedra 2021-08-16 07:59   Barriketan

Bost minutun antzezlaneko aktorea.

Itziar Urretabizkaia eta Andoni Agirregomezkorta dira Bost minutun, Txalo Produkzioak konpainiaren antzezlan barriko protagonistak. 40 urteak beteta dituen andra-gizon biren azaletik, guraso izatearen zalantzak, bildurrak, gogoetak eta ilusinoak jorratzen ditu obreak, ezinegona eta umorea buztartuta. Haurdunaldi-testa egin eta emoitzea jakin arteko bost minutuak ordubete pasautxura daroaz Begoña Bilbaok zuzendutako antzezlanak. 
 
Argentinatik dator Bost minutun: Pablo Mir, Marcelo Giglio eta Luis Pennak sortu eben, Entre ella y yo izenburuagaz. Txaloren bersinoa, euskeraz, Donostian estreinau eben pasa dan astean eta gaur, astelehena, Larrabetzun ikusi ahal izango da. Itziar Urretabizkaia aktoreak kontau deuskuz proiektu barri honen nondik norakoak.
 
1.- Andra-gizon bi, haurdunaldi-testa eta bost minutuko itxaronaldia. Ondoren, zer?
 
Batez be, personaia bien gogoetak eta pentsamenduak datoz gero, test horretan baiezkoak urten ezkero zer etorriko jaken pentsetan hasten dira. Buruan dituen paranoiak kanporatuko ditue pixkanaka. Hortaz, antzezlanak dimensino bi ditu: batetik, erreala, bost minutuko itxaronaldia; bestetik, personaia bien buruan dabizan gogoetak. Tenpo horreekaz biekaz olgetan dau obreak. 
 
2.- Bildurrak, ardurak, etorkizuneko planak... Personaien pentsamendu serioak umorera ekarten ditu antzezlanak.
 
Umoreagaz dana sartzen da hobeto, pisua kentzen deutse berez gai potoloak diranei. Gai serioak ez eze, benetakoak dira, mundu errealean antzeko gogoetak egingo geunkez haurdunaldi-test baten aurrean, baina umoreak lagundu egiten dau gauzak errazago kontetan. 
 
3.- Batek baino gehiagok bere burua ikusiko dau antzezlanean...
 
Bai, eta ni neu lehenengoa! Igaz izan nintzan ama, eta oso hur gogoratzen dot halako egoera bat. Obrearen proposamena jaso nebanean, nahita egin ebela pentsau neban, orduantxe horretatik pasauta nengoalako ni. Antzezlanean aitatzen diran bildurrak geuk be izan genduzan.
 
Bestela be, jente asko identifikauta sentiduten da, aurrestreinaldian bertan askok kontau euskuen gauza bat da. Bitxia da, baina emakume bat baino gehiago etorri jakun, esanaz barriro joan nahi ebala obrea ikusten, baina senarragaz! 
 
4.- Argentinako Entre ella y yo antzezlanaren egokitzapena da Bost minutun. Alde handia dago jatorrizkoaren eta zuen bersinoaren artean?
 
Argentinako antzezlana Madrilera eroan eben gero, eta joan dan urtera arte egon zan han. Melani Olivares eta Carlos Chamorro ziran aktoreak Madrilgo bersinoan, eta antz handiagoa dau honek gureagaz Argentinakoagaz baino, proposamenaren ezaugarrien aldetik. Argentinakoa ia ordu biko muntaia da, testu bardin-bardinagaz antzezlana luzeagoa da. Gurea zuzenagoa da, argiagoa, horregaitik antz handiagoa dau Madrilen egin ebenagaz. 
 
5.- Nekane da zure personaia. Zelan heldu deutsazu rol horri?
 
Errealidadetik, antzeko egoera batetik pasauta nengoalako, lehen esan dodan moduan. Gidoia jaso nebanean, berehala ikusi neban nire bizipenen antzekoak ziran gauzak, beraz, neure ikuspuntu eta bizipenetatik heldu deutsat. 
 
Personaiaren arabera desbardina da prestakuntzea. Batzuetan, gorputzean oinarritzen naz gehiago, personaiaren mobimenduetan, adierazpen fisikoan. Telebistan sarri pasetan jat hori, Go!azen telesailean Amaia zuzendariaren papela da nirea eta gorputza da oinarria, personaia alaia dalako. Beste kasu batzuetan ahotsean jarri behar da indar handiagoa, personaiak emoten dauenaren arabera erabagitzen dot nondik hasi.
 
6.- Bost minutun, beharbada, testuan oinarrituago dago?
 
Kasu berezia dala esan behar dot, hauxe dalako personaia biko antzezlan bat egiten dodan lehen aldia. Beti egin izan dodaz personaia gehiagodun lanak. Bikoak beste eskakizun batzuk ditu, denpora guztian emon eta emon ibili behar dozu, testua eten barik dago. Energia handia eskatzen dau, eta testua ondo defendidu behar dozu, bestela antzezlana jausi egiten da.
 
7.- Aurrez aurre Andoni Agirregomezkorta dozu obra honetan. Alkarrgaz konektau dozue?
 
Oso ondo konpontzen gara. Aurretik bistaz ezagutzen genduan alkar, bera urte luzez ETBko Vaya Semanita saioan aktore izan zalako, eta ETBn ibili nazenetan korridoreetan topau izan dogu alkar. Baina Bost minutun egiten hasi arte ez dogu alkar ondo ezagutu. Eraaz konektau dogu, beti esaten dogu antzezlana arin pasetan jakula, eta hori seinale ona da, ordu eta erdi berehala joaten jaku. Sorpresea izan da Andoni ezagutu eta bion artean halako giro ona sortu izana.
 
8.- Begoña Bilbao zuzendariak eskarmentu luzea dau antzerkigintzan. Zer eskatzen deutsue oholtza ganean zagozanoi?
 
Bai Andonik eta bai nik lehendik ezagutzen genduan Begoña, bakotxak bere aldetik eta proiektu diferenteen kontura. Nire kasuan, Datorren urtean hobeto obran egin neban lan beragaz. Gauzak oso garbi izaten dituan zuzendaria da, aurretik lan handia egiten dau dana prest izateko. Eskatzen deusku, adibidez, antzezlana egitean lasaiago ibilteko, astiroago, ze Andoni eta biok telebistatik gatoz, eta medio horretan dana da bizkorra, berehalakoa, erritmo handia eskatzen deutsue, pikadito, pikadito. Antzerkian ez, gauzek arnastu egin behar dabe, etenaldiak errespetau behar dira... Horregaz adi ibilteko eskatzen deusku zuzendariak, batez be. Bestela, berak dana oso garbi dauka hasieratik eta zer emon behar dogun badaki, hasieratik komunikazino ona daukagu. Egiten doguzan proposamenak entzuteko prest egoten da beti, gauzak errazten dituan zuzendaria da Begoña. 
 
9.- Donostian estreinaldiko saioak amaitu, eta Larrabetzura zoaze. Ondoren ze bide egingo dau obreak?
 
Irailean gaztelaniazko bersinoa atontzen hasiko gara, eta zemendian hasiko gara barriro emonaldiak egiten, batzuk euskeraz eta beste batzuk gaztelaniaz. Bira potentea zemendian hasiko da beraz, leku batetik bestera ibiliko gara. Ordura arte egingo dogun geldialditxua ez jaku ondo etorriko, behin saioak egiten hasi eta gero erritmoa barriro galduko dogulako, baina gaztelaniazkoa preparetako iraila eta urria hartuko doguzanez, ba holan dator plana. Hartuko deutsagu neurria barriro, ziur. 
 
10.- Publikoa Bost minutun ikusten joatera animetako, zer esango zeunke?
 
Tituluak dinoan lez, obrea oso bizkor pasetan da, bost minutuan pasetan da ia-ia. Ganera, lehen aitatu dogu jente asko indetifikauta sentiduko dala kontetan dogunagaz. Egoera horretatik pasau diranek barre egingo dabe gogotik, oso dibertigarria da. 

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu