Mikel Artetxeren doktore tesia saritu dabe Europan

Bizkaie! 2021-08-13 10:48   Pil-pilean

Itzulpen automatiko gainbegiratu bakoa lana plazaratu eban igaz.

Adimen Artifizialaren Europako Alkarteak 2020ko doktore tesirik onenaren saria emon deutso Mikel Artetxe euskal informatikariari, Itzulpen automatiko gainbegiratu bakoa izeneko tesiagaitik. Ikerlan horretan, adimen artifizialak itzulpen automatikoan emon leikezen aukerak jorratu ditu, eta itzulpenak fintzeko eta hobetzeko metodoa aurkeztu dau.

Testuak euskerara zein beste edozein hizkuntzatara itzultzeko baliokoa da Artetxeren proposamena, baina, batez be, hizkuntza gitxituei edo txikiei laguntzeko aproposa izan leiteke. Izan be, hizkuntza bitako corpusak konparauta, gaur egun adimen artifizialak itzulpen zehatzak egin leikez, baina corpus txikiagoak daukiezen hizkuntzetan itzulpenak ez dira hain onak izaten, ezta itzultzaile neuronalak erabilita be.

Artetxeren metodoak ez dau corpus askoren arteko konparazinorik behar eraginkorra izateko, eta hortik dator abantailea. Adimen artifizialaren aukerak ondo aprobetxauta, esaldiak eta berbak hizkuntza batetik bestera pasau leikez, corpus baliabide gitxiago izanda be. Esanahi bektoreak diralakoak ondo zehaztea garrantzitsua da metodo honetan.

Mikel Artetxeren doktore tesia Gorka Labakak eta Eneko Agirrek zuzendu eben. 

Adimen Artifizialaren Europako Alkarteak sariak emoteko ekitaldira konbidau dau Artetxe, urriaren 12an. 1.500 euro be emongo deutsez. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu