Zibererasoen kontrako azterketa edo kontrolak zorroztu egin ditu Puntueusek

Bizkaie! 2026-02-06 07:51   Pil-pilean

Phising kasuen hazkundeari aurre egitea da asmoa.

Puntueus Fundazinoak .eus domeinuen segurtasun egoerearen urteko argazkia osotzen daben zibersegurtasun-datuak emon ditu ezagutzera. 2025eko datuen arabera, erasoen tasea % 10 hazi da 2024 urteagaz onparauta eta mehatxu nagusia phishinga izan da. Iazko urteagaz alderatuta, phishing kasuak bikoiztu egin dira: 2024an 9 kasu erregistrau ziran eta 2025ean 18.

Phishinga erabiltzailearen datuak edo identidadea ostuten saiatzen dan eraso muetea da, webgune legitimoak emoten daben guneen bidez informazino personala (kreditu txartelaren zenbakiak, bankuko informazinoa edo pasaberbak...) eskuratuta.

Josu Waliñok –Puntueuseko zuzendaria– azaldu dauenez, adimen artifizialaren erabilereak erasoak sofistikatuago bihurtu ditu, eta nahiz eta askotan urrutiko jatorria izan, gero eta ohikoagoa da euskerazko edukia be erabiltea engainua sinisgarriagoa egiteko: adimen artifizialak hizkuntza-hesiak hausi ditu. Orain erasoak gure hizkuntzan heltzen jakuz, biktimearen konfidantzea errazago bereganatuz.

2022tik 2025ear: detekzinoa zabaldu da eta alertak nabarmen ugaldu dira

Atzera begira zabalagoa eginda, 2022tik 2025era antzemondako eraso saiakeren hazkundea arabere nabarmenagoa izan da. 2022an 29 kasu detektau ziran (% 0,2ko abusu-tasea), horreetatik 6 positibo faltsuak. 2025ean, barriz, 117 kasu detektau dira (% 0,7ko abusu-tasea), eta 46 positibo faltsuak izan dira.

Datuok idea nagusi bi azpimarratzen ditue: alde batetik, zibermehatxu saiakeren hazkunde orokorra (Cyberzaintzaren arabera, zibererasoak % 48 igon dira Euskadin azken urte biotan); bestetik, positibo faltsuen gorakadea detekzino zabalagoaren seinale da, hau da, detekzino-gaitasuna zabaldu eta analisi prebentiboa indartu egin da.

2025ean, monitorizazino lanetan adimen artifiziala erabilten hasi da Puntueus, zibererasoak modu prediktiboan antzemoteko. Monitorizazino-tresnak erregistretan dirn domeinu barriak aztertzen ditu eta maltzurra izateko arriskua daben kasuak marketan ditu, teknikariek eskuz barrikusi deiezan. Prozesu prebentibo horrek alerta gehiago sortzen ditu, tartean faltsu positiboak, baina helburua argia da: mehatxu posibleak lehenbailehen identifikau eta kaltea jazo aurretik jarduteko aukerea handitzea.

Block.eus, babesa geruzea prebentzino legez

Monitorizazinoaz gan, Puntueusek Block.eus zerbitzua eskaintzen deutse erakundeei prebentzinoa indartzeko. Nortasun-ordezkapena izateko arriskua daben erakundeentzat diseinautakoa, zerbitzu honek typosquatting (izen antzekoak erregistretea) eta phishinga ebitetan ditu bezeroaren .eus domeinu-izenaren milaka aldaera blokeauta. Waliñoren eretxiz, gure helburua erasoa jazotakoan erantzutea eta eraso horreek gauzatzeko beharrezkoak diran domeinu-izen faltsuak aurretiaz blokeetea da; segurtasun digitala prebentzinoan oinarritu behar dogu derrigorrez.

Kontuak kontu, .eus domeinuen kontrako zibererasoen bilakaerea edozeinek konsultetako moduan dago online eta denpora errealean hemen.

Edozelan be, Zigiluak datu personalen babesa eta mehatxuen aurreko babesa egiaztatzen ditu
Puntueusekiko hartu-emon guztietan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu