Partaidetzea izango da ardatz Iurretan Martiaren 8an

Bizkaie! 2026-02-27 09:49

Martiaren 13ra arte ekitaldi ugari izango dira emakumearen indarra aldarrikatzeko.

Iurretako Udalak, hainbat herri-erakundegaz lankidetzan, jarduera-programa zabala diseinau dau martiaren 8a (M8), Emakumeen Nazinoarteko Eguna, ospatzeko. Partaidetzearen ikuspegitik, herria martian zehar eraldatu egingo da herria kakorratzez apaintzeko ekimenari esker, Goiuriko Ama Nagusien Alkartea eta Berbalagun lako alkarteek alkarregaz egindako ahaleginari esker.

Kultur programazinoa martiaren 2 eta 3an hasiko da, Bidebarrieta kalean. Bertan, horma-irudi bat margotuko da ordutegi ezbardinetan, komunidadeko adierazpen artistikoa sustatzeko. Martiaren 4an, literatureak hartuko dau lekukoa Ibarretxe Kultur Etxean, Emakumeak literaturan topaketeagaz. Josune Muñozek eta Katixa Agirrek hartuko dabe parte 18:30ean.

Erakundeen konpromisoak eta gizartearen hausnarketeak markauko dabe martiaren 5eko jardunaldia. 18:15ean, irakurketa instituzionala egingo da Ibarretxe Kultur Etxean eta, ondoren, Landa eremuko emakumeak mahai-ingurua egingo dabe 18:30ean, udalerriko landa-inguruneko emakumeen errealidadea ikusarazoteko, Anderebide Iurretako Emakumeen Alkarteak igaz egindako izen bereko dokumentala oinarri hartuta. Agendeak jai giroan jarraituko dau martiaren 7an, Maspe kaletik 14:00etan autobus bat joango da DJ batek girotutako bazkari herrikoira.

Martiaren 8a, Iurretako Mobimentu Feministeak atonduta aldarrikapenen egun nagusia, 12:00etan hasiko da manifestazino eta irakurketa publikoagaz Askondon. Mobilizazinoaren ondoren, eurek kudeatutako bazkaria  egingo da karpan, ondoren bakarrizketa bat eta amaieran luncha Nagusien Zentroan 18:00etan.

Programazinoa hilaren erdialdean amaituko da, Ibarretxe Kultur Etxean hitzordu nabarmen bigaz: Memoria bizia, memoria kolektiboa topaketea martiaren 9an, arratsaldeko 18:00etan, eta Descóseme las alas antzezlana martiaren 13an, 19:00retan.

Memoria bizia, memoria kolektiboa topaketeagaz Iurretako Udalak Memoria Bildumearen Aktibazino Publikoa hartuko dau, La Partida ikus-entzunezko piezearen proiekzinoa eta protagonisten mahai-ingurua. Memorien Karta Bildumea Iurretako Nagusien Zentroan egindako oroimen edo gomuta partekatuko tailer baten emoitzea da. Parte hartu daben emakumeen argazki, kontakizun eta esperientzia personalak gogoan hartuta, karta-bilduma kolektibo bat sortu da, memoria-gailu lez funtzionetan dauena: alkarrizketea aktibau, belaunaldien arteko transmisinoa erraztu eta banakako gomutak kontakizun partekatu bihurtzen ditu. Proiektua Ainhoa Resanok landu dau, Patricia Laisekaren laguntzeagaz, BBK-k finantziautako BBK ART (e) gileak programearen barruan. Lan honen helburua edadeko emakumeen memoria bizia espazio publikoan kokatzea da, hareen etxeko artxiboak — argazkiak, albumak eta gomuta personalak — eta kontakizunak ondare kolektibo lez autortuz.

Programazino honegaz Iurretak bere konpromisoa berresten dau eta bardintasunaren eta gizartearen arlo guztietan emakumearen zeregina autortzearen alde egiten jarraitzen dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu