NanoGUNEk Torre Kuantikoa inaugurau dau

Bizkaie! 2026-02-05 08:04   Pil-pilean

Teknologia kuantikoen Europako erreferentzia barria.

Imanol Pradales Lehendakariak CIC nanoGUNEren Torre Kuantikoa inaugurau dau bart. Euskadik teknologia kuantikoen Europako erreferentzia-polo lez dauen posizioa indartzen dau azpiegitura estrategiko honek. Ekitaldian izan dira EiderMendoza Gipuzkoako ahaldun Nagusia; Jon Insausti Donostiako alkatea; Javier Martinez-Ojinaga CIC nanoGUNEko presidentea; Juan Ignacio Perez Iglesias Zientzia, Unibersidade eta Barrikuntzako sailburua; eta Europako ikerketa-zentroetako eta industria kuantikoko ordezkariak.

Imanol Pradales lehendakariak adierazo dauenez, nanoGUNEk nanozientzian dauen posizionamenduak aukerea emoten deusku aurrerapauso erraldoia egiteko -Made in Euskadi- teknologiadun konputagailu kuantikoen garapenean. Etorkizunerako zubia da. Ziurtasunik ez, baina etorkizun oparoa dabe: botika barriak, minbizia antzemoteko sistemak, material jasangarriagoak, zibersegurtasuna edo hondamendi naturalen iragarpena, adibidez. Subiranotasun estrategikorako zubia da, AEBeneta Txinaren menpekotasun handia dogun eremu kritiko batean; Euskadik erabagi propioak hartzeko eta, Europaren eskutik, lasterketa teknologiko globaletan parte hartzeko gaitasuna indartzen dau.

Jose M. Pitarke nanoGUNEko zuzendariak ekin deutso ekitaldiari eta ondokoa nabarmendu dau: 2009an zentroa sortu zanetik lortutako posizionamendua eta autortze dira hardware kuantikoa nanoGUNEn garatzeko oinarria; teknologia propioko ordenagailu kuantikoak garatuko ditugu.

Torre Kuantikoan nanoGUNEko hardware kuantikoko ikertaldea dago, Fernando González-Zalba Ikerbasque ikertzailea buru dauela. Pitarkek azaldu dauenez, taldea alkarlan estuan ibiliko da Quantum Motion enpreseagaz, aurrendaria baita sektorean—, silizioan oinarritutako konputazino kuantikoko gailuak garatzeko, gure ordenagailuen, telefono mobikorren edo ibilgailuen mikroprozesadoreen oinarri dan teknologia bera erabilita: gure proiektuaren eskala eta anbizinoa hain dira handiak, erabagi baitogu gure instalazinoak handitzea eta gaur inauguraetan dogun torre barria, Torre Kuantikoa, eregitea.

Torre Kuantikoak 1.500 m2 inguru ditu, zazpi pisutan banatuta, eta horreetako bi gaitu dira lehen fasean. Gune horreeetan, batetik, nanoGUNEk hardware kuantikoan egiten dituan ikerketetarako laborategiak dagoz eta, bestetik, Quantum Motionek Donostian eratutak filialaren bulegoak.

Instalazino barrietako elementuen artean, diluzino-hozkailu bi nabarmentzen dira, kapaz diranak zero absolututik hurbil dagozan tenperaturak lortzeko: 10 milikelvin inguru, hau da, kanpoko espaziokoak baino bajuagoak. Muturreko kondizino horreetan, zarata termikoa asko murriztu daiteke, eta efektu kuantikoak azaleratzen dira; holan, efektu horreek neurtu eta kontrolau daitekez: hozkailu horreei esker, ordenagailu kuantikoak landuko ditugu, erdieroialeen teknologia industrialagaz fabrikautako gure txipak erabiliko baititue. Zehatz, silizioan oinarritutako prozesadore kuantikoak landuko ditugu, teknologia horrek aukerea emoten baitau teknologia eskala handian integretako eta, holan, gizartean eragin positiboa izango daben algoritmo kuantikoak gauzatzeko behar dan kalkulu-potentzia lortzeko, azaldu dau González-Zalbak instalazinoetara egindako bisitan. Ikertzaileak azpimarratu dauenez, silizioan oinarritutako teknologia kuantikoek etorkizun handia dabe, eskalagarritasun-ahalmen handia baitabe, izan be, elektronika klasikoa fabriketak dagoan industriaren azpiegitura erraldoia aprobetxau ahal izango da ordenagailu kuantikoak eregiteko.

Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak CIC nanoGUNEren ikerketa-ibilbidea nabarmendu dau, beti ezagutzearen mugan. Hain zuzen, horixe erakusten dau, haren ustez, Torre Kuantikoa eta hardware kuantikoko laborategiak inaugurau izanak: lehen mailako mugarria da teknologia kuantikoak aurrerapen zientifiko eta teknologikorako, lehiakortasun ekonomiko eta industrialerako, aukerak sortzeko eta proiektu aurreratuetarako faktore lez garatzeko bidean, azpimarratu dau Mendozak; eta ondokoa berretsi dau: ziurbakotasun globaleko eta aldaketa handiko sasoi honetan gizarteari ondoizatea, segurtasuna eta indarra emoteko bidea dala zientziaren eta ezagutzearen alde egitea.

Inaugurazino-ekitaldian, mahai-inguru bat egin dabe Europako industria-erreferenteakaz eta aztertu dabe ze erronka eta aukera dituen teknologia kuantikoek eta zenbateko garrantzia daben barrikuntza-ekosistemetan ikerketa-azpiegitura handiek, besteak beste, Torre Kuantikoak. Ondokoek hartu dabe parte: Oliver Hasse, INAMeko zuzendari nagusia (Innovation Network for Advanced Materials); Sebastian Luber, Infineon Technologieseko Zibersegurtasuneko, Dependentziako eta Eragiketetako zuzendaria; eta James Palles-Dimmock, Quantum Motioneko CEOa.

Europan zabaldu izanak erakusten dau konpromiso sendoa dogula lankidetza eta aliantza globalakaz, adierazo dau James PallesDimmock Quantum Motioneko zuzendari nagusiak: Torre Kuantiko barrian dagoan abangoardiako azpiegitura teknologikoak eta Eusko Jaurlaritzagaz, mundu akademikoagaz eta CIC nanoGUNEko adituakaz dogun lankidetzeak abantaila handia emoten deuskue siliziozko spinen sistema kuantikoa maila komertzialean zabaltzeko.

CIC nanoGUNE

Nanozientzia Ikerketa Kooperatiboko Zentroa, Donostian kokatutako ikerketa-zentro bat da, nanozientzian eta nanoteknologian bikaintasuneko ikerketak egiteko helburuagaz sortua Euskal Autonomia Erkidegoko enpresen lehiakortasuna eta bertako garapen ekonomikoa areagotzeko asmoz.

NanoGUNE Ikerketa eta Teknologiako Euskal Aliantzako (BRTA) kidea da eta, gainera, María de Maeztu Bikaintasun Unidade bat da, Estatuko Ikerketa Agentziak autortuta.

Quantum Motion

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu