'Martiaren 8an kalean izango gaituzue'

Bizkaie! 2026-02-27 08:42   Pil-pilean

Feminismoa gogoan, langile-klasearen alde.



Munduaren luze-zabalean gerra eta askotariko indarkeriak nagusi diran testuinguru bete-betean heldu gara beste urte batez martiaren 8ra, eta urtero bezela, Euskal Herriko Mobimentu Feministako kideok arrazoiak soberan ditugu kalera urtetako. Gure herri eta auzoetan be ugaltzen baitira indarkeria horreek guztiak.

Martian makinatxu bat hitzordu ditugu burrukarako eta horreetan danetan parte hartzeko deia egiten dogu, arduraz eta indarrez. Lehena martxoaren 17an, sindikatuek deitutako Greba Orokorra. Feministok asko dogu esateko 2023ko Greba Feminista Orokorrean ezarritako mugarri eta aldarriei jagokenez. Ondoren, martiaren 21a, arrazakeriaren kontrako eguna, zuriok asko dogu egiteko dugun boteretik alde egiteko eta arrazakeriak dakarren indarkeriari agur esateko. Hurrengoa, martiaren 30a izango da, Etxeko eta Jagoleen Eguna, jagoletza lanak prekaridadearen, emakumearen eta arrazakeriaren sinonimo baitira. Jagoletza kate globalean dogun lekuaz jaubetu eta horren aurreko ardurak hartzeko momentua da, jagoletza sistema publiko bat aldarrikatzeagaz batera pribatizazinoagaz amaitzeko.

Eta, azkenik, martiaren 31n, Trans ikusgarritasunaren eguna, trans personen eskubideen alde kalera urtetako eguna. Trans gorputzak be sistemeak marketan dituanak baikara, baina ez gara gorputz zapalduak bakarrik, alternatiba gara eta hori aldarrikatzen urtengo dogu kalera.

Askotariko mobimentuetatik gabiz eragiten baina guk badakigu ez dogula feminismorik eta antiarrazismorik bako mobimenturik nahi, ezta mundurik be. Horrexegaitik dinogu Beste Mundu Bat Feminismotik. Eta hori lortzeko atontzea eta burrukea dira gure armarik indartsuenak. Emakume*, trans eta bollerak kaleak hartzeko prest gagoaz! Eregi daiguzan aliantzak, nork bere lekutik. Alkarregaz nahiz subalternidade propioetatik.

Eregi daiguzan sare sendoak. Askotariko zapalkuntzen bitartez eusten dan sistema honi erantzun daiotsegun askotariko gorputz eta burruketatik. Atontzen jarraituko dogu, herriz herri eta auzoz auzo; asanbladetan, lantokietan, ikastetxeetan, gaztetxeetan, kaleetan... Aurrean izango gaituzue!

Euskal Herriko uriburuetan egingo dira mobilizazinoak:

● Donostian, 12:00etan Antiguako tuneletik.
● Baionan, 11:00etan, Tren geltokitik.
● Iruñean, 12:00etan Antoniuttitik.
● Gasteizen, 12:30ean San Anton plazatik.
● Bilbon, 12:00etan Jesusen Bihotza Plazatik.

Euskal Herriko beste hamaika txokotan egingo diran mobilizazinoetan parte hartzeko deia bere egiten dogu.

Gora Burruka Feminista!

Gora Euskal Herriko Mobimentu Feministea!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu