Begoña Sagasti, Loraldi eta Atxurkulu alkarteak eta ¡Viva! Red Feminista de Arte proiektua, Zirgari 2026 sariak

Bizkaie! 2026-02-24 13:50   Pil-pilean

Sari banaketea martiaren 5ean izango da, Bilboko BBK Aretoan.

Begoña Sagasti feminista historiko bizkaitarra (ohorezkoa), Loraldi Alkartea eta Atxurkulu Emakumeen Alkartea (ex aequo, erakundeak) eta ¡Viva! Red Feminisa de Arte y Pensamiento Contemporáneo (proiektua) dira Zirgari 2026 Sarien irabazleak. Asmoa da, emakumeen eta gizonen bardintasunaren aldeko ibilbideak eta ekimenak autortzea Bizkaian.

Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBK Fundazinoak sustatuko sariak, martiaren 5ean, eguena, emongo dira Bilboko Kale Nagusiko 19. zenbakian dagoan BBK Aretoan.

Teresa Laespadak, ahaldun nagusiordeak eta Enplegua, Gizarte Kohesinoa eta Bardintasuna Sustatzeko foru diputaduak; eta Nora Sarasolak, BBK Gizarte Ekintzako zuzendariak, gaur goizean emon dabe epaimahaiaren erabagiaren barri.

Laespada diputaduak esan dauenez: gaur egungo egoera sozial eta politikoan, indartu egin behar da feminismoari eta bardintasunari emoten jakon erantzuna.

Bestalde, Sarasolak azpimarratu dauenez: ziur gagoz bardintasuna dala persona guztientzako etorkizun hobea eregiteko oinarria.

Begoña Sagasti

Begoña Sagasti Barriok, Bardintasunaren aldeko Zirgari ohorezko saridunak, hirurogeita hamarreko hamarkadaz geroztik etenbako presentzia izan dau Euskadiko mobimentu feministan.

Bizkaiko Emakumeen Asanbladan izan zan militantea. Kazetaritzan eta komunikazinoan izandako esperientzia profesionala erabakigarria izan zan Maite Albiz Emakumeen Dokumentazino Zentroa sortzeko, halanda ze, horren sortzaileetako bat da. Lau hamarkada baino gehiagotan sareak ehundu ditu, laguntza instituzinonalak artikulatu ditu eta ezinbestekoa izan dan talde-lanari eutsi deutso.

Loraldi Alkartea

Loraldi Alkartea 1990ean sortu zan, Urduñan. Laurogei emakume dira, kultura bardintasunerako tresna konbertidu dabenak tailerren, irakurketearen, artearen eta alkarri laguntzeko espazioen bidez, bakardadeari aurre eginez eta komunidadea indartuz. Emakume aitzindarien memoria berreskurau dabe, horreen istorioak espazio publikora itzuliz. 

Atxurkulu Emakumeen Alkartea

Atxurkulu Emakumeen Alkartea, 90eko hamarkadearen amaieran sortu zan. Hogeita hamabi emakumek eta hogeita bost urte baino gehiagotan, kultura-jarduerak, herri-jaiak, boluntariotza-gaiak eta topaguneak atondu ditue.

¡Viva! Red feminista de arte y pensamiento contemporáneo proiektua

Xabier Arakistainek eta Lourdes Méndezek sustatuko alkartea 2018an sortu zan Bilbon, artearen barruan dagozen desbardintasunak pensamendu feministatik aztertu eta dudan jarteko.

Funtzesko egitura bi jorratzen ditue: ikerketa eta erregistro-sare digitala eratzea da; eta, ezagutza feministea ezagutarazotea, emakumeen eta gizonen arteko desbardintasunak desagerrarazoteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu