Transmisinoa, emakumeak eta Astor Piazzola ardatz Getxoko 37. Folk Jaialdian
2021-08-11 12:19 MusikeaLehenengo kontzertua irailaren 22an izango da, Roberto eta Miren Etxebarriagaz.
Zortzi kontzertu eta ikuskizun hartuko ditu Getxoko Muxikebarri aretoak irailaren 22tik 26ra, Nazinoarteko Folk Jaialdiaren 37. edizinoaren kontura. Getxoko Udalak azaldu dauenez, aurtengo egitarauak hiru ardatz nagusi izango ditu: folkaren transmisinoa familian, emakumeen ekarpena eta Astor Piazzola musikagilea. Tangoaren bultzatzaile nagusietako bat izan zan Piazzola, eta haren jaiotzearen mendeurrena gogoan hartuko dabe Folk Jaialdian.
Egitarauko sei kontzertu ordainpekoak izango dira. Lehenengoan, hurrengo hilaren 22an, Roberto eta Miren Etxebarria aita-alabek Hamaikatxu kopla... pandero baten truke proiektuko doinuak aurkeztuko ditue. 23an Judith Mateo egongo da Muxikebarriko oholtzan, eta 24an, Amparanoia.
Irailaren 25ean Carlos Núñez gaitero galiziarra etorriko da Getxora eta 26an, saio bikotxa: musika euskalduna eta argentinarra batzen dituan Bitartean taldea; eta Astor Piazzolari omenaldia egingo deutsan Fabian Carbone.
Beste emonaldi bi dobakoak izango dira, irailaren 25ean. Umeentzako ikuskizun musikala ekarriko dabe Binefarreko titiriteroek eta birziklatutako materialez egindako musika tresnak joko ditu Trakamatrakak. Dobako saioetarako gonbidapenak dagoeneko eskatu leitekez Muxikebarrin edo Romo Kultur Etxean.
Getxoko Udaleko arduradunek azaldu dabenez, publiko eta gustu guztietarako emonaldiak atondu ditue Getxoko Folk Jaialdian, jatorri ugaritako artistez osotutako askotariko egitarauari esker.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!