Mikel Martinez: 'Antzerkia pantailan ikusteko ohitureak indarra hartu dau pandemian'
2021-08-09 08:01 BarriketanTartean Teatroko kidea.
Tartean Teatroak bere antzezlan historikoak zabaltzeko eta gizarteratzeko bide barri baten alde egin dau: interneten obren grabazinoak osorik, libre eta doban ipintea, nahi dauenak ikusi deizan. Garagarrilean ipini eben lehenengoa, Ghero: azken euskalduna. Ondoren, Pankreas eta Zergatik, Jamil? be eskuragarri jarri zituen. Abuztuan etentxua egin, eta irailean berrekingo deutsie bideoak igoteari. Tartean Teatroaren webgunetik bertatik gozau leiteke euskerazko antzezlanak ikusteko leiho barri horretaz.
Mikel Martinez aktoreak azaldu deuskuz ekimen honen nondik norakoak. Tartean Teatroaren arimea da Martinez, Patxo Telleriagaz batera. Pandemiaren eragin eta kalteez, formatu txikiko antzerkiaz, publikoa erakarteaz... egin dogu berba beragaz.
1.- Zuen obrei bigarren bizitza bat emongo deutsazue sarean. Nondik dator idea hau?
Normalean, gure antzezlanak grabau egiten doguz, era nahiko txukunean, hiru kamara erabilita. Gehienetan, grabazinoa estreinaldiaren egunean izaten da, adibidez Bilboko Arriaga Antzokian, leku ona da hori. Bideoak gordeta daukaguz, ez dira jente guztiarentzat eskuragarri egon orain arte, baina aspalditik buruan izan dogun kontua da sarean zabaltzearena. Behin obra baten birea edo zirkuitua amaituta, zergaitik ez jente guztiaren eskura ipini? Ba, orain hasi gara horretan, seguruenez pandemiak be pixka bat bultzatuta, interneteko edukien eskariak gora egin dauelako.
2.- Zer topauko dabe zaleek zuen webgunean?
Zarata gehiago egiteko edo arretea erakarteko, pentsau dogu lantzean behin grabazino bat igotea, danak batera ipini beharrean. Bagilean hasi ginan, garagarrilean segidu eta abuztuan deskantsua. Irailean barriro hasiko gara martxeagaz.
Tartean Teatrok lerro nagusi bi dituala esan geinke. Bata da Ez Dok Hiru, formatu antzekoa daben antzezlan batzuen moltsoa. Aktoreak beti izaten gara Patxo [Telleria] eta biok, umore ironikoa erabilten dogu. Hizkuntzeagaz eta euskal kultureagaz asko jokatzen dogu. Beste lerroan sartzen dira gure ganerako antzezlanak, hor nahaste handiagoa dago, drama zein komedia. Orain arte sarean ipini doguzanak bigarren lerro horretakoak izan dira, adibidez Ghero eta Zergatik, Jamil?. Uda ostean hasiko gara Ez Dok Hiru formatukoak sarean ipinten.
Obra batzuk orain dala urte bi, hiru edo gehiago egindakoak dira, gaur egun ez dagoz zirkuituan. Horregaitik, bideoei esker bigarren aukera bat emoten dogu horreek ezagutzeko. Ganera, zer egin dogun eta zertan ibilten garen jakiteko modua da.
3.- Alde teknikoa jagon dozue.
Bai, hiru kamara erabili doguz grabazinoetan, antzezlanen grabazino onak egitea ez dalako erraza, baliabideak behar dira. Antzokian ikusteagaz ezin da konparau, baina uste dot bideoetan ondo jaso dogula ikuskizuna eta antzerkia bera.
4.- Beste hizkuntza batzuetan ohikoagoa da antzezlanak pantailearen bidez ikustea?
Euskal kulturea txoko txikia da beste hizkuntza batzukaz konparauta, eta honetan be apur bat atzeratuago goaz, gauza gitxiago dagoz. Inportantea da espazio guztietara zabaltzea euskal kulturea, eta gu ahalegintzen gara geure ekarpena egiten. Normalean, geure eguneroko lanean antzokira eroaten dogu euskerazko antzerkigintzea, baina orain, bideo honeen bitartez, internetera be heldu gara. Antzerkia pantailearen bidez ikusteko ohitureak indarra hartu dau pandemian, berez antzerkia bizi eta gozetako modurik onena ez dan arren.
Ez da erraza antzerkia ondo grabetea, obrearen espirituari eutsita. Baina, interneten begiratu ezkero, gauza kuriosoak topau leitekez, ingelesez, gaztelaniaz... Antzokian egotearen parekoa ez da, baina nik gozau egin dot interneten obra bat baino gehiagogaz.
5.- Zelako publikoa izan dozue gogoan bideoak interneten ipinteko erabagia hartzean?
Ez dogu publiko zehatz bati begira egiten. Bestalde, egia da antzokietara jente gaztea gitxiago joaten dala helduak baino. Interneten, seguruenez, jente gazteagoa ibiliko da. Beharbada holan zaletuko doguz, eta hurrengo baten antzokian ikusi nahi izango dabe antzerkia.
6.- Online ez eze, oholtza ganean be ikusi geinke Tartean Teatroa asteotan, udan ez dozue geldialdirik egin.
Bai, emonaldi batzuk badaukaguz. Egia da gure antzerkia aproposagoa dala leku zarratuetarako, formatu txikikoa eta testuan oinarritua dalako. Horregaitik, neguagaz konparauta, udan ez doguz horrenbeste emonaldi izaten, baina aurten martxa onean gabiz. Bagilean eta garagarrilean ez eze, abuztuan be badoguz hitzordu batzuk, eta hori arraroa izaten da. Ondoren, irailean Bilboko Campos antzokian egingo doguz pare bat saio.
7.- Pandemiak kolpe handia jo deutsue zuzeneko ikuskizunak egiten dozuezanoi. Tartean Teatroak berreskuratu dau martxea?
Hasikeran kolpe handia hartu genduan, dana bertan behera geratu zalako. Simplicissimus Kabaret estreinau barria zan orduan, eta berbatutako emonaldi asko galdu genduzan, kalte handia izan zan. Geroago errekuperetea be ez da erraza, ze atzeratutako obrak pilotzen dira antzokietako egitarauetan. Halandabe, behin hasikerako etenaldia pasauta, ez gara txarto ibili. Uda ostean Ez Dok Ero estreinau genduan, formatu txikiagoan. Programazinoetan sartzea errazagoa izan zan eta jentearen artean arrakastea izan eban. Antzokietan edukierak txikiagoak dira orain, baina gu ezin gara kejau, dezente ibili gara batetik bestera. Pandemiako lehenengo lau-bost hileetan izan zan desastrea.
8.- Tartean Teatroak formatu txikiko antzerkia bultzatzeko ahalegina egiten dau: Lautan Hiru jaialdia, antzerkiko testuen lehiaketea... Obra txikiek be lekua behar dabela ikusten dozue?
Antzerki laburra interesantea begitantzen jaku, programetako errazagoa dalako, merkeagoa, eta publikoagaz hartu-emon hurrekoa eta beroa sortzen dauelako. Ganera, formatu handiagoko beste antzezlan batzuen hazia izan leitekez obra laburrak.
Pandemian aukera barriak emoten ditue obra txikiek, denporaldi baterako salbazinoa izan leitekez, baina hor badot pena bat: antzerki laburra oso gustuko dodan arren, ez neuke nahi pandemiaren erruz obra handiek lekua galtzea. Formatu txikia bultzatu behar dogu, baina izan daitela berez balioa daukalako, eta ez krisi batek behartu gaituelako.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!