Egoera barrira egokituta, bueltan da Lemoakustikfest
2021-08-06 12:50 MusikeaIrailaren 10ean eta 11n egingo dabe.
Egitarau osoa prest egoan arren, 2020ko Lemoakustikfest jaialdia bertan behera itxi behar izan eben, Covid-19aren pandemiagaitik. Lemoako Udalak azaldu dauenez, aurten be osasun egoerea ez da guztiz ona, baina, gogoetea egin eta gero, festibala berreskuratzea erabagi dabe, aldaketa batzuk eginda. Irailaren 10ean eta 11n izango da.
Musikeagaz eta kultureagaz batera, gastronomia izan da Lemoakustikfesten ezaugarri nagusietako bat hasieratik, garagardoaren eta elikagaien inguruko jarduera eta guzti. Pandemiagaitik ezarritako murrizketak kontuan hartuta, baina, 2021eko edizinoan ez da halakorik izango.
Hori bai, musikea gustuko dabenentzat, egitarau bikaina atondu dabe Lemoan. Hilaren 10ean, Kotxepin kultur etxea eta lorategiak agertoki nagusi dirala, Anari izango da kartelburua, eta Eneritz Furyak, Serge, Abereh eta Hartz be entzun ahal izango doguz.
Irailaren 11n, ostera, Kotxepinen izango da eguneko kontzertua, Sara Zozayaren eskutik.
Gogoan izan behar da kontzertu guztietan edukierea mugatuta egongo dala: emonaldi bakotxa baino 15 minutu lehenago zabalduko dabe atea, eta leku guztiak beteten diranean, ezin izango da beste inor sartu.
Hutsune bat beteteko sortu zan Lemoakustikfest. Izan be, areto barruko eskaintza kulturala egokia zan arren, aire zabalean musikaz eta bestelako ikuskizun batzuez gozetako aukerarik ez egoan Lemoan. Hortaz, udabarrian egiteko jaialdi hau sortu eben. Aurten, pandemiagaitik, udabarrian barik, udan egingo dabe.
Aldaketak aldaketa, betiko izakereari eutsiko deutso jaialdiak: Lemoako paraje ederrak erakutsi, herriko kaleak alaitu, musika akustikoa oholtzara eroan eta ohikoak ez diran formatu musikalei bultzadea emon.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!