Pozalaguako kobako kontzertuak hilaren 27 eta 28ra atzeratu ditue

Bizkaie! 2021-08-06 09:50   Musikea

BOS, Noa, Debajo del Paraguas eta Showbeat izango dira oholtzan.

Pozalaguako auditorioan izango dira kontzertuak (argazkia: Enkartur) | Ikusi handiago | Argazki originala

Eguraldi txarra iragarrita dagoala eta, Karrantzako Pozalaguako kontzertuen antolatzaileek aurtengo hitzordua atzeratzea erabagi dabe. Hilaren 6an eta 7an, hau da, gaur eta bihar, izan dira egitekoak, baina, antza danez, iragarrita dagoan giroa ez da halako paraje natural baten egoteko aproposa. Hortaz, programauta egon diran kontzertuak abuztuaren 27 eta 28ra pasau ditue.

Karrantzako Udalak azaldu dauenez, hasikeran esandako egunetarako erreserbak baliokoak izango dira data barrian be. Dana dala, erreserbea eginda daukan baten batek ezin badau joan abuztuaren 27 eta 28an, Udalari abisua emoteko eskatu dabe, gonbidapena beste persona bati emoteko.

Izan be, Pozalaguako kontzertuetara joatea doban dan arren, derrigorrezkoa da aurretik erreserbea egitea. Era horretara, Bizkaiko ondre natural baliotsua dan kobazuloan ez da jente gehiegi pilotuko. Ganera, pandemia sasoi honetan, edukierea kontroletako aproposa da gonbidapenen sistemea. 696 446 301 zenbakira deituta emoten ditue gonbidapenok.

Kontuak kontu, hasikeran iragarritako artistei eutsiko deutsela kontuan hartuta, hauxe da egutegi barria:

- Abuztuak 27, barikua: Bilboko Orkestra Sinfonikoa (BOS) eta Noa.

- Abuztuak 28, zapatua: Debajo del Paraguas eta Showbeat. Azken hori The Beatles taldearen omenezko ikuskizuna da. 

Egun bietako saioak 20:30ean hasiko dira. Pozalaguako kobazuloaren sarrera nagusiaren alboan dagoan auditorio naturalean ipiniko dabe oholtzea, Karrantza Haranaren ipar-mendebaldeko muturrean (Ranero auzora heldu eta handik gora eginda).

Armañon Parke Naturaleko eta, batez be, Pozalagua kobazuloko ondare natural aberatsa publikoari erakutsi eta naturea eta kulturea buztartzea dira Pozalaguako kontzertuen asmoa. Urtero egiten ditue, Karrantzako Udala, Enkartur, Eusko Jaurlaritzea eta Bizkaiko Foru Aldundia bultzatzaile dirala. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu